Atzera begira

Azpeitiko pilotaren urrezko aroak

Nerea Uranga 2023ko abu. 13a, 09:00

Azpeitiko pilotaren eta pilotarien historiaz badaki zerbait Joxe Mari Oterminek. Pilotaren historiaz lana gauzatu du, eta azpeitiar pilotarien izenen eta izanen arrastoekin egin du topo. 2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Pilotaz hitz egiterakoan, Azpeitiaren aldameneko herria, Azkoitia, ekartzen dute askok gogora. Azken urteetan, ordea, ederki landu du harrobia Ilunpe pilota elkarteak, eta balentria ederra erakusten ari dira eskuzko Gipuzkoako zein Euskal Herriko herriarteko txapelketetan. Profesionaletan hiru pilotari –Jon eta Unai Alberdi anaiak eta Julen Egiguren– ari dira jokatzen; Ados elkartearekin ari da pilotan Oihana Orbegozo; eta beste hainbat erremontean dabiltza lehian. Atzera eginda, baina, "pilota modernoaren" hastapenetan Azpeitiak eta azpeitiar pilotariek nolabaiteko zeresana izan zuten, "urrezko aroak" izan zituzten, eta hain zuzen, horixe nabarmendu du Joxe Mari Oterminek (Amezketa, Gipuzkoa, 1948).

Kazetaritza ikasi zuen amezketarrak, eta Loiolako Herri Irratian zortzi bat urtez egin zuen lan. Ondoren, Euskadi Irratia martxan jartzeko "zortea" izan zuen, eta EITBko Miramon zentroaren zuzendari eta programazio buru aritu zen. Donostiako Antiguoko pilota elkartean ere ibili zen, baina utzita du, "osasunak hala aginduta". Historia du gustuko "gauza guztien gainetik", eta "istorio txikiak" gustatzen zaizkio. "Bada historia idazteko modu berezi bat: Carlo Ginzburg italiarra zalea da historia txikietatik abiatu eta abanikoa zabaltzeko, eta modu hori oso aproposa iruditzen zait pilotaren mikrohistorietatik abiatu eta historia potolora edo handira jotzeko".

Hala bada, pilotaren historiako pasarte txikiak hartuta, pilota industria bihurtzen hasi zen garaitik aurrerakoa aztertu du Oterminek, eta jardun horretan aurkitu ditu azpeitiar pilotarien izenen eta izanen arrastoak. "Nire ahalegina izan da pilota jokoa nola bihurtu zen kirol ikuskizun eta negozio iturri aztertzea. Euskal Herrian herri joko asko izan da, baina benetako industria, negozioa, pilotak bakarrik egin zuen, eta mundu osora zabaldu zen: Ameriketara, Filipinetara...", azaldu du bere azterlanaren jatorria. Orduak, egunak, asteak eta urteak igaro ditu jakin-min horri arnasa eman nahian, eta XVIII. mendearen azken hiru laurdenetan Azpeitiko pilotariek zer-nolako garrantzia izan zuten "nabarmena" dela ondorioztatu du.

1733-1833 urteen artean, pilota modernoaren atariko partidak jokatu zituzten Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, eta batik bat Gipuzkoan, baina, azpeitiar pilotarien aipamenik ez dagoela esan du. 1833. urtean, ordea, gutxienez bi azpeitiar aritu ziren pilotan Bilbon. "Urte hartan bota zituen pilota modernoak bere lehen zainak Bilbon, eta han baziren bi azpeitiar, behintzat: Mariano Judes eta Bernardo Iturriaga. Orduan, Bilbora joaten hasi ziren pilotari batzuk, eta partidak jokatzen; nobedadea zen hori. Aurrez, noizik eta behin partida bat jokatzen zuten, eta hurrengoa, igoal, handik sei hilabetera. Bilboko Areatzan, ordea, astean bizpahiru partida jokatzen hasi ziren, eskularruz". Denbora gutxira, lehenengo gerra karlista hasi zen, eta pilotaren garapenak "ataka" izan zuen.

Gerra bukatu ostean, pilota "suabe-suabe" arnasa hartzen joan zen, eta besteak beste, Madrilen Chamberiko trinketean jokatzen zuten askok; tartean, 1848an, azpeitiar pilotari bat bazen, Ibero izenekoa. Handik bi urtera, Azpeitiko pilotak lehen urrezko aroa bizi izan zuen, Oterminen hitzetan: "XIX. mendearen bihotz-hihotzean, 1850eko abuztuaren 16an, Donostian, Azpeitiko laukote batek Andoaingo, Oiartzungo, Lazkaoko eta Tolosako beste laukote baten kontra jokatu zuen, eta azpeitiarrak izan ziren nagusi, 11 eta 8. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, goizeko hiruretarako hasi zen pilota partida hura ikusteko jendea biltzen; hiru mila ikusletik gora batu zirela eta batzuk ezin sartuta gelditu zirela diote". Pilota partida hark berebiziko garrantzia izan zuela dio amezketarrak, eta horren erakusle da garaiko bost egunkaritan eman zutela haren berri: Donostiako Heraldo de San Sebastianen eta La Cronica de Guipuzcoan eta Madrilgo El Heraldon, La Nacionen eta La Epocan. Azpeitikoak zirela bai, baina pilotarien izenik ez da azaltzen.

Urte gutxira, 1857an, El clamor público egunkarian esaten da, badela Azpeitiko 17 urteko pilotari bat "de contextura delicada", aurrenekoz plazaratu Donibane Lohizunen eta Ipar Euskal Herriko pilotari trebeenen kontra partida ikusgarriak jokatuz, diru asko irabazi zuena. "Pilotari ona zetorrela ere aipatzen du egunkariak", nabarmendu du Oterminek. Handik bost urtera, 1862an, Donostian jokatutako pilota partida bati buruz Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariak aterako bertso paperei esker jakiten da pilotari gazte azpeitiar haren berri: Ignazio Mari Eizagirre Arrizabalaga Bautista zen. "1840ko otsailaren 2an Azpeitiko trinketean sortu zen pilotari hura. Pilotari paregabea, nola luzean hala errebotean, eta Udarregik esanda bezala, baita trinketean ere. Oso bertso politak dira Udarregirenak. Bautista Azpeitiko Txikia edo Txikito de Azpeitia bezala ezagutu zen, eta oso famatua egin zen. XIX. mendearen bigarren zatian pilotari onena edo onenetakoa izan zen, eta besteak beste, Manuel Uztapide Urtxale oiartzuarrari irabazi zion".

"Izarra" izan zen Bautista, eta hari esker Azpeitiak izena hartu zuen "pilota zaharrean". Azpeitian jokatutako pilota partida "oso famatu bat" aipatu du Oterminek: "1858an abenduaren 29an jokatu behar zen plazan, baina euria tarteko, 1859ko martxoaren 3ra atzeratu zuten, eta izugarrizko jendetza bildu zen. Bertsoak ere jarrita daude partida hartaz, oso kronika polita eginez".

Zer da pilota zaharra? "Oraingo errebotea esaten dena edo oraingo laxoan eskularruarekin jokatzen zutena. Sasoi hartan, izugarrizko isileko borroka zegoen zuzeneko jokoaren eta pleka edo hormaren kontrakoaren artean –orain ezagutzen dugun pilota modua–; batzuek zaharra –laxoa eta errebotea– estimatzen zuten, eta beste batzuk, berriz, frontoiko horma estimatzen hasita ziren. Zuzeneko jokoan izarretako bat zen Azpeitiko Txikitoa".

Azken gerra karlista bukatu ostean, eskuzko pilota besteen gainetik nagusitzen hasten da, eta horretan zeresana izan zuen, Oterminen arabera, Indalecio Sarasketa Eibarko Txikitoa pilotariak. "Eibarko pilotaren harrobia aberatsa zen, eta Euskal Herrian Eibarko pilota harrobiari kontra egingo zion bakarra Azpeitikoa zen. Eibarko Txikitok 16 urterekin garai hartako pilotari onenen kontra bi partida irabazi zituen, eta jainkoa bezala hartu zuten. Oso atzean geratu ziren eskularrua eta errebotea, eta eskuzkoa hasi zen nagusitzen. Garai hartan, Espainian espektakuluaren munduan lau erreferente ziren: Lagartijo eta Frascuelo toreatzaileak, Julian Gaiarre tenorra eta Eibarko Txikito".

Eibarko Txikitok, ordea, kontrako erreferente baten beharra zuen "bere dohainak" erakusteko, eta Azpeitian bazen pilotan harrobi aberatsa: "Eibarko Txikitori aurre egin zionetako bat Gregorio Lizurume azpeitiarra zen. Sei bat partida jokatu zituzten elkarren kontra, 1884an. Aurrenekoa frontoian jokatu zuten eskularruarekin, eta azpeitiarra izan zen garailea. Durangon [Bizkaia] zestaz bi partida famatu jokatu zituzten, bakoitzean gutxienez lau mila ikusle bilduz. Gero, Txikito palaz eta Lizurume txisteraz jokatu zuten beste bat; baina, 22 eta 27 Lizurume irabazten ari zela, min hartu zuen eta bertan behera utzi zuten. Eibarko Txikitok Euskal Herriko plazak irabazi zituen, hein handi batean, Lizurumeri irabazi ziolako, eta behin ospea irabazitakoan Ameriketara joan zen Eibarko Txikito".

Lizurumez gainera, garai hartan Azpeitian "mutur-muturreko" beste pilotari batzuk ere baziren, Oterminek azaldu duenez: Frantzisko Timoteo Alberdi Baltasar, Juan Jose Ezeiza Mardura, Uranga I eta Uranga II (Uranga Judez), Felix Artiz eta Jose Iartza San Juan".

Arkitektura eta literatura

Pilotarien harrobia bai, baina urte haietan zenbat frontoi zeuden Azpeitian? Hala dio Oterminek: "Zaharrena frontoi luzekoa zen, pilotalekua zena. Horrez gain, Udarregik esan digu Azpeitiko Txikito trinketista zela, Azpeitiko trinketean jaiotakoa; beraz, trinketea ere bazegoen. 1828-1830 urte artean, berriz, Azpeitiko Udalak frontoia egiteko erabakia hartu zuen, eta hori egun Frontoi Txikia den tokian izango zen. Gainera, 1880ko hamarkadan Azpeitiko jendeak –dirua zuenak, noski– ekimen pribatuz, pilotaren alde lan egiteko frontoi handi bat egitea erabaki zuen".

Pilota modernoaren hastapenetan, 1848an, Madrilgo Chamberi auzoko trinketean Ibero izeneko trinketista azpeitiarra azaltzen da. Horrez gain, iberotarrek, badute pilota munduarekin nolabaiteko beste lotura bat ere, Oterminek azaldu duenez: "Francisco Ibero [1724-1795] azpeitiarrak XVIII. mendean Euskal Herriko hiru frontoiren arkitekturaren ardura izan zuen: Elgoibarkoarena –ziur asko Euskal Herriko zaharrena dena–, Ermukoarena eta Mutrikukoarena". Pilota eta literatura lotuz, berriz, inoiz pilotaren gainean egin den "literatur lanik handiena" Miguel Unamunok egindakoa da, Oterminen ustez. "Unamunok Baltasarrek eta Mardurak Eibarko Txikitoren eta Elizegiren kontra jokatutako partida bat kontatzen du bere lanean. Historian literaturara eraman den partidarik famatuenean bi azpeitiarrak ziren, eta beste bat, gutxienez, erdi azpeitiarra; Bizente Elizegi sortzez errenteriarra izan arren, azpeitiar batekin ezkonduta, Azpeitian bizi zen".

Gustura jardun du Oterminek pilotaren historia txikiei tiraka, historiaren puzzlea saretzen. Eta "atrebentziaz", Azpeitiak eta azpeitiar pilotariek egindako historia bateren batek "modu serioan" biltzeko modukoa dela uste du: "Gai potoloa, lodia eta sakona da, eta Historia ikasi duen azpeitiar gazteren bat animatu dadila gai hau serio aztertzera, oso polita da eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide