Kantatzen duten herritarrak

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 27a, 09:23

2010ean, Santio egunez, kantuan 150 lagun inguruk irten zuten. (Uztarria)

"Kantatzen duen herria, ez da inoiz hilko" dio kantuak. Azpeitian bada, duela hamalau urtetatik, herriari kantuz bizi-bizirik eusten dioen taldea: Kantujira. Kantatzea helduen eta emakumeen kontua dela ondorioztatzera eraman dezake taldearen egiturak, baina "kantatzeko eta taldean egoteko gogoa" duen orok du lekua bertan. Probatzen dutenek "errepikatu" egiten dutela diote. 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Aldizkari hau irakurleen eskuetara iristerako, beheak eta goiak bat egin ez badute behintzat, Santio egunez hamabosgarren aldiz kalera kantura irtena izango da Azpeitiko Kantujira, Hazparneko lagunekin batera. Taldearen sorburuarekin bada pare bat urteko desadostasun bat. Gaztetxeko kideekin batera irten zen kalera lehen aldiz Kantujira, Baigerak eta Gaztetxeak saninazioetako txupinazoa elkarrekin botatzeko gonbita jaso zuten urte berean, hain zuzen ere. "Udalak erabaki zuen saninazioetako txupinazoa Baigerako jubilatu batek eta Gaztetxeko kide batek botatzea. Elkarrekin txupinazoa bota eta kito gutxitxo zela, eta zer gehiago egin zezaketeen galdezka hasi ziren. Maria Jesus-eta [Arregi] zebiltzan saltsan, eta berari otu zitzaion kantujiran irtetearen ideia. Ezagutzen gintuen gure etxekoak eta gugana etorri zen proposamenarekin, baita beste batzuengana ere. Eta horrelaxe hasi ginen, talde txiki bat; dozena bat lagun ginen hasieran. Gaztetxeko kide batzuk ere etorri ziren, eta bi-hiru urtetan jarraitu zuten etortzen. Oraindik ere, Santio egunean agertzen dira batzuk, baina entseguetara-eta ez dira etortzen ja". Horrela azaldu ditu hastapenak Maite Garmendiak. Kontua da, ordea, Baigeraren bueltatik sortutako taldeak berak 2011n kokatzen duela lehen aldi hura, baina bi urte lehenago, 2009an, bota zuten txupinazoa elkarrekin herriko gazteen eta jubilatuen ordezkariek.

Hamalau urte joan dira, horrenbestez, Azpeitiko Kantujiraren lehen aldi hartatik. Une eta gertaera jakin batean abiapuntua izan zuen egitasmoa hazten joan da. 2009ko hartaz geroztik, pandemiak ebatsitako bi urteetan salbu, hutsik egin gabe bete dituzte kaleak euskal kantuz Santio egunez, eta beste egun eta une askotan ere bai.

Kantujirakoen entsegu bat. (Uztarria)

Handitzen, handitzen...

"Hasieran gutxi ginen, justukoak, baina heltzeko moduko taldea zen", dio Maria Jesus Arregik, taldearen sustatzaileak. Gitarra bakarrarekin irteten hasi ziren, Amaia Garmendiarenarekin; aurrerago, taldera kantura batu zen Arantxa Orbea ere –Garmendiaren ikaslea– gitarra jotzen hasi zen. Pixkanaka, Santio egunekoaz gain, kantaldi gehiago egiten hasi ziren han eta hemen –Eguneko Zentroan eta San Martin egoitzan, esaterako–.

"Eta halako batean, azaldu zitzaigun gizon luze eta guapo bat, esku soinurik gabe...", bota du Maite Garmendiak hastapenetako kontakizunaren barruan. "2012an hasi nintzen ni", sartu da kontakizunean Joxe Mari Garmendia, eta barrez hasi dira Baigerako laugarren solairuko entsegu lekuko mahaiaren bueltan elkartutako kide guztiak, Maite berataz ari zela derrepentean ulertu duelako Joxe Marik. Lanetik erretiroa hartu zuenean hasi zen azken hori Kantujiran parte hartzen; hasieran, kantuan bakarrik, eta gerora, eskuko soinuarekin. Joxe Mari Garmendiaren akordeoia gehitzea taldearentzat "inflexio puntua" izan zela nabarmendu dute Maite Garmendiak eta Arregik.

2018ko saninazioetan, kalean kantuan. (Uztarria)

"Hasieran pena ematen genuen", bota du, hala ere, Kantujirako soinu jotzaileak, ostiraletan kalera irteten ziren garai haiek gogoan. Gaur egun, ordea, bestelakoak dira kontuak Azpeitiko Kantujiran. Garmendiaren akordeoiaren atzetik, beste kitarra bat –Olatz Arangurenena–, txirula, ahoko soinua eta perkusioa –Joxe Luis Lopetegi Loperen eskutik– batu zitzaizkion taldeari. Eta kide kopurua ere asko hazi da. "Taldearen argazki ofiziala atera dugu aurten, eta 42 elkartu ginen", dio Luis Gurrutxagak. "Jendea falta zen, hala ere, gehiago gara", gehitu du Kontxita Martijak; "aspaldi honetan entseguetan 40 bat" elkartzen direla zehaztu du Maite Garmendiak, eta Whatsapp taldean 50 badirela esan du Joxe Mari Garmendiak.

Gaur egun, hamabostean behin "barruko entsegua" esaten diotena egiten du taldeak Baigerako lokalean, eta hamabostean behin "gutxi gorabehera", ostegunetan, kalera irteten dira kantura. Horrez gain, Sanjuandegiko, Nuarbeko eta Elizkaleko festetan aritzen dira, Loiolan Sagardo Eguna egin izan dutenetan ere kantatu dute han; eta aurten, lehen aldiz, Beizamako San Pedro jaietan parte hartu dute. "Aurten bolo asko eduki ditugu", dio Maite Garmendiak. Beizaman, 19:00etan saioa hasi eta 23:00 aldera arte jarraitu zuten kantu festarekin. "Ene, zer izan zen ba hura... Berriz joan beharko gara", adierazi du nahia Martijak. Abuztuan bertan itzultzekoak dira, hango San Lorentzo ermitako festara.

Ezkerrean, Kantujirakoak Ostegun Gizeneko kalejirarako pronto, 2020an. (Uztarria)

Emazteen fabore

Baigera jubilatuen elkartetik sortutako egitasmoa izan arren, Kantujira Baigeratik aparteko kontua dela azaldu dute taldekideek. Kideen batez besteko adina Baigerako bazkide izan daitezkeenen adinetik gertuago dagoela ez dute ezkutatzen, baina nabarmendu dute "gazteak" ere batu zaizkiela azkenaldian. Izan ere, Kantujiran parte hartzeko "baldintzarik ez" dute jartzen, ez adinari dagokionez, ez bestela. "Denetik dago, e. Ez da exijitzen ahots ona edukitzea. Kantatzeko eta taldean egoteko gogoa, besterik ez", laburbildu du Orbeak taldearen izpiritua. Taldeko giro onari garrantzia ematen diotela agerikoa da Uztarriarekin elkartutako kideak ikusita eta entzunda. "Bai, bai, meriendak-eta egiten ditugu...", hasi da Gurrutxaga umoretsu, eta segida eman dio Orbeak: "Gu ez gara alferrik galtzen, ez". Talde barruko txantxak eta kodeak agerian gelditu dira taldekideen generoaz hitz egiterakoan ere. Emakumeak nagusi dira, oso nagusi, Azpeitiko Kantujiran. Botila erdi hutsik ikusten dute batzuek, gizon gehiago zergatik ez den animatzen ez dakitela. "Azkena, Elizkaleko adibidea: 26 emakume eta bost gizonezko. Saiatu naiz, eta pare bat edo hiru ekarri ditut nik, baina...", dio Gurrutxagak, etsipen puntu batekin. Orbea botila erdi beteta ikusten dutenen taldean dago. "Gizonezkoak badaude aspaldi honetan, ari dira animatzen", dio, eta umoretsu, taldeko gizonak "zer ondo zainduta" dauden aipatu du. "Hori ere esan beharra dago", arrazoi eman dio Gurrutxagak barre artean; eta barreak areagotu dira Joxe Mari Garmendiak Orbeak esandakoari "beno..." batekin erantzun dionean.

Garmendiaren esanetan, hori bai, "jende gehienak behin etorriz gero errepikatu egiten du". Kide askorentzat Kantujira –eta entseguak, batik bat– "taldeko terapia" antzeko bat dela ere aipatu dute Maite eta Joxe Mari Garmendiak; "ordu eta erdi edo bi ordu gustura pasatzen dituzte, kantatzen, eta gustura joaten dira", gaineratu azken horrek.

Kantujirakoen entsegu bat. (Uztarria)

Kantuz nahi bizi

Taldea hazten joan den neurrian hazten joan da errepertorioa ere. Horren erakusle nagusia da taldearen lorpen handienetakoa: 300dik gora kantu biltzen dituen "liburuxka" mardula. "Euskal Herriko kantujiretako hainbat liburu ditut, eta horrelakorik ez dago", nabarmendu du Gurrutxagak, liburua egiteko "lan asko" egin zutela gehituz. 2019 bukaeran argitaratu zuten, udalak lagunduta. Euskal kantugintza jorratzen du ia erabat Azpeitiko Kantujirak, baina liburuan badituzte erdarazko kutunak ere: De cap tà l'immortèla okzitanierazkoa, Aqueres montanhes Aran haraneko ereserkia, eta gaztelaniazko hainbat klasiko ere bai: Adiós con el corazón, Ojos negros... Eguneko Zentroan, San Martin egoitzan edota Loiolako jesuitetan kantatu izan dituzte batik bat azken horiek.

Aurten lehen aldiz egin dute, "festetara-eta egin ditugun irteera horietarako" kanta ezagunenen zerrenda bat, 35 piezarekin. Liburua argitaratu zutenetik ere taldearen kantutegia hazi egin da, eta "berredizio bat" egiteko aukera ez dute baztertzen, kantu berriak gehitzeko. Entseguetan, "batzuetan", taldekideek beren kantu gustukoenak eskatzeko aukera izaten dute, eta badaude "hiru edo lau beti kantatu behar" izaten dituztenak: Pottoka, Ez nazazu utzi, Xalbadorren heriotzean... Gozatu egiten dute, horiekin eta gainerakoekin, Kantujirakoek, kantatzen duten herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide