"20:00. Etxera jantokiaren irekiera". Hitzordu hori irakur daiteke aurten San Inazio jaien egitarauan, lehen aldiz, uztailaren 30eko eta 31ko zein abuztuaren 1eko ekitaldien zerrenda luzean. Askori ezaguna egingo zaie saninazioetako hiru egun nagusietako gauetan afariak ematen dituen gunea, baina beste askori ez horrenbeste, nahiz eta bi hamarkada inguru joan diren presoak, iheslariak eta deportatuak zein haien familiak eta gertukoenak laguntzeko egitasmoa martxan jarri zutenetik.
"Presoen aldeko mugimenduak beti eman izan ditu festetako txosnan ogitartekoak eta, baina 2000ko hamarkadaren erdi aldean sortu zen zerbitzu hori zabaltzeko jantoki bat jartzearen ideia", azaldu dute egitasmoan parte hartzen dutenek. Izan ere, duela bi hamarkada herrian bertan hazi egin zen presoen kopurua eta, horrekin batera, haien zein –bereziki– haien etxekoen beharrak.
Urte luzez Zelai Luzen, txosnagunearen ondoan, jartzen zuten jantokia, karpapean. Azoka Plaza berritu zutenetik, berriz, han jartzen dute jantokia: saninazioetako hiru egun seinalatuetan, 20:00etan hasi eta "23:00 aldera arte", ehunka otordu zein ogitarteko saltzen dituzte. 300 lagunentzako tokia prestatzen dute Azoka Plazan, baina horiek baino askoz gehiago igaro daitezke gau bakarrean jantokitik, "batzuek utzitako lekua beste batzuek hartzen" dutelako gauean zehar, bezeroak txandakatuz.
Txandak osatu behar izaten dituzte, era berean, jantokian lan egiteko. Janaria prestatzeko, zerbitzatzeko, mahaiak prestatzeko, garbitzeko... "jendea behar" izaten da, lana musu-truk egingo duena, eta gau bakoitzeko "hamabost-hogei" laguneko txandetan antolatzen dira. "Hasieran lanean aritzen zirenetako batzuek utzi zioten, adina-eta tarteko, baina badaude lehen urtetik hutsik gabe jantokian lan egin izan dutenak, eta benetan eskertzekoa da jende horren ekarpena", diote egungo antolatzaileek. Azken urteetan txandak nahiko "egonkorrak" direla diote, nahiz eta beti hartzen duten "gustura" jende berria. "Gehienok badaramatzagu urte batzuk txandak egiten, eta bakoitzak badaki gutxi gorabehera bere eginkizunak zein diren".
Ia hogei urte joan dira jantokia martxan jarri zutenetik, eta presoen, iheslarien eta deportatuen kopuruak eta egoerak ez dira, kasu gehienetan, hasierakoak. Gaur egun, behar handienetakoak presoek kartzela uzten dutenean sortzen direla iritzi diote jantokiaren sustatzaileek, eta horiei erantzuteko beren alea jartzen ahaleginduko da Etxera jantokia saninazioetan.