Egun gutxi falta dira jaiak Azpeitira iristeko. Asteburuan izango dira festetako lehen ekitaldiak, eta abuztuaren 2ra bitartean ez da jai girorik faltako. Atzo aurkeztu zituzten aurtengo festak udal ordezkariek nahiz herriko eragileetako kideek; izan ere, erakundeak eta taldeetako kideek elkarlanean prestatu dute aurtengo jaietarako egitaraua.
Zapatuko Umeen Eguna izango da festetako lehen egun handia, baina dena den, ostiralean ere izango dira ekintzak. Hain zuzen ere, hondar eskulturen tailerra eta judo erakustaldia izango dira egun horretan. Larunbatean, berriz, ohiko moduan, umeentzako eta gaztetxoentzako ekitaldi ugari izango dira goizean hasita, eta hain entzutetsua den erraldoien kalejira ere egun horretan izango da.
Aurtengoan ere dozena inguru herritako eta hiritako erraldoiek parte hartuko dute kalejiran, hala nola Azkoitikoek, Bergarakoek, Zarauzkoek, Elgoibarkoek, Txantreakoek, Urduñakoek, Errotxapeakoek, Iruñekoek, Irungoek, Añorgakoek, Hernanikoek, Buztintxurikoek, Barañaingoek, Tafallakoek, Mendillorrikoek, Zizur Nagusikoek eta Azpeitikoek.
Aurtengo santioetarako eta saninazioetarako ia ehun ekitaldi antolatu dituzte, orotara, eta horixe azpimarratu du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak. "Denetarik eta denentzako ekitaldiak izango dira. Kultura, kirola zein aisialdiko ekintzak antolatu ditugu, eta aurten, bereziki, gaztetxoentzako ekintzak indartzen saiatu gara". Egitarauko zerbait azpimarratzea zaila dela aitortu badu ere, hainbat aipatu ditu hark: "Haurren Eguneko erraldoien lehiaketa; Deñe, Chambao, Piztiak, Puro Relajo eta Pantxoa Karrereren kontzertuak; sagardo, gazta eta ganadu txapelketak; Tio Teronen Semeaken ikuskizuna; eta Bakailao Txapelketa aipatuko nituzke. Izan ere, bada zer aukeratua".
Festen antolaketan buru-belarri aritu diren norbanakoei eta eragileei eskerrak eman dizkie Odriozolak, herritarrek eta bisitariek festez gozatu ahal izateko beste hainbat herritarrek lan egiten dutela azpimarratuta. "Norbanako, eragile eta udal langile guztiei eman nahi dizkiet eskerrak, guztien koordinaziorik gabe ezinezkoa izango lizatekeelako antolatu dugun egitaraua prestatza".
Adinekoen zaintzaileak protagonista
Umeen Egunaren eta Santio Egunaren ostean iritsiko dira saninazioak, eta aurten, adinekoen zaintza lanetan aritzen diren herritarrek izango dute festen hasierako suziria botatzeko ardura. Hain zuzen ere, San Martin egoitzako, etxez etxeko zerbitzuko nahiz eguneko zentroko langileek eta etxeetako langile egoiliarrak izango dira uztailaren 30ean udaletxeko balkoi nagusian, udal ordezkariekin batera.
Erasorik gabeko festak
Festak gozatzeko badira ere, tamalez, jaietan eraso matxistak "areagotu" egiten direla salatu du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak. Hori dela eta, jaien atarian, urtean zehar egiten duten eraso matxisten aurkako lanketa indartsu egin dutela azaldu du. Hori dela eta, Baietza soilik da baietz legearen inguruko hitzaldia antolatzeaz gain, erasoen aurrean festa guneetan nola jokatu behar den azaltzeko protokoloa egokitu eta azalpenak emateko bilera erronda egingo dutela jakinarazi du.
Berdintasuna landuta erasoak saihestea eta horiei aurre egitea lehentasuna badira ere, prebentzioa da gakoa, haren arabera. "Festetan zein urte osoan landu eta bultzatzen ditugu indarkeria matxistaren eta gizarte parekideagoa osatzeko politikak", esan du. Festetan herritar orok ondo pasatzea merezi dutela gaineratu du, saninazioak herritar guztiak "libre, gustura eta seguru" sentitzeko direla adierazita. Haren ustez, herritar guztien esku dago hori horrela izatea: "Arretaz ibil gaitezen inguruan gertatzen denaz ohartzeko, zerbait sumatuz gero, erasoak aurreikusteko eta laguntzeko, babesteko eta arreta eskaintzeko".
Nik xinisteñat kanpainaren barruan, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko dute festetan. Herritarrak indarkeria matxistaz kontzientziatzeko informazio puntua jarriko dute Plaza Txikian. Emakumeek, eta batez ere neska gazteek, jaietan indarkeria sexistari lotuta dituzten bizipenak, haien iritziak eta gaiaz dituzten interesak jasotzeko ez ezik, babeserako eta elkartasunerako gunea ere izango da. Gainera, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dituzte gune horretan.
San Inazio jaietako hiru egunetan izango da gunea zabalik: San Inazio bezperak 18:00etatik 06:00etara; San Inazio egunean 20:00etatik 04:00etara; eta San Inazio bigarrenean, 18:00etatik 06:00etara bitartean.
Hona hemen datozen egunetako festa egunetako egitarau osoa:
- Ostirala, uztailaren 21a
- 11:00-13:00 eta 16:00-19:00. Andoni Bastarrikaren hondar eskultura tailerra, plazan.
- 19:00. Kodaore judo klubekoen erakustaldia plazako kioskoan.
- Zapatua, uztailaren 22a, Umeen Eguna
- 11:00. XX. Azpeitia Hiria Rallya, epaitegiaren aurreko plazan hasita.
- 11:00. Goiz eresia, korporazio txikiarekin, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin.
- 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa plazan.
- 13:00. Erraldoien desfilea egingo dute. Azkoitiko, Bergarako, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Errotxapeako, Iruñeko, Irungo, Añorgako, Hernaniko, Buztintxuriko, Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Zizur Nagusiko eta Azpeitiko erraldoiek parte hartuko dute.
- 14:00. Haurren eta gaztetxoen bazkaria.
- 16:00. Haurren jolasak eta kalejira.
- 18:00. Oihan Vega DJaren emanaldia, plazan.
- 22:30. Nogen taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.
- Astelehena, uztailak 24, Santio bezpera
- 19:00. Euskorleans Dixie Band taldearen kalejira Alde Zaharrean.
- Asteartea, uztailak 25, Santio Eguna
- 10:00-14:00. 38. Cesar Valverde txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen eskutik.
- 10:55. Urolakoen Nafar Zuzterrakekoen kalejira, Perez Arregi plazatik hasita.
- 11:00. Urolakoen Nafar Zuzterraken Nafartasunari gorazarre ekitaldia, plazan.
- 11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa, Astotegian.
- 11:00. XXIII. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan.
- 12:00. 49. Sagardo Txapelketa, plazan.
- Ordu horretan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitia jotzen.
- 13:00. Kantujira, Hazparneko bizilagunek lagunduta, Sanagustinpetik hasita.
- 18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
- 18:00. Iratxoen kantu sekretuak emanaldia, Balentina Agirre plazan.
- 18:30. Jaineken txaranga Landetatik abiatuta.
- Uztailak 26, asteazkena
- 16:00-20:00. Ur parkea Esklabetako elizaren aurreko zelaian.
- Uztailak 27, osteguna
- 19:00. Desenkajonamendua, zezen plazan.
- 22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua.
- Uztailak 28, ostirala
- 19:00. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan.
- Ondoren, parrilada.
- 20:30. Leok'k taldearen kontzertua, Balentina Agirre plazan.
- 22:00. Deñeren kontzertua, Balentina Agirre plazan.
- Uztailak 29, larunbata
- 18:00. Artzain-txakur txapelketa, Jesus eta Maria komentuaren aurreko zelaian.
- 19:00. Herriko DJen emanaldia, plazako txosnan.
- 20:00. Piztiak, The Cure Sans eta Ukabil taldeen emanaldiak, Perez Arregi plazan.
- Uztailak 30, igandea, San Inazio bezpera
- 11:00. Hamaiketakoa, plazan.
- 12:00. Txupinazoa, plazan.
- Ondoren, Udal Musika Bandaren, Izarraitz txistulari taldearen, Eltziegoko gaiteroen nahiz erraldoien eta buruhandien kalejira.
- Segidan, Skapaie elektrotxarangaren emanaldia.
- 12:30. Arratsaldeko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 15:00. Herri bazkaria, plazan.
- 16:00. Apar festa Matxinada plazan.
- 17:00. Jolasak, txosnagunean.
- 17:30. Bigantxak Done Jakue kalean.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren atarian.
- 18:00. Goazen musikala, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Meza eta bederatziurrena Loiolako basilikan. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Parrokiako Abesbatzak abestuko dute. Itziar Urbieta ariko da organoa jotzen.
- 19:00. Los incansables txarangaren kalejira.
- 19:00. Elektrokela elektrotxarangaren kalejira.
- 20:00. Josu Rodriguez eta Davila DJak, plazan.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera.
- 22:00. Pantxoa Karrereren kontzertua, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Manitu taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.
- 23:30. Muxutruk taldearen erromeria, txosnagunean.
- Uztailak 31, astelehena, San Inazio eguna
- 09:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren, Eltziegoko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.
- 10:10. Udal korporazioa Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango da plazatik.
- 10:30. Prozesioa Alde Zaharrean.
- 11:00. Meza, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.
- 12:30. Gauerdi txaranga kalez kale.
- 12:30. Arratsaldeko zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 12:30. Bigantxak Done Jakue kalean.
- 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
- 17:30. Bigantxan, Done Jakue kalean.
- 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren atarian.
- 18:00. Gaztetxoentzat karaokea, Matxinada plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 18:30. Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua dantza emanaldia plazan.
- 19:00. Oria txarangaren kalejira, Landetatik hasita.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera.
- 20:30. Parrillada, plazan.
- 22:00. Checkboyz taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:00. Su festa, Izarraizko Atea parkean.
- 23:30. Chambao taldearen kontzertua, plazan.
- 00:30. Mehatxuka taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 02:00. Istilu taldearen kontzertua, txosnagunean.
- Abuztuaren 1a, asteartea, San Inazio bigarrena
- 10:00. Izarraitz txistulari taldearen, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen goiz eresia.
- 10:30. Herriko agintariek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Loiolan.
- 11:00. Meza, Loiolako basilikan. Parrokiako Abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, eta Itziar Urbietak joko du organoa.
- 12:00. Aire Ahizpak kalez kale.
- 12:00. XII. Bakailao Txapelketa, plazan.
- 12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa.
- 15:00. Bakailao Txapelketako bazkaria, Azoka Plazan.
- Ondoren, bakarrizketa saioa.
- 16:30. Gaztetxoen patata tortilla txapelketa, Matxinada plazan.
- 17:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.
- 18:00. Garbijai kale animazioa, Balentina Agirre plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Los Pasai txaranga.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
- 22:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 22:00. Obaneuke taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:30. Bulego taldearen kontzertua, plazan.
- 01:00. Rodeo taldearen kontzertua, txosnagunean.
- 02:30. Maixa eta Malakiasen kontzertua, txosnagunean.
- Abuztuak 2, asteazkena, San Inazio hirugarrena
- 06:00. Incansables txaranga Alde Zaharrean.
- 07:00. Bigantxak Done Jakue kalean.
- 08:30. Suziriarekin, jaien bukaera.