Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi du nork botako duen San Inazio jaiei hasiera emango dien txupinazoa: adinekoen zaintzan aritzen diren herritarrek izango dute jaien hasierako suziria botatzeko ardura. Hain zuzen ere, San Martin egoitzako, etxez etxeko zerbitzuko nahiz eguneko zentroko langileek eta etxeetako langile egoiliarrak izango dira uztailaren 30ean udaletxeko balkoi nagusian, udal ordezkariekin batera.
Udalak azaldu duenez, asko dira adinekoen zaintzan aritzen diren profesionalak, eta zaintzak emakumeen aurpegia duela zehaztu du, txupinazoan ere emakumeak izango direla protagonista gogorarazita. Zehazki, zaintza lanetan aritzen diren beharginen lau ordezkarik botako dute suziria: Laia Juez, Mailu Etxeberria, Maryuri Ninoska eta Eider Irureta. Udalaren arabera, egiten duten lana eskertzeko eta aitortzeko asmoz, aurtengo txupinazoaren unean zaintza eta zaintzaileak izango dira festaren erdigunean.
Juezek 41 urte daramatza etxez etxeko zerbitzuan lanean, Etxeberriak 25 urte eguneko zentroan, Ninoska behargin egoiliarra da eta Eider Irureta San Martin egoitzako langilea. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldu duenez, horiek denek adinekoen zein haien familiakoen bizi kalitatea hobetzeko lanetan aritzen dira: "Lan sektore konplikatua da zaintzarena; feminizatua, kasu askotan gutxi eskertua eta prekarizatua. Azken urteotan bereziki agerian gelditu da zaintzak duen garrantzia zenbaterainokoa den eta zeinen garrantzitsua den zaintzaileak zaintzea".