"Zaletasuna edo denborapasa da guretzat Hitzak Ehuntzen proiektua"

Julene Frantzesena 2023ko abu. 9a, 13:29

Anartz Izagirre eta Xabier Etxaniz.

Hitzak eta irudiak uztartzen dituen Hitzak Ehuntzen proiektua martxan dute Anartz Izagirrek (Azpeitia, 1994) eta Xabier Etxanizek (Azkoitia, 1989). Ehun hitzen bueltan, ehun olerki eta irudi biltzen ari dira, pixkanaka, presarik eta presiorik gabe. Beren zaletasunei bide emateko parada aurkitu dute proiektuari esker.

Zertan datza Hitzak Ehuntzen proiektua?

Anartz Izagirre: Hitzak eta ilustrazioa uztartzen zituen zerbait egin nahi genuen; izan ere, Xabik bi liburutako ilustrazioak eginak ditu, eta niri, berriz, betidanik gustatu izan zait idaztea. Urte hasieran, nola egin pentsatzen ibili ginen, eta Instagramen ehun hitz, olerki eta irudi uztartzea otu zitzaigun. Astean ekarpen bat egitea da asmoa; hau da, hitz bat, horri dagokion olerki bat eta irudi bat biltzen dituen pieza bat. Dena den, abuztuan etenalditxoa egingo dugu. Ideia sinplea da.

Xabier Etxaniz: Ehungarrengotik atzeraka hasi ginen, lehen zenbakira iristeko asmotan. Adostu eta martxan hasi ginen, berehala. Asko pentsatu gabe hasi ginen, egia esan.

Zergatik Hitzak Ehuntzen?

X. E.: Ehun hitzeko proiektua da, hitzak ehundu egiten ditugu, eta hitz joko polita iruditu zitzaigun.

Nolatan elkartu zarete?

A. I.: Ezagutzen genuen elkar, eta hortik sortu zen erronka.

X. E.: Elkarrekin zerbait egitea nahi genuen, eta halaxe hasi genuen proiektua.

Nolakoa da lan prozesua?

X. E.: Bi eratan egiten dugu lan: batzuetan, nik ilustrazioa egiten dut, eta Anartzek irudi horri jartzen dio hitza eta idazten du olerkia; beste batzuetan, berriz, hitza pentsatzen dugu, olerkia idazten du Anartzek eta gero egiten dut nik marrazkia.

A. I.: Beti desberdina izaten da prozesua. Izan ere, agian hitz bat okurritzen zait bat-batean, horixe aukeratzen dugu, eta Xabik egiten du marrazkia eta nik olerkia. Beste batzuetan olerki bat idazten dut, eta gero erabakitzen dugu hitza... Hasieran, adibidez, olerkian agertzen zen hitza izaten zen kontzeptua, baina gero erabaki genuen ez zuela zertan horrela izan. 

X. E.: Niretzat errazagoa izaten da Anartzek olerkia egin ostean margotzea. Izan ere, halako kasuetan, olerkiko hitzak irudikatzen ditut marrazkian. Digitalki egiten ditut irudiak, tablet bidez.

Ez al da zaila hitz bat aukeratzea?

A. I.: Askotariko hitzak aukeratzen ditugu. Uste dut hitza aukeratzea baino zailagoa dela ideia sortzea. Izan ere, askotan olerkitik ateratzen dugu hitza. Kontzeptutik olerkia sortzea zailagoa iruditzen zait, adibidez. Metroan noala ideia bat okurrituz gero, horri tiraka idazten dut olerkia, eta kontzeptua gero zehazten dugu. Denetarik hautatu dugu orain arte, errutinan daudenak: geroa, asktasuna, jakin-mina, arrakala... Aukeraketa ez da homogeneoa. Hurrengo hitza gordina izango da.

X. E.: Estetikoki ere irudia zaintzen saiatzen gara. Marrazkiek beren artean kolorea mantentzen dute, testura antzekoak dituztenak...

A. I.: Olerkiak estetikoki ez dute antzik; nire idazteko modua asko aldatzen da olerki batetik bestera. Zentzu horretan, marrazkiaren atalean gehiago zaindu dugu estetika; izan ere, Xabierrek badu estilo jakin bat, nik idazten daukadana baino definituagoa.

Hamalau ekarpen egin dituzue orain arte... Kutunik bai?

X. E.: Teilatupe kontzeptuari lotuta egin nuen marrazkia gustatzen zait gehien; etxe bat ageri da irudian.

A. I.: Arrakala da gehien atsegin dudana. Kontzeptua bera asko gustatzen zait, nahiz eta asko esplotatu den hitza izan. Hitz horri lotuta sortu nuen olerkia ere nahiko kuriosoa iruditzen zait, eta irudia ere oso bisuala da. Anekdota bat ere badaukat ekarpen horri lotuta: coaching saioak ematen dituen ezagun batek galdetu zidan ekarpena erabil al zezaketen lanean ari zen taldea motibatzeko eta kohesionatzeko.

Ehunera iristeko falta zaizkizue batzuk...

X. E.: Motibatuta nago. Finean zaletasuna edo denborapasa da guretzat Hitzak Ehuntzen proiektua, ez gara hortik bizi, eta halako lanak gustura egiten ditut.

Astez asterako ekarpenen bilduma osatuta al daukazue?

A. I.: Hasieran hori zen asmoa, batzuk eginda edukitzea, behar denerako. Baina, egia esan, momentuan momentukoa egiten dugu; aurrez ez dugu gehiegi pentsatzen.

Instagramen egiten dituzue argitalpenak. Zergatik?

X. E.: Ez gara sare sozialetan adituak. Instagram da guretzat sare sozial ezagunena, Facebookekin batera, baina Facebookek gainbehera izan du, eta... Adituak ez garenez, edozein egunetan-eta igotzen ditugu ekarpenak Instagramera, adibidez; buelta askorik eman gabe. Estetikoki modu politean igotzen ditugu edukiak, eta gustura nago alde horretatik.

A. I.: Proiektua martxan jarrita eta jarraitzaileak dituzula ikusita, gauzak ondo egiteko gogoa areagotu egiten da, erantzuteko behar hori sumatzen dut. Dena den, marketinaz ez dakigu askorik, ez dugu lortu proiektuari eman dakiokegun zabalkundea ematerik; zabalkundeaz ez dugu askorik pentsatu. Hori bai, gure xede taldea gazteena da, eta Instagramera jo genuen proiektuarekiko interesa izan dezakeen jendea han dagoelako. Beraz, uste dut bide egokia izan daitekeela helburua lortzeko.

Euskaraz egiten dituzue ekarpen guztiak. Baina euskarak ez du presentzia handiegirik Instagramen, ezta?

A. I.: Eremu oso erdalduna da Instagram; halako plataformetan ez da euskarazko eduki askorik. Gurea kausa-ondorioa izan da: euskaraz sortzen dugu, eta ondorioz, eduki pixka bat gehiago dago Instagramen euskaraz. Mundu guztiz erdalduna da Instagram, eta uste dut positiboa dela zerbait, laburra izanagatik, euskaraz egotea.

Zer harrera izan du proiektuak?

A. I.: Orain arteko bidea positiboa izan dela esango nuke. Badaude halako antzeko proiektuak martxan diren beste Instagrameko kontu batzuk ere, baina ez ditugu askorik izan kontuan, egia esateko. Nire jarraitzaileen partetik jaso dudan erantzuna ona izan da; jendeari proiektua gustatu zaiola dirudi.

X. E.: Egia da azken boladan jarraitzaile gehiago ditugula; irratira joan ginelako izango da (barrez). 

Aurretik egin al zenuten sekula halako proiekturik?

X. E.: Konfinamenduan umeentzako ipuin bat egin nuen, Monika Arratibelekin elkarlanean. Ordutik, Mimatuz kolektiboak kaleratutako umeentzako beste ipuin bat ilustratu dut, eta aurki beste bat plazaratuko dute. Hain zuzen, Mimatuzen helburua da umeentzako latzak diren gaiak lantzeko bildumatxoa osatzea. Bizitza guztian marraztu izan dut, baina fazeta konfimanenduan garatu nuen batez ere; ordura arte, Aizpurutxoko festetako kartelak-eta egiten nituen.

A. I.: Gauza oso xumeak idatzi izan ditut. Betidanik izan dut olerkiarekiko interesa; izan ere, arte motza eta esplizitua dela iruditzen zait. Liburu bat ere argitaratu nuen bere garaian... Bestalde, olerki lehieketan ere parte hartu izan dut, eta oro har, ia egunero idazten dut fikzioa ez den zerbait. Fikzioa, ordea, asko gustatzen zait. Ordenagailuan ehunka olerki eta bukatu gabeko ipuin labur ditut idatzita; izan ere, hasi egiten naiz, baina erdibidean utzi ere, asko uzten ditut.

Hitzak Ehuntzenek eskatzen du, hain justu, jarraikortasun bat izatea, ez?

A. I.: Bai, jarraipena eskatzen du. Gainera, sekula ez dut idatzi izan halako euskarri batean erakusteko; orain arte, batez ere, paperean idatzi dut, neuretzat, lehiaketaren batera aurkezteko...

X. E.: Bai, gainera, askorik pentsatu gabe egin genuen lehen ekarpena, eta gero segitu egin behar duzu.

Ehun ekarpenetara iristen zaretenean, zer?

X. E.: Hitz egin izan dugu proiektuari lotutako kamisetak kaleratzeaz eta... Dena den, ondo aztertu behar dira gauza horiek.

A. I.: Bukaerarik gabeko proiektua da, eta ehun hitzetara mugatu badugu ere, hortik sor daiteke beste zerbait; gauza asko egin daitezke. Kamisetak kaleratzeko aukera ez ezik, errezitaldiak egiteko abagunea ere ematen du proiektuak. Baina egia esan, ez dugu gehiegi pentsatu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide