Hementxe bertan

Brianna Jara: "Euskaraz bizitzeko aukera izan dut"

Unax LarraƱaga 2023ko abu. 5a, 09:00

Brianna Jara. (Utzitakoa)

Azpeitian eta Beizaman zortzi hilabeteko egonaldia egin ondoren, duela hilabete itzuli zen etxera Brianna Jara (Beaumont, Kalifornia, 2000). Euskal Herrian egin duen egonaldian, Karmelo Etxegarai Ikastolan ingeleseko hizkuntza laguntzaile lanetan aritu da, eta Azpeitiko Euskaltegian euskara ikasteko denbora ere izan du. Hark dioenez, "bertako jendeak" egin du haren egonaldia eder. 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrrizketa da honakoa.

Nolatan iritsi zinen Azpeitira?

Kaliforniako San Bernardino Unibertsitatean ari naiz ikasten, eta hizkuntzan eta kulturan oinarritutako elkartruke programan eman nuen izena. Onartu nindutenean, hainbat lekuren artean hautatu behar izan nuen, eta nire aukeren artean zegoen Euskal Herria. Interneten begiratu nuen, eta mendiz eta landarez jositako toki bat zela ikusi nuen, baita bertako jendea oso aktiboa zela ere. Irakurri nuen guztia gutxiegi zen lekua irudikatzeko; horra iritsi nintzenean ulertu ahal izan nuen paisaia zeinen berdea den eta bertako jendeak mendira joateko zer-nolako grina duen. Zur eta lur geratu nintzen, adibidez, Xoxote igotzen ari nintzela, aita bat umea bizkarrean hartuta mendian gora ikusi nuenean.

Zenbat denbora egin duzu Euskal Herrian?

2022ko urriaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra arte egon naiz Euskal Herrian; zortzi hilabetez, guztira. Hiru familiaren etxeetan egon naiz; horietako bi Azpeitikoak ziren, eta bestea, Beizamakoa.

Zer egin duzu egonaldian?

Karmelo Etxegarai Ikastolan aritu naiz ingeleseko hizkuntza laguntzaile lanetan, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleekin. Nire lana ingeleseko ikasgaian laguntza eskaintzea zen, gehienetan talde txikiekin mintzapraktika ariketak egiten edota entzumenezko ulermena lantzen. Lanetik kanpo, Azpeitiko Euskaltegira joaten nintzen astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, eta ostiraletan, berriz, gitarra ikastera.

Nolakoa izan da egonaldia?

Zorte ona izan dut tokatu zaizkidan familia anfitrioiekin; izan ere, ongietorri bikaina egin zidaten. Egin dudan egonaldia esperientzia ezin hobea bilakatu dute. Herriko kafetegiak, tabernak eta jatetxeak erakutsi dizkidate, eta inguruko mendiak, hondartzak, hiriak eta Euskal Herri osoko txoko ugari bisitatzeko aukera izan dut. Bertako jateko goxoak ere prestatu dizkidate, eta haien lagunak eta familietako kideak aurkeztu ere bai. Bigarren etxea izan banu bezala sentitu naiz Euskal Herrian. Ezin dut hitzekin adierazi zeinen ongi pasatu dudan jende berria ezagutzen eta zenbat gozatu dudan haiekin pasatutako denbora.

Ongi etorria sentitu al zara Azpeitian?

Bai! Ezin dut ongi azaldu zeinen zoriontsua izan nintzen Azpeitian. Herritarrek egin zuten nire egonaldia hain eder.

Zer gustatu zaizu Azpeititik gehien?

Egin ditudan lagunak, herriko saltokiak, kafea, gazta, mendiak, mendi gailurretako lainoak, txakolina...

Zer ezberdintasun daude Azpeitian eta Kalifornian bizitzearen artean?

Azpeitia oso berdea da, natura ugari du inguruan. Herrian oinez ibil zaitezke, gainera, Beaumonten ez bezala; han autoz joan behar izaten dut toki guztietara. Oso gustuko nituen Azpeitian oinez ibiltzea eta mendira igotzea.

Euskara ikasteko denbora ere izan duzu, ezta?

Bai! Asko ulertzen dut, baina oraindik asko geratzen zait ikasteko. Euskaltegira joan nintzen sei-zazpi hilabetez, astean sei orduz. Lan handia izan da, baina baliagarria ere bai. Batzuetan lotsa ematen zidan euskaraz hitz egiteak, ez bainaiz oso hiztun ona. Gainera, Euskal Herriko herri bakoitzean desberdin hitz egiten da euskara. Zorte ona izan nuen, irakasle bikaina egokitu baitzitzaidan Euskaltegian. Bestalde, Azpeitian eta Beizaman euskaraz bizitzeko eta euskara arnasteko aukera bikaina izan dut, eta horri esker, azkarrago ikasi ahal izan dut. Orain, praktikatzen jarraitzea da erronka.

Euskal Herrira itzuliko al zara?

Zalantzarik gabe, itzuliko naiz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide