Pablo Soraluze: "Erronka izan da eskulturak emanaldi musikal batean era aktiboan txertatzea"

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 20a, 11:39

Donostian eskaini zuten 'Zure eskutik mundurantz' emanaldiko irudia. (Alberto Beloki)

Udako Musika Printzak egitasmoko hirugarren eta azken kontzertua berezia izango da. Loiolako basilikan, arte diziplina bat baino gehiago uztartzen dituen Zure eskutik mundurantz emanaldiaz gozatu ahal izango dute herritarrek zapatuan, 20:30ean hasita. Pablo Soraluze (Azpeitia, 1976) eskultorearen obra oinarri hartuta sortutako ikuskizuna da larunbatekoa, eta Uztarria.eus-ek harekin hitz egin du hitzorduaren atarian.

Zure eskutik mundurantz ekitaldi artistikoa izango da zapatuan Loiolan. Nola
deskribatuko zenuke ekitaldia?

Musika, dantza, ahotsa, poesia eta arte plastikoak biltzen dituen emanaldi berezia dela aipatuko nuke. Bertara joango dena barnera begira jarri nahi dugu arte diziplina ezberdinez baliatuz. Benetan, emanaldi berezi bezain ederra izango delakoan nago; kalitate handia duten artista ezberdinen elkarlanean sorturiko ekitaldia, bere originaltasunean bitxia eta gaur egun leku gutxitan ikusi daitekeena. Aipatzekoa da, gainera, lau azpeitiarrek parte hartuko dugula bertan.

Eskultorea zara, eta zure obran oinarritzen da lana. Zertan, zehazki?

Emanaldia orain dela lau urte Donostian egin nuen erakusketa baten ondorioa da. San Juan de la Cruz poeta eta mistikoaren poema baten inguruan osatu nuen erakusketa; eskulturak haren poema baten bueltan uztartzen saiatu nintzen. Erakusketari lotutako ekitaldi artistiko-musikala egitea proposatu nion Ignacio Arakistaini, eta hark segituan onartu zuen erronka. Hala, Donostiako Alde Zaharreko San Bizente elizan egin genuen emanaldia. Emaitzarekin eta izandako oihartzunarekin oso gustura gelditu ginen, eta emanaldia Azpeitian egiteko ilusioa piztu zitzaigun.

Nola osatu duzue Azpeitiko ekitaldia?

Ekitaldi honetarako, San Juan de la Cruzen testuaren moldaketa egin du Juan Kruz Igerabide idazleak, eta ekitaldia moldaketa eguneratu horren inguruan osatu da. Izan ere, testuak ematen die zentzua konposaketa musikal, abesti, eskultura eta dantza guztiei. Ekitaldia aurrera eramateko ezinbestekoa izan da Arakistainek egin duen lan guztia.

Zer-nola banatu duzue emanaldia?

Emanaldia, orokorrean, giza esperientziak dituen sentimendu sakonenei erreparatuz antolatuta dago: maitasuna, beldurra, bakardadea, itxaropena… Giza egoera horietako bakoitzak egituratzen du emanaldiaren nondik norakoa.

Zuk nola parte hartu duzu ekitaldiaren sorkuntzan?

Ignaciorekin batera, emanaldiari zentzua eta estruktura ematen aritu naiz ni. Bestalde, nire eskulturak ekitaldiaren parte direnez, horiek elementu dekoratzaile bat gehiago izaten ez bukatzea izan da erronka nagusiena. Hain zuzen ere, erronka izan da eskulturak emanaldi musikal batean era aktiboan txertatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide