Erretratua

Xabier Rezabal: "Gizartea aldatzen doan eran, arkitektura ere eraldatzen ari da"

Leire Ibar 2023ko abu. 15a, 09:00

Xabier Rezabale erretratua. (Olatz Alkorta)

Mende laurdeneko ibilbidea eginda du Rezabalek arkitekto lanbidean. Arkitekturako ikasketak bukatu orduko heldu zion ofizioari. Garaiak nola, hala ari dira aldatzen hirigintza eta eraikinak egiteko obrak. Aurrera begira, kezka bat du azpeitiarrak: esku langileak faltako direla. 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Orain dela 25 urte Arkitektura ikasketak amaituta, ordutik lanbide horretan dihardu Xabier Rezabalek (Azpeitia, 1972). Txikitatik garbi izan du zer egin nahi zuen; bokaziozko lana izan da harentzat arkitektura, eta hark dio "zortea" izan duela ogibide horretan lan egiteko aukera izan duelako.

1998an ikasketen amaierako lana aurkeztearekin batera ekin zion azpeitiarrak arkitekto lanari; izan ere, lana aurkeztu zion irakasleak berarekin lanean hasteko eskatu zion. Urtebetez harekin lanean aritu ostean, estudio eta lan mota desberdinak egiteko irrika piztu zitzaion, eta Tolosako estudio batean hasi zen lanean. "Beste estudio batzuen funtzionamendua ezagutzeko eta haietako lan egiteko modua nolakoa zen jakiteko gogoa sartu zitzaidan". Bien bitartean, proiektu txikiak sortzen hasi zitzaizkion Rezabali, eta orduan ekin zion bere kontura lan egiteari. "Harrezkero, eta gaur arte, ez naiz gelditu".

Gaur egun, askotariko proiektuak izaten ditu esku artean Rezabalek; etxe baten eraberritze proiektuak nahiz denda, plaza edota askotariko eraikinetarako proiektuak. Horiez gain, hirigintzako aholkularitza lanak ere egiten ditu hainbat lekutan. Ez du bereziki gogoko proiektu mota jakin bat: "Ez dago proiektu ideal bat. Helburua egindakoarekin gustura gelditzea da, bai ni, baita bezeroa ere. Nik diseinatutako hori jendeak erabiltzen duela eta jendea gustura dagoela ikustea izaten da proiektuarekin asmatu duzun seinalerik onena. Proiektuak pentsatuta bezala funtzionatzen duela ikusten duzu halakoetan".

Sarri, nahi bezalako proiektuak gauzatzea ekonomiaren faktoreak eragozten duela azaldu du. "Ideia bat izan dezakezu, baina jarritako diru muga horretara murriztu behar izaten dugu beti. Ideala izango litzateke bateren batek zera esatea: 'Nik ez daukat diru aldetik batere arazorik, eta egin nahi duzuna'". Hala eta guztiz, hark azaldu du proiektu txikiak eta onak ere egin daitezkeela, eta unibertsitateko irakasle batek esaten ziena ekarri du gogora. "Hala esaten zuen: 'Hobe da gauza txiki bat ondo egitea, izugarrizko gauza bat gutxi gorabehera egitea baino'". Gainera, ekonomiaren egoerak berebiziko eragina du arkitekturan ere, baita krisi garaiek ere; izan ere, arkitektoak esan duenez, krisi garai horietan jendeak batik bat mantenuko obrak soilik egiten ditu.

Azkenengo urteetan aldaketa handiak izan dituen ogibidea da arkitektoena; izan ere, teknologia berrien sorrerak aldaketa ugari eragin dituela esan du Rezabalek. Arkitekturako lizentziatura bukatu zuenean, dena eskuz egiten zela ekarri du gogora: "Karrera amaieran hasi nintzen ordenagailua erabiltzen. Gerora egin zen Rotringak eta eskuz egindako planoak alde batera uzteko eta programa digitalak erabiltzeko jauzia". Dena den, sormen lanak hor jarraitzen duela azpimarratu du: "Sormena lehen bezain beste landu behar da orain, baina beste zenbait lan erraztu egin dira". Lan egiteko modua hainbat zentzutan "asko erraztu" dela jakinarazi du, guztia digitalki egiten baitute gaur egun, hala nola kopiak, sinadurak, oniritziak eta abar. Lana erreproduzitzeko edo sortzeko prozesua erraztu egin bada ere, teknologia eta programa digitalen bilakaerek "estresa" ere sortu diela jakinarazi du. "Guztia presaka egin beharra ekarri du digitalizazioak, dena da gaurko edota biharko". Horrez gain, hirigintzan zein eraikuntzan azken urteetan asko aldatu den beste faktoreetako bat araudiarena eta dokumentazioena dela esan du: "Araudiak asko gogortu dira, eta dokumentazio lanak ugaritu".

Jasangarritasuna eta kontserbazioa

Rezabalek azaldu duenez, gaur egun, oso garrantzitsua da proiektu bat klima aldaketaren auziaren ikuspuntua kontuan hartuta eraikitzea. "Lehen horrenbeste garrantzi ematen ez bazitzaion ere, egungo klima aldaketarekin eta energiaren garestitzearekin, kontuan hartu beharreko kontua da eraginkortasunarena. Ezinbestekoa da eraikinak klimatikoki ere pentsatzea, hau da, ahalik eta gutxien kontsumituko duen diseinu planteamentua egitea, beti ere ahalik eta kalitate onena izateko eta mantenua murrizteko helburuekin". Materialei dagokienez, kontsumoa neurrikoa izaten eta ahal dela murrizten saiatzen da arkitektoa, eta horri lotuta, jasangarriagoak diren materialen erabilera lehenesten dutela esan du; egurra, esaterako.

Hirigintzan, berriz, jasangarritasuna bizikletaren erabilera sustatuko duten eremuak sortuta lor daitekeela azaldu du. "Lehen, adibidez, espazioak hormigoiz betetzen ziren; orain, berriz, irizpide zein helburuak bestelakoak dira. Hirigintza gizartearekin batera doa, eta gizartea aldatzen den eran, arkitektura ere eraldatu egiten da. Gizartea garatzen doan heinean, eraikinak eta arkitektura ere aldatu egiten dira".

Eraikin zaharren kontserbazioa eta hirigintzako plan berriak uztartzearen auzia eztabaidagai da egun. Posible den neurrian, aintzinako eraikinak zaharberritzen saiatzen badira ere, Rezabalen ustez, eraikinak kontserbatu egin behar dira, baina baliorik baldin badute: "Ez du zentzurik interes gehiegirik gabeko zerbait iraunarazteak. Hala ere, egungo irizpidea zaharberritzearen aldekoa da, posible den kasuetan. Badaude, ordea, ustez baliorik ez zutelakoan, balio arkitektonikoa eta historikoa kontuan izan gabe, bota diren eraikin batzuk. Adibidez, lehen baserri asko eta asko bota egiten zituzten; egun, baina, ahal dela mantendu egiten dira egiturak berrituta". Rezabalek azaldu duenez, hilabete edota urteetako kontua izan daiteke proiektu bat diseinatzetik gauzatu arteko prozesua, "proiektuaren konplexutasunaren arabera" denbora gutxiago edo gehiago behar izaten dutelako. "Dena den, proiektu bat bukatzen ez den lan bat da; bukatzeko eperik izango ez bagenu, hobetzen segituko genuke une oro, beti izaten delako zer hobetu". Arkitektoak dioenez, baina, denbora luzekoa izan ohi da proiektu baten ideiatik hura gauzatu arteko bidea, eta prozesu horren atzean jende askoren lana dagoela gogorarazi du. Horri lotuta, gainera, badu kezka bat Rezabalek: "Gero eta esku langile gutxiago daude, hala nola iturginak, igeltseroak edota margolariak. Urte gutxi barru izugarrizko arazoa etorriko da, gremioak faltako direlako. Orain, lan horietan ari diren gehienak helduak edo erretiroa gertu dutenak dira, ez dago gazteen jarraipenik. Lan sakrifikatuak dira horiek".

Xabier Rezabal

  • Adina: 50 urte.
  • Ikasketak: Arkitektura.
  • Lanbidea: Arkitektoa.
  • Arkitektoa izango ez banintz… diseinuarekin zerikusia daukan zerbait egingo nuke. 
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… bidaiatzea eta herrialde desberdinetako kulturak ezagutzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide