Manolo Aizbitarte: "Ikasketa baten emaitza da gaur egun egiten dudan musika"

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 14a, 09:00

Manolo Aizbitarte 'Maolo'. (Maialen Etxaniz)

Jotakie, Fundiziyue edota M musika taldeetako kidea izandakoa da Manolo Aizbitarte Maolo. Musika ibilbide oparoa du, baina azken urteetan ezin izan dio musikari nahi beste denbora eskaini. Hala ere, sortzen jarraitu du. Orain, bakarkako lehen proiektua kaleratu du, etxean ekoiztutakoa eta mezuz jantzitakoa: Komantxe. 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Jotakie musika talde entzutetsuko kide izateagatik ezagutuko dute askok Manolo Aizbitarte Maolo (Azpeitia, 1963). Talde hura "eskola" izan zen azpeitiarrarentzat, baina haren musika ibibidea ez zen horretara mugatu. 14 urte zituela hasi zen gitarra jotzen, eta urtebeteren buruan, gitarra elektrikoa probatu zuen. Hura izan zen musikaren mundura atea ireki ziona. 1981tik 1990era arte Jotakie taldean aritu zen Maolo; lau disko eta dozenaka zuzeneko utzi zituen musika taldeak. Hurrengo urteetan hainbat proiektutan parte hartu zuen, besteak beste, Fundiziyue, Mesias Berriak eta M taldeekin. 2016tik aurrera, Jotakie taldearekin zuzeneko emanaldi batzuk eskaini zituen inguruko herrietan. Azpeitiarraren musika ibilbidea oparoa izan da, eta bide horretan beste urrats bat egin du aurten. Bakarkako aurreneko lana plazaratu du Aizbitartek, etxean mimoz sortutako diskoa: Komantxe. Ez du ale fisikorik atera, baina abestiak entzungai eta eskuragarri jarri ditu hainbat plataformatan.

Zure bakarkako aurreneko lana atera duzu labetik. Komantxe. Zer da Komantxe?

Abesti bat da, baina baita sortu berri dudan diskoaren izena ere. Proiektuari izen sinplea jarri nahi nion, aurkitu nahi zuenak erraz aurki zezan. Izenaren zergatia, aldiz, gaztetan ikusten nituen indioen eta bakeroen filmetan dago; beti egon naiz indioen alde. Amerikarrak –bakeroak– indioen lurrak hartzera joaten zirela ikusten nuen, eta istorio haiek bazuten antzekotasuna hemengo [Euskal Herriko] egoerarekin. Garai hartan, ni gaztea nintzela, ikusten zen norbait ari zela gure kultura kaltetu nahian. Komantxerekin saiatu naiz erakusten, zapalkuntzak zapalkuntza, indioek beti izango dutela beren nortasuna.

Beti aritu izan zara musika taldeetan. Nolatan hasi zinen bakarkako proiektua gorpuzten?

Pandemia garaitik dator dena. Garai hartan elkartzeko zailtasunak genituen, eta orduan hasi nintzen ideiak garatzen eta hausnartzen. Gainera, 60 urte betetzear nengoen, eta erronka bat jarri nion neure buruari: 60 urte betetzerako lan bat amaitzea. Aurten amaitu dut, maiatzaren 7an, 60 urte betetzear nintzela. Beti izan naiz gauza berriak sortzeko zalea, baina beti elkarbanatu ditut ideiak beste musikariekin. Ideiak partekatu edo nonbaiten adierazten ez baditut larritu eta estutu egiten naiz. Denboraz gaizki nabil, eta ezin dut konpromisorik hartu beste musikari batzuekin lan egiteko, ezin baitut bermatu entseguetara joango naizenik edo jarraikotasuna izango dudanik. Beraz, kale egitea baino nahiago izan dut nire kabuz sortzen jarraitzea. Banituen ideia batzuk, eta hainbat instrumenturekin nire kabuz abestiak grabatzea erabaki nuen. Ideia pila nituen, horiei gorputza eman nien, eta behin horiek guztiak bukatuta ditudala, ezagutaraztea pentsatu dut, jendeak entzun ditzan.

Zein dira diskoaren bereizgarriak?

Sei abestik osatzen dute diskoa. Bereizgarria da hainbeste urtetan jasotako esperientzia nabarmentzen dela egindako lanean. Hau da, diskoa ez da estilo zehatz batekoa, pixka bat denetik egin dut. Lehen ez bezala, orain nahi dudana probatzera animatzen naiz, eta gustatzen zaizkidan gauzak egiten ditut; lehen egiten ez nituen gauzak egiten ditut orain. Era berean, diskoko abestiek soinu propioa dutela esango nuke. Horren inguruan badut hausnarketa bat; izan ere, iruditzen zait gaur egungo musika produkzioak borobilak direla. Hau da, soinua garbi-garbia izaten da eta dena bikain egoten da. Rock mundutik gatozen musikariontzat gaur egungo tresnek ahalbidetzen duten soinua arraroa da; musikak soinu propioa behar du. Hori dela eta, sortu dudan musikak maketa baten soinuaren tankera du; soinu garratza izatea nahi nuen. Zati batzuetan horrela da, eta besteetan ez. Musika aldetik, abestiek gorabehera asko dituzte: amorrua, tristura, lasaitasuna... dena lotzen da diskoan. Sentimenduak transmititzen saiatu naiz.

Kantu guztiek dituzte hitzak. Zer adierazi nahi izan duzu abestietan?

Abesti guztietako hitzak ez dira nik idatzitakoak. Hiru nireak dira, bat emaztearena, bestea Aitor Bereziartuarena eta bestea Iñigo Zubeldiarena. Gustatzen zait hitzek zeresana eta zentzua izatea. Denetarik kontatzen dute abestiek. Lantzen diren gaien artean daude, esaterako, bizitzak sortzen duen nahigabea eta bizitzeko behar dugun esperantza, aurrera egitearen ezinbestekotasuna, informazioa jasotzeko eta dena sinisteko dugun joera, maitasunaren ertzak, herri baten nortasuna eta zapalkuntza...

'Komantxe' diskoaren azala.

Hausnarketarako abestiak dira gehienak. Jendea hausnarketara bideratu nahi duzu zure musikarekin edo nahiago duzu zerbait horiei sentiaraztea?

Biak, ezbairik gabe. Musikak emozioak sortzea ezinbestekoa da. Gainera, konturatu naiz dagoeneko ez dudala edozer esan nahi abestietan, ez dudala mezu antzurik eman nahi. Lotsarik gabe idatzi eta abestu ditut abestiak, eta mezuak jendearengana iristea nahi dut. Hori lortzen badut, pozik geldituko naiz.

Etxean, musika estudio batetik kanpo, grabatu duzu diskoa. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Musika egitea gustatzen zait, eta gailu berriak nola erabili ikastea denbora galtzea bezalakoa da niretzat. Gero eta gailu gehiago daude, eta askotarikoak. Hala ere, egin nahi nuena egiteko gailu horietako zenbait erabiltzen ikasi behar izan dut. Denbora gehien erritmo kutxarekin patroiak diseinatzen eman nuen, hori izan zen gehien kostatu zitzaidana. Grabaketa egiteak izan ditu bere konplexutasunak, batez ere zaratagatik. Patroiak grabatzea ez zen konplexua izan, kaskoekin grabatzeko aukera baitago. Baxua ere diskrezioz graba daiteke, nahiko leun grabatzen baita. Ahotsak eta gitarra grabatzea izan da zailena, zarata handia sortzen baita, eta ezin da edozein ordutan egin.

Nola aldatu da Maoloren musika urte hauetan guztietan zehar, baldin eta aldatu bada…

Bai, noski, aldatu da. Entzuten den musikak badu eragina sortzerakoan. Garai batean, Pink Floyd eta halako taldeak entzuten nituen, Police entzutera igaro nintzen gero, eta ondoren, gauza desberdinak probatu nahi nituen garaia ireki zen; oso garai esperimentala, nolabait. Orain berriro klasikora itzultzen ari naizela esango nuke. Hala ere, urteetan zehar ikasitakoa uztartzen du nire musikak. Ikasketa baten emaitza da gaur egun sortzen dudan musika. Batzuetan eman dezake bluesa dela, beste batzuetan undergrounda...

Zure musika ibilbidea taldeei lotutakoa izan da gehienbat. Orain, bakarkako lanean murgildu zara. Zertan desberdintzen dira bakarkako sormena eta taldekoa?

Oso besberdinak dira. Gauza denak bezala, alde onak eta txarrak ditu bakarkako sormenak. Nik nahiago dut taldean eta taldekideekin sortzea, baina gaur egungo baldintzak tarteko, bakarka ari naiz lanean, eta horrekin disfrutatu nahi dut orain. Talde batekin musika sortzen duzunean, beti dago zure ideiak eta proposamenak entzungo dituen pertsonaren bat. Taldekide guztiek egiten dituzte ekarpenak, eta askoz ere aberasgarriagoa da hori. Giro aldetik ere alde handia dago. Taldean aritzean entseguetan sortzen den giroa ederra izaten da. Hala ere, musika bakarka egitea errazten duten eta lehen ez zeuden baliabideak daude gaur egun.

Lan berria kaleratu aurretik, eskatu al diezu iritzirik ingurukoei?

Ez. Egia esan, inork ez daki proiektuaren berri, etxekoek bakarrik. Sorpresa eman nahi nuen, eta egia esan, jendeak ez du esperoko. Ziur nago hainbat izango direla azalpenak eskatzera etorriko direnak, zergatik ez dudan laguntzerik nahi izan-edo galdetzera etorriko zaizkidanak... Baina gaur egun laneko kontuak tarteko, ezin dut taldean sortu, ez daukat behar beste denborarik. Beraz, penaz bada ere, horrela egitea erabaki dut.

Non entzun daiteke Komantxe?

Abestien masterizazioa Ultramarinosen egin dut. Etxean grabatutakoari beste gorputz bat ematen diote haiek, eta abestiak plataforma digitaletara igotzeko moduan prestatzen dituzte. Kantuak entzungai daude, besteak beste, Youtuben, Band Campen, Sound Clouden eta Spotifyn. Daukadan helburua da nire musika atsegin duen edonork eskuragarri izatea eta nahieran erabiltzea.

Manolo Aizbitarte 'Maolo'. (Maialen Etxaniz)

Nola ikusten dituzu gaur egungo euskal musika eta eszena?

Mundial. Uste dut oso aberasgarria dela. Harrigarria eta ederra iruditzen zait musika mota desberdinak sortzeko dagoen erraztasuna eta gaitasuna; begiak ireki direla uste dut. Guk pasatu genuena pasatuta, gauzak asko aldatu dira. Kontzertuetara joan eta tentsioan egoten ginen sarritan, batzuetan beldurrez, jendearen erreakzioa nolakoa izango ote zen, botilakadak jasoko ote genituen. Izan ere, zenbaitek begi txarrez begiratzen zuen garai hartan. Orain, askoz ere gehiago errespetatzen da musika mota desberdinak sortzea. Teknologian ikaragarri aurreratu da, eta horrek ere errazago egin du talde berriak sortzea. Hori bai, estilo desberdinetako talde ugari daude, eta ez naiz iristen guztiak entzutera.

Zer musika entzuten duzu etxean?

Bertako musika entzutea atsegin dut. Azpeitiko taldeak entzuten ditut aurrena, Euskal Herrikoak gero, baita Espainiakoak eta ingelesak ere. Bertako taldeak entzutea atsegin dut, gaur egun herrian zer egiten den ezagutzeko, eta maila oso oneko taldeak daudela esango nuke.

Atzera begira jarrita, zer nabarmenduko zenuke zure musikari ibilbidetik?

Esperientziarik onenak eta txarrenak Jotakie taldearekin bizi izan nituen, zalantzarik gabe. Musika talde profesionala izatea nahi genuen, eta horrek bere alde onak eta txarrak zituen; izan ere, Jotakiek erakutsi zidan zer den musikaren arloan profesionalizatzea: musika lan bihurtzen da, eta kasu horretan, ez da musikaz modu berean disfrutatzen. Eskolarik handiena izan da Jotakie, eta momentu onenak ere talde horrek utzi dizkit, baina batez ere, erakutsi dit zeinen garrantzitsua den musikaz gozatzea. Gaur egun, musikaz gozatzen ari baldin banaiz, ez zait axola zenbat entzule ditudan aurrean. Musika egitea bezain garrantzitsua da musika egiten gozatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide