Sagardoa, txekor errea, gazta nahiz ganadua izango dira, besteak beste, biharko protagonistak. Santio Egunez, askotariko ekitaldiak izango dira herrian, eta herritarrek festarako ez ezik, jan-edanerako tartea ere izango dute.
Goizean Cesar Valverde zenaren oroimezko txapelketaren 38. edizioako finalekin hasiko dira ekitaldiak. Izarraitz pilotalekuan izango dira mailaz mailako lehiak, 10:00etatik aurrera. Gainera, ordu horretan bertan, kaleak girotzen ariko dira Udal Musika Banda eta Izarraitz txistulari taldea. Gero, Urolakoen Nafar Zuzterrakekoek Nafarroako banderari gorazarre egingo diote plazan, ekitaldi baten bueltan, eta eskualdeko hainbat arrazatako –limusin, blonda eta pirenaika– ganaduen erakusketa izango da Astotegian.
Eguerdian txapelketen txanda izango da. Hain zuzen ere, Idiazabal jatorri deitura duten gazta lehiaketaren 23. edizioa egingo dute, baita Sagardo Txapelketaren 49. aldia ere. 12:00etan hasita egingo dute sagardo txapelketa, eta orotara, 23 sagardotegi ariko dira lehian: Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Zubieta), Itxasburu (Hernani), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Eula (Urnieta), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia) eta Zabala (Aduna).
Sagardo txapelketa egin bitartean, sagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, baita txekor erre eta hegaluze pintxoak dastatzekoa ere. Pintxoekin biltzen duten dirua garapen bidean diren herrialdeetara bideratuko dute. Gainera, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia izango dira bertsotan plazan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. Halaber, Kantujira egingo dute herritar hainbatek, Hazparneko lagunekin batera.
Arratsaldean, berriz, Errekortarien Txapelketa izango da zezen plazan, eta haurrei zuzendutako Iratxoen kanta sekretuak emanaldia ere bai, Balentina Agirre plazan. 18:30ean, berriz, Jaineken txaranga ariko da kalez kale giroa alaitzen.
Hona hemen Santio Eguneko egitaraua:
10:00-14:00. 38. Cesar Valverde txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen eskutik.
10:55. Urolakoen Nafar Zuzterrakekoen kalejira, Perez Arregi plazatik hasita.
11:00. Urolakoen Nafar Zuzterraken Nafartasunari gorazarre ekitaldia, Sanagustin kulturgunean.
11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa, Astotegian.
11:00. XXIII. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan.
12:00. 49. Sagardo Txapelketa, plazan.
Ordu horretan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitia jotzen.
13:00. Kantujira, Hazparneko bizilagunek lagunduta, Sanagustinpetik hasita.
18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
18:00. Iratxoen kantu sekretuak emanaldia, Azoka Plazan.
18:30. Jaineken txaranga Landetatik abiatuta.