'Zure eskutik mundurantz' ikuskizunarekin agurtu dute Udako Musika Printzak egitasmoa

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 23a, 11:12

Musika, dantza, ahotsa, poesia eta arte plastikoak biltzen dituen emanaldi berezia eskaini zuten atzo Loiolako Basilikan. Pablo Soraluze eskultore azpeitiarraren obra oinarri hartuta sortutako ikuskizuna da Zure eskutik mundurantz. Atzokoa Udako Musika Printzak egitasmoaren barruko hirugarren eta azken emanaldia izan zen. 

Obra bereziarekin agurtu da 2023ko Udako Musika Printzak egitasmoa. Pablo Soraluze eskultore azpeitiarraren obra oinarri duen Zure eskutik mundurantz ikuskizunak itxi zuen atzo musika klasikoa eta herriko leku esanguratsuak uztartzen dituen emanaldi zikloa. Loiolako Basilikan eskaini zuten emanaldia, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Pablo Soraluzek
Juan Kruz Igerabidek, Mireia Galarzak, Xanti Agirrezabalak, Oihana Vesgak, Maria Martinek, Garazi Navasek, Lucia Arzallusek eta Ignacio Arakistainek. Ikuskizunean zehar musika, dantza, ahotsa, poesia eta arte plastikoak uztartu zituzten. 

Emanaldia osorik grabatu zuen Erlo Telebistak, eta datozen egunetan izango da ikusgai. 

Atzokoa izan zen 2023ko Udako Musika Printzak egitasmoaren barruko hirugarren eta azken kontzertua. Aurreneko emanaldian, uztailaren 13koan, Claudia Alduntzin klarinete jotzaile andoaindarrak eta Ignacio Arakistain pianista azpeitiarrak XIX. eta XX. mendeetako musikarien doinuz osatutako emanaldia eskaini zuten Frantziskanetako elizaren atarian. 

Bigarren emanaldia uztailaren 16an izan zen, eta Astigarragako eta Donostialdeko Eragiyok abesbatzako kideek eskaini zuten kontzertua Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Euskal folklorea eta musika klasikoa eraman zituen parrokira, eta Vicente Goikoetxearen Missa in honorem Immac Concept lana interpretatu zuten. Emanaldiaren bigarren zatian, Ignacio Arakistain organo jotzailearekin Sabin Salaberriren, Jesus Guridiren eta Luis Aranbururen lanak eskaini zituzten.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide