Santioak eta saninazioak 2023

Duela ehun urteko Urola

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 19a, 09:00

Duela ehun urte argitaratu zuten 'Urola' aldizkaria. (Iñaki Martinez)

1923ko uztailaren 31n, San Inazio egunez, Urola aldizkariaren lehen alea argitaratu zuten Azpeitiko gazte batzuek. Proiektuari jarraipena emateko asmoa zuten arren, hartan geratu zen.

Azpeitian ate joka dira santioak eta saninazioak, eta egunotan ari dira festetako egitaraua etxez etxe banatzen. Hori da ohitura, jaiak hasi baino egun batzuk lehenago liburuxka etxeko buzoian jasotzea, azken hamarka- detan horrela egin izan delako. Azpeitiko Udal Liburutegian gordeta duten festetako programarik zaharrena duela 92 urtekoa da; 1931koa, hain zuzen ere. San Inazio egunez festa egiteko ohitura, aldiz, askoz zaharragoa da. Loiolako Inazio 1609ko abenduan beatifikatu eta Azpeitiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko patroi izendatu zuten, eta harrezkero, haren heriotza egunaren urteurrena, uztailaren 31, jaieguna izaten da leku horietan.

Bada, baina, saninazio festen aitzakian 1931ko egitarau hura baino lehen ateratako beste argitalpenik: 1923ko uztailaren 31n argia ikusi zuen Urola aldizkaria. Aurtengo San Inazio egunean ehun urte beteko dira aldizkari hura kaleratu zutela.

32 orrialde zituen aldizkariak, gehien-gehienak gaztelaniaz idatziak, baina tartean baziren euskarazko pare bat artikulu ere. Lehen orrian, erredakzio taldearen sinadurapean, aldizkaria argitaratzearen zergatiak eta helburuak azaldu zituzten sortzaileek. Pentsaera politiko jakin batera lerratu gabe, Gipuzkoako herritarrei eskualdeko egunerokoaren berri emateko helburua zutela zioten artikuluan, herrien arteko loturak indartzekoa, eta lehen alea uztailaren 31 bezalako egun seinalatu batean kaleratzea erabaki zutela, gipuzkoar guztiek emozioz bizi duten eguna dela iritzita.

Urola aldizkariak era askotako artikuluak jaso zituen hurrengo orrialdeetan. Ignazio Perez Arregi diputatu probintzialak Urolako trenbideari buruz idatzitako bat; Union Azpeitianako presidente Ignazio Juaristik kirola egitearen garrantziari eta ordurako indarra hartzen ari zen futbolari buruz idatzitako beste bat; Karmelo Etxegarai kronikagileak azpeitiar ilustreei eta, zehazki, Frantzisko Segurola Olideni buruz idatzitako bat... Horiez gain, denborapasei, hausnarketara bultzatzen zuten esaldi eta pentsamenduei eta olerkiei ere egin zieten tartea argitalpenean. Eta publizitateak ere bazuen lekua; leku dezente, gainera. Zes- toa eta Zumarraga arteko doze- naka negozioren iragarkiak bil- tzen ditu aldizkariak: hotelak, jatetxeak, altzari dendak, industria sektoreko enpresak, medi- kuak, arropa dendak, kirolerako artikuluenak, autoak konpontzeko tailerrak...

Aldizkari ia guztia gaztelaniaz idatzita zegoen arren, euskarazko bi artikulu ere jaso zituzten: Julian Elortzak sinatua bata, eta Euzkaldun sendagile’ena delako batek sinatua bestea. Elortza Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentea zen garai hartan, eta hala dio artikuluan ere, bere herritar bihotzekoek jaso zutela kargu horretara, "haiengandik jaso zituela ezin esan ahalako begiramen eta laguntza", eta horregatik eskertuta zegoela. "Naizen guztia nere eŕiari zoŕ diot" dio Elortzak: "Azpeiti’n jaio nintzan, beŕtan nere bizitzako urte onenak igaro ditut, bertan il nai nuke". Galdetzen du nola ez duen maitatuko "txoko edeŕ au", "Azpeitiaŕak badira Euzkal-Eŕiaren seme zintzoenak eta Eliza Ama Santa’ren seme fedetsuenak".

Euzkaldun sendagile’enak sinatutako artikuluak, berriz, "Euzkerarako zaletazuna" du izenburu, eta Azpeitiko "gazte bulaŕtzu batzuek" sortutako aldizkarian euskarari lekua egitearen garrantzia eta beharra aldarrikatzen ditu lehen lerrotik azkenengora arte. Euskarak ezertarako balio ez duela diotenak gogor kritikatzen ditu, baita horrenbeste hitz berrirekin euskara ulergaitz bihurtzen ari dela diotenak ere. "Ai zazu aizkiria erantzungo diogu; edo zeŕ gaietan uleŕtu edo entenditzeko ikazten oŕetarako, jaŕdun egin beaŕ da".

Gaztelaniak eta gainontzeko hizkuntzek hitz berriak "iñoŕ ikaratu gabe" erabiltzen hasteko baimena dutela dio artikuluan, "teléfono, ezate baterako", eta eskubide eta aukera berak eskatzen ditu euskararentzat ere. "Ezin genezake geiago luzatu; euzkaldunak politika alde batera utziaz, ikazi euzkeraz; uzte gabe zaŕtuko zaizute baŕen baŕeneraño euzkararentzako zaletazuna". Urola-ren sortzaileek justu duela ehun urte argitaratutako lehen ale hari jarraipena emateko asmoa adierazi zuten arren, proiektuak ez zuen jarraipenik izan, ez behintzat aldizkari formatuan. Interesa duenak Azpeitiko Udal Liburutegian eskura du aldizkari originalaren kopia bat, kontsultarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide