Hartu du Deustuko errektore kargua Juan Jose Etxeberriak

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 12a, 18:01

Juan Jose Etxeberria (beheko lerroan, erdian) eta bere lantaldea, kargu hartze ekitaldian. (Deustuko Unibertsitatea)

Atzo egin zuten azpeitiarraren eta haren errektoretza taldearen kargu hartze ekitaldia Deustuko Unibertsitatearen egoitza nagusian, Bilbon.

Joan den apirilaren 20an izendapenaren berri eman ondoren, Deustuko Unibertsitateak atzo egin zuen Juan Jose Etxeberria errektorearen eta haren lantaldearen kargu hartze ekitaldia, Bilboko campusean.

Kargu hartze hitzaldian, eraldatze beharraz aritu zen Etxeberria. Deustuko Unibertsitatearen gaur egungo asmoa "gizartea eraldatzen laguntzea" da, Etxeberriaren esanetan, eta hori jesuiten unibertsitatearen "balio bereizgarrietatik abiatuta" egin nahi dute: "Jesusen Lagundiak funtsezko aukeratzat dituen lehentasun apostolikoek gidatzen gaituzte, eta 2030 Agendak, adostasun sozial global modura. Horretarako, gizartearen beharrak entzuten ditugu eta behar horiei erantzunak eskaintzen dizkiegu. Ideia horiek aukera eta proiektu zehatzetan gauzatu ditugu gure plan estrategikoan. Horrela bermatzen dugu gure zerbitzua sozialki garrantzitsua dela eta etorkizunean ere eutsi ahal izango diogula".

Aipatutako plan estrategikoan Deustukoa "eraldatzen den eta eraldatu egiten duen unibertsitatea" dela baieztatzen dutela aipatu zuen Etxeberriak; "geure burua arin eraldatzea ezinbesteko baldintza da gure bikaintasuna mantentzeko", gaineratu zuen. Eraldaketa asmo horrekin lotu zituen Abaltzisketan (Gipuzkoa) jaiotako azpeitiarrak errektoretza talde berrian egin dituzten aldaketak eta moldaketak; besteak beste, errektoreordetza batzuk berrantolatu ditu, eta hizkuntza politika berariazko arlo bihurtu du. "Gai hori oso garrantzitsua da Deusto bezalako unibertsitate batentzat, euskararekin konprometituta dagoelako eta nazioartera zabaltzearen alde egin duelako", adierazi zuen Etxeberriak kargu hartze hitzartzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide