Beste urte batez, saninazioen atarian Nik xinisteñat izeneko kanpaina jarri du martxan Azpeitiko Udalak, "erasoen prebentzio, sentsibilizazio, informazio eta arretarako". Alde batetik, tabernariei erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloa azaldu diete, eta tabernetan jartzeko kartelak banatu dizkiete. Horietan herritarrentzako informazioa ere bildu dute. Era berean, arreta eta informazioa jasotzeko karpa jarriko dute festek irauten duten bitartean Plaza Txikian. "Indarkeria matxistari, sexu indarkeriari eta LGTBIQ+ fobiari aurre egiteko", udaleko hainbat sailetako arduradunak "elkarlan estuan" arituko dira, jaiek iraun bitartean nahiz ondoren.
Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak azaldu ditu festetako kanpaina eta karparen inguruko xehetasunak. Indarkeria matxistarik gabeko gunea uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1an irekiko dute, arratsaldetik goizaldera bitartean. "Karpak helburu bikoitza du; batetik, festen testuinguruan gaiak espazio publikoan presentzia izatea, eraso matxisten kontrako kontzientziazio lana burutuz; eta, bestetik, erasoren bat jaso duen emakumeren baten lehenbiziko artatze espazioa izatea", azaldu du Aldalurrek. Era berean, udalak jakinarazi du karpan "gaian adituak diren profesionalak" egongo direla, eta erasoen inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiko dutela: "Edozein zalantza, aholkularitza, behar, eraso edo antzekoen aurrean, herritarrei karpara etortzeko deia egiten diegu, bertan profesionalak izango baitira laguntzeko eta artatzeko".
Karpa uztailaren 30ean, 18:00etatik 06:00etara, uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara eta abuztuaren1ean, 18:00etatik 06:00etara izango da zabalik, Plaza Txikian.
Prebentzio lana eta "elkarzaintza"
Udalak adierazi duenez, urte osoan prebentziorako eta ahalduntzea sustatzeko egiten dituzten askotariko ekintzez gain, festetarako lanketa berezia egiteko beharra ikusi dute. "Urte osoan egiten den hezkidetzarako programa, Emakumeentzako Jabetze Eskola, aholkularitza juridikoa eta beste zenbait ekintzez gain, festa inguruan gerta daitezkeen erasoei aurre egin edo erantzun ahal izateko" kanpaina da martxan jarri dutena, erasoen inguruko prebentzio lana egitea "ezinbestekoa eta estrategikoa" dela iritzita. "Urte osoan zehar aritzen gara prebentzio lanean proiektuak, ekintzak zein bestelakoak antolatzen eta gaian sakontzen Emakume Txokoarekin elkarlanean, baina festetan lanketa berezi baten beharra ikusten dugu, festa giroan erasoak areagotu egiten direlako", adierazi du Leire Goenaga Udaleko Parekidetasun zinegotziak.
Horrenbestez, prebentzio lana indartu dute, besteak beste, Bai da bai legearen inguruko hitzaldia eskainiz eta tabernariei informazioa emanez. "Tabernariei beren tabernan erasoren bat gertatzen den kasuan jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa bidali diegu", azaldu du Goenagak. "Banatutako euskarri fisikoen artean Azpeitiko tabernetan indarkeria matxistarik onartuko ez dela dioen, eta ligoteo sanoaren aldeko mezua zabaltzen duen kartela dago. Horrela, bertan zabaltzen den mezuaz gain, herritarrei zuzendutako protokoloa ere badago QR bidez edonork eskura izateko. Erasoei aurre egiteko guztion inplikazioa behar da", azaldu du Parekidetasun zinegotziak.
Herritarrei festez "libre, gustura eta nahi bezala" ospatzeko deia egin die Goenagak, baina "elkarzaintzaren" garrantzia azpimarratu du: "Elkarzaintzarako deia ere egin nahi dugu; erasoren bat sumatu edo ikustean, elkarbabestu dezagun".