Santioak eta saninazioak 2023

Betiko osagaiekin dator Santio Eguna

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 20a, 09:36

2023ko Santio Eguneko Sagardo eta Gazta Txapelketaren aurkezpena, AƱotan. (Maialen Etxaniz)

Sagardogileak, ganaduzaleak eta gaztagileak izango dira protagonistak uztailaren 25eko festa egunean. Aurten, 49. Sagardo Txapelketa jokatuko dute, eta hogeita hiru sagardogilek parte hartuko dute sariketan. 3.300 botila inguru banatzea aurreikusten dute. 23. Gazta Txapelketan hogeita lau gaztagileak parte hartuko dute. Egunean zehar askotariko ekintzak izango dira haurrei nahiz helduei zuzenduta. 

Ate joka dago Santio Eguna, eta ganaduzaleek, sagardogileek nahiz gaztagileek dena prest dute baserritarren egunerako. Atzo egin zuten Santio Eguneko ekintzak iragartzeko ohiko agerraldia Añota Sagardotegian, eta han azaldu zituzten aurtengo egitarauaren jakingarriak. Aurten, ez da berritasun nabarmenik izango, eta ohiko osagaiekin ospatuko dute baserritarren festa. Sagardoa, gazta, txekorra, hegaluzea eta jaia izango dira protagonistak uztailaren 25ean Azpeitiko Plazan. Ganadu feriak ere ez du hutsik egingo. Aurten, eskualdeko ganadu erakusketa izango da Astotegian, Azoka Plazaren atzealdean eta Zelai Luzen. Zehazki, Limusin, Bloda eta Pirenaika arrazetako ganadua izango da ikusgai 11:00etatik aurrera.

Sagardoa, nahi beste

Aurten, 49. Sagardo Txapelketa jokatuko dute Santio Egunez, eta iaz bezala hogeita hiru sagardogilek parte hartuko dute sariketan. Iazko sagardogire berak izango dira sariketan parte hartuko dutenak, eta horiek 3.300 botila inguru banatzea aurreikusten dute. Sagardoa basoan edo kopan hartzeko aukera izango dute herritarrek, eta edalontzia bost euro ordaindu beharko dute. Edalontzia ordaindu ostean, nahi beste sagardo dastatzeko aukera izango sagardozaleek. 

Honako hauek izango dira dastatu ahal izango diren sagardoak: 

Itxasburu (Hernani), Eula (Urnieta), Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egiluze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien-Herrero (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia-Zarautz) eta Zabala (Aduna).

Jatekoa ere, aukeran

Sagardo Txapelketa ez ezik, 23. Gazta Txapelketa ere jokatuko da Santio Egunez. Aurten, Idiazabal jatorri deituradun hogeita lau gaztagilek parte hartuko dute sariketan. Azoka Plazan jokatuko dute txapelketa, eta han izango dira epaimahaikideak 11:00etatik aurrera 2023ko gaztarik onena zein den aukeratzen. Txapelketan parte hartzeaz gain, hainbat izango dira postua jarri eta gazta salduko duten gaztagileek. Beraz, haien gazta dastatzeko aukera ere izango dute herritarrek. 

Urtero bezala, txekorrik eta hegaluzerik ez da faltako uztailaren 25ean. Txekor, hegaluze eta gazta pintxoak bi eurotan eskuratu ahal izango dira. Irabaziak Kilimanjaroko eta Venezuelako bi proiektutara bideratuko dituzte. Venezuelako kasuan, Fe y Alegriak dituen eskola indigenetara bideratuko da irabazien zati bat: hezitzaileen formakuntza indartzeko, hezkuntzarako materiala berritzeko, naturarekiko errespetua eta zaintza kanpainak bultzatzeko eta  kulturarteko hezkuntza sustatzeko. Diru laguntza Jesuiten Fundazioaren bitartez bideratuko da. Kilimanjaroko proiektuaren kasuan, Moshi herrixkan dagoen haurrentzako eskolara bideratuko da dirua. Iaz jarri zen martxan proiektua, eta haren antolaketa eta gastuak arintzeko bideratuko da txekorrarekin irabazitako dirua. Proiektu hori  Misiones Salesianas komunitatea bultzatzen ari da. Eskolaz gain,  auzotarrentzat etxalde bat ere antolatzen ari dira, "beraiekin batera, bizimodu duin autonomoagoa  lortzeko eta pobreziari ahal den neurrian aurre egiteko". Mikel Garmendia misiolari azpeitiarra izango da bitartekari.

Sagardo eta Gazta Txapelketak jokatu bitartean, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariak kantuan arituko dira kioskotik, eta Xebastian Lizaso aurkezle lanetan arituko da. Laja II, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitalariek musikaz eta kantuz girotuko dute herriko plaza.

Eguerdikoa izango da hitzordurik jendetsuena, baina beste hainbat ekintza ere izango dira Santio Egunez. Besteak beste, goizean Cesar Valverde txapelketaren finalak jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, Urolakoen Nafar Zuzterrakek Nafartasunari gorazarre ekitaldia eskainiko dute, eta arratsaldean, Errekortarien Txapelketa jokatuko da zezen plazan, Iratxoen kantu sekretuak emanaldia eskainiko dute Balentina Agirren eta Jaineken txaranga arituko da kaleak girotzen. 

Hona hemen 2023ko Santio Eguneko egitaraua, osorik: 

    • 10:00-14:00. 38. Cesar Valverde txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
    • 10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen eskutik.
    • 10:55. Urolakoen Nafar Zuzterrakekoen kalejira, Perez Arregi plazatik hasita.
    • 11:00. Urolakoen Nafar Zuzterraken Nafartasunari gorazarre ekitaldia, plazan.
    • 11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa, Astotegian.
    • 11:00. XXIII. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan.
    • 12:00. 49. Sagardo Txapelketa, plazan.
    • Ordu horretan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitia jotzen.
    • 13:00. Kantujira, Hazparneko bizilagunek lagunduta, Sanagustinpetik hasita.
    • 18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.
    • 18:00. Iratxoen kantu sekretuak emanaldia, Balentina Agirre plazan.
    • 18:30. Jaineken txaranga Landetatik abiatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide