Luis Enrique Sorianoren oroimenez, hitzez eta musikaz

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 29a, 19:03

Elkar-ekin taldeak antolatu du ekitaldia, gazte dominikarraren heriotzaren bide judiziala bukatuta, kasuari herrian ere itxiera emateko xedez. Migratzaileek bizitzen dituzten egoera bidegabeak nahiz esplotazioa salatu dituzte hitza hartu duten herritarrek. Silvia del Castillok, Sorianoren amak, eskerrak eman dizkie herritarrei, emandako babesagatik.

Bi urte beteko dira bihar Luis Enrique Soriano gazte dominikarrak bere buruaz beste egin zuela Azpeitiko Manuel Aizpuru SL mekanizatu enpresan, eta gaztearen familiak eta enpresak akordioa egin berritan eta auzi bidea bukatuta, gaztearen oroimen ekitaldia egin dute gaur dozenaka lagunek. Elkar-ekin taldeak antolatu du ekitaldia, kasuari herrian ere itxiera emateko xedez.

Dinamoa sormen guneko beheko solairua jendez leporaino beteta zela egin dute Elkar-ekinek antolatutako ekitaldia, eta han izan dira, besteren artean, Sorianoren senideak eta lagunak, baita hainbat herritar ere. Sorianoren ama Silvia del Castillok hitza hartu du ekitaldiaren hasieran, eta hark eskerrak eman dizkie ekitaldira joandako herritarrei, familiari eta Luis Enriqueri emandako babesagatik.

Halaber, Sorianoren kasua epaitegietara eramateaz arduratu den ESK sindikatuko ordezkari batek ere hitz egin du, kasuaz arduratu den abokatuaren izenean; izan ere, hark ezin izan du ekitaldira joan. Haren hitzetan, juridikoki "oso konplexua" izan da bi urte hauetako lana, baina auzi judiziala bukatuta, argi esan du lanak ezin duela izan osasun fisikoa, buru osasuna eta bizitza galtzeko kausa. "Langileen eskubideen alde, borrokan jarraitu behar dugu, lanak bizitza duinak ahalbidetu ditzan".

Migratzaileek bizitzen dituzten egoera bidegabeak nahiz esplotazioa salatu dituzte hitza hartu duten herritarrek. Batetik, Judith Obandok eta Amets Arzallusek gaurko ekitaldirako propio sortutako testuak errezitatu dituzte. Dena den, hitza ez ezik, musika ere izan da protagonista ekitaldian. Hain zuzen ere, Willis Drummond taldeko abeslari Jurgi Ekizak bi kanta abestu ditu eta beste bi Horacio Bernalesek.

Honako hau da Arzallusek atzoko ekitaldian errezitatu zuen testua:

"Zenbateko distantzia dago hemendik Errepublika Dominikarrera, eta handik hona distantzia bera ote da? Eta hemen egindako pieza mekanizatu horiek nork erosten ote ditu eta noraino ote doaz erabiliak izatera? Eta ba ote daramate izkinean Made in Azpeitia edo Made in the Basque Country izkribu txikiren bat bederen, Vietnamen egindako oinetakoak izaten duten bezala?

Eta Errioxako ardoa, Errioxako eskuek bildutako mahatsa ote da? Eta Nafarroako zainzuriak biltzera nor makurtzen ote da? Horri esaten al diogu Esparragos de Navarra? Eta horraino joan gabe, Azpeitian joan den hilean edo aurrekoan hil zen adineko gaixoa nork zaindu ote du bere azkenengo arnasera arte? Azpeitian zaindu du edo Nikaraguak zaindu du? Eta hil ere, Azpeitian hil da edo Nikaraguan da hil, hantxe, 24 orduan handik atera ere egin gabe?

Gure herriko izerdia kilometro 0 ote da? Gure bizitzak alkondara batek bezala izkribu bat balute sahatseko etiketa batean, ez dakit Made in Azpeitia edo Made in Basque Country  jartzea oso zilegi ote litzatekeen, eta hala balekarte ere, ez dakit Made in Azpeitia edo Made in Basque Country horrek zer bermatuko ote lukeen, niri Vietnameko oinetakoak ditudala irakurtzen dudanean sortzen zaizkidan galdera berdintsuak etortzen zaizkit gogora.

Ez dakit hemendik Errepublika Dominikarrera zer distantzia ote dagoen, distantzia bera ote den handik hona, baina badakit gure bizitzak distantzia batera gelditzen ari direla. Distantzia batera asmo politikoetatik, distantzia batera gure erabaki gaitasunetatik, gure bizitzak distantzia batera gelditzen ari dira gure bizitzetatik orokorrean, eta gainera, agindu zibiko horrek inguraturik bizi gara oraindik ere.

Leku askotara sartu eta nonhai irakur zenezake "Zaindu distantzia, distantzia beharrezkoa da", baina nik ez dakit Errepublika Dominikarrera zer distantzia dagoen eta distantzia bera ote dagoen handik hona, baina iruditzen zait elkarrengandik pixka bat hurbiltzen hasten ez bagara, eta ez badugu berriz elkar igurzten, eta ez badiogu elkarri gure bizitza kutsatzen, nekez askatuko ditugula guk denak lotzen gaituzten korapilorik latzenak.

Uste dut badela garaia berriz ere mina hartzen ikasteko. Oinazearen gurdian denok batera ez goazen artean, oso zaila izango da justizia sozialaren aldeko borroka irabaztea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide