Josetxo Brey: "Oso harrera ona izan dugu, saria irabazi aurretik zein ondoren"

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 27a, 17:42

Josetxo Brey, Baliko abesbatza lehiaketaren kartel handi baten aurrean. (Utzitakoa)

Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzarekin Baliko (Indonesia) Nazioarteko Abesbatza Jaialdia irabazi zuen 2019an Josetxo Breyk (Azpeitia, 1994). Sari hari esker lehiatu ahal izan dira Landarbasokoak aurten abesbatzen Asiako Grand Prixean, baita sari nagusia irabazi ere. Indonesian jarraitzen dute Breyk eta kideek, nekatuta, baina lortutakoarekin oso pozik.

Asiako Grand Prix lehiaketa irabazi du Landarbaso abesbatzak. Europako talde bakarra zineten, eta aurrez Asiakoa ez den talde batek ez zuen inoiz irabazi lehiaketa hori. Zer suposatu du zuentzat lorpen horrek?

Guretzat, nazioartean sekulako errekonozimendua da. Grand Prix batean lehiatu den historiako laugarren euskal abesbatza gara, baina final bat irabazi duen lehena izan gara. Euskal abesbatza musikarentzat ere, beraz, lorpen oso garrantzitsua dela uste dut.

2019an Baliko lehiaketa irabazita lortu zenuten orain irabazi duzuen lehiaketan aritzeko txartela. Lau urte joan dira harrezkero, pandemia bat tartean eta guzti. Zertan aritu da orduz geroztik Landarbaso? Eta nola prestatu duzue Asiako Grand Prixa?

Grand Prix hau berez 2021ean egitekoa zen baina, pandemia zela eta, atzeratu egin zen. Urte hartan, Balira etorri ordez, Landarbaso Torreviejako [Herrialde Katalanak] Nazioarteko Habanera eta Polifonia lehiaketan izan zen abesbatza, gonbidatu gisa. 2022an Frantzian, Provenceko nazioarteko lehiaketan hartu genuen parte, eta sari nagusia irabazi genuen.

Horrez gain, urtean zehar beste zenbait proiektu ere egiten ditugu. Azken hilabeteetan Segovian, Sorian edota Pola de Sieron [Espainia] izan gara kontzertuak ematen eta, apirilean, Errenterian bertan, eliz musika kontzertu handi bat egin genuen, Ukrainako gerrak kaltetutakoentzat dirua biltzeko.

Nolako lehiaketa izan da Grand Prixa?

Grand Prixa egun bakar batean izan zen. Saio berean abestu genuen Baliko, Filipinetako, Malaysiako eta Singapurreko lehiaketetako garaileek. Berez guztira zortzi abesbatza izan behar ginen arren, pandemia dela eta, sei abesbatza izan ginen. Abesbatza guztiok entzun behar izan genituen gainontzekoak abesten, aretoan bertan. Hori ez da batere ohikoa, eta pixka bat gogorra izan zen. Gainera, beste abesbatzetako bik gure programako obra bana zeramaten, eta horrek, nahitaez, guk egindakoarekin konparatzen ibiltzea eragin zuen.

Lehiakide guztiak Asiakoak ziren. Zer nabarmenduko zenuke haietaz?

Beste bost abesbatzetatik, bi nabarmenduko nituzke. Hain zuzen ere, gure programako obra bana zeukaten biak. Bata Indonesia bertakoa zen, eta bestea Filipinetakoa. Benetan onak ziren bi haiek. Gurearekin alderatuta, oso soinu eta kolore desberdina dute abesbatza asiarrek. Haien folklore musika oso erritmikoa da, eta gainera, guk ez bezala, koreografia oso landuak egiten dituzte.

Brey, baserritar jantziekin, lehiaketarako prest. (Utzitakoa)

Eta zuek, nolako harrera izan duzue ikus-entzuleen aldetik eta?

Oso harrera ona izan dugu, saria irabazi aurretik zein ondoren. Baina, egia esan, saria jaso ondoren jendearen eta bereziki beste abesbatzetako kideen jarrera izugarria izan da. Finalaren emaitza uztailaren 25eko gauean eman zuten, afari batean, eta han bertan zoriontzeaz gain, gurekin argazkiak ateratzeko eskatzera etortzen zen jendea, eta ondorengo egunetan egon diren ekitaldi guztietan ere ibili dira gu zoriontzen.

Zer errepertoriorekin lehiatu zarete?

Gehienez hogei minutuko programa egin behar genuen. Denbora horretan bost abesti interpretatu genituen. Alde batetik, euskarazko bi obra, Javi Bustoren Ametsetan eta Jesus Guridiren Akerra ikusi degu. Horiez gain, Erromantizismo garaiko Pearsall konpositorearen Lay a garland, eta bi obra garaikide: Pärt Uusbergen Kyrie eta Jekabs Jancevskis letoniarraren Atsalums.

Balin jokatu duzue Asiako Grand Prixaren finala, duela lau urte txartela lortu zenuten toki berean. Orduko esperientzia baliagarria izan al da, ala ez du zerikusirik izan oraingoarekin?

Herrialdearen, lehiaketaren funtzionamenduaren eta abarren berri jakiteko bai, baina aurten lehiatu garen aretoa 2019. urtekoaren desberdina izan da. Ez da batere areto ona abesbatza musikarako. Izan ere, oso handia da, hemen egiten duen tenperatura dela-eta aire girotua topera egoten da, eta makinen zarata abesbatzen ahotsa baino gehiago entzuten zen une batzuetan.

Indonesian jarraituko duzue datozen egunetan, nazioarteko beste lehiaketa batean parte hartzeko. Zer moduzkoa ari da izaten horko egonaldia, lehiaketetatik haratago?

Hilaren 25ean egin zena Asiako lehiaketen irabazleen arteko finala izan zen. Gaurtik aurrera, ordea, Bali bertako lehiaketa egingo da eta, honaino etorri garenez, hor ere parte hartuko dugu. Egun hauetan, beraz, ez daukagu turismorako tarte handirik. Aurtengoan hiru modalitatetan lehiatuko gara: eliz-musika, abesbatza mistoak eta folklorea, hirurak egun berean. Horietako bat irabaziz gero, kategoria bakoitzeko irabazleen artean finala izango genuke etzi.

Egun horretan amaituko da lehiaketa, eta hortik aurrera turismorako denbora izango dugu. Hilaren 30ean Javako irlara goaz, eta han Jakarta eta Yogyakarta bisitatuko ditugu.

Eta etxera bueltatutakoan, zein izango dira zeure eta Landarbaso abesbatzaren hurrengo erronkak edo hitzordu aipagarriak?

Abuztuaren 8an Donostiako Hamabostaldian hartuko dugu parte, Viktoria Eugenia antzokian, umeentzako opera batekin. Otsailean, berriz, Euskadiko Orkestraren Miramongo Matineé zikloan izango gara. Ikasturtean zehar ere baditugu oraindik konfirmatu gabeko beste hainbat proiektu.
Horrez gain, ikus-entzule gisa, urtero bezala, azaroko lehen astean Tolosako Nazioarteko Abesbatza lehiaketa izango dugu. Aurten, gainera, Idoia Azurmendi azpeitiar zenaren Itsasoa ari zait obra derrigorrezkoa izango da lehiaketan. Abestiaren letra beste azpeitiar batek egina da, Ainhoa Odriozolak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide