Joxean Araneta: "Behin utzitakoan, ez dut abiadura proba gehiago egingo"

Nerea Uranga 2023ko abu. 31a, 11:32

Joxean Araneta, Landetan. (Nerea Uranga)

Abenduaren 31n utziko dio azken 40 urteetako jardunari, auto lasterketak antolatzeari. Joxe Labaka pilotuarekin murgildu zen automobilismoan, eta zaletasunari elkarrekin utziko diote. Momentu ederrak bai, baina atsekabeak ere izan ditu. Horrelakoetan, "loa galtzen" duela dio. 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Lau hamarkada daramatza Joxean Aranetak (Elosiaga, Azpeitia, 1963) automobilismoaren munduan. Lasterketak jokatzen baino, antolatzen egin du lan batik bat; Euskal Herrian barrena autoen proba ugari prestatu izan ditu Lagun Artea eskuderiaren izenean. 60 urte beteta, ibilbidea bukatzeko sasoia iritsi dela uste du, eta lekukoa besteren bati pasatzeko prest dago.

Nondik datorkizu auto lasterketetarako zaletasuna?

Txikitan, Elosiagan baserrian bizi ginenean, Rally Vasco Navarro lasterketa igarotzen zen Beizamatik. Gu, gauez, oinez joaten ginen Elosiagatik Beizamako hilerri parera autoak ikustera; behin, pare hartan, zazpi autok batak bestearen atzetik irten zuten bidetik hilerriaren azpialdera. Mutil koskorretan han egoten ginen belarria errepidearen kontra jarri eta "hemen dituk, hemen dituk" esanez. Gero, Joxek [Labaka] 18 urte egiterako ekarri zuen autoa, lasterketetan hasi zen, eta ni harekin kopilotu. Horrela hasi eta aurten arte. Labakak ere aurten utziko dio lasterketei; batera hasi ginen eta batera lagako diogu, horixe esan genion elkarri.

Noiz hasi zinen auto lasterketak antolatzen?

Auto lasterketak antolatzen hasi aurretik, 1982an, kopilotu ibiltzen nintzen Labakarekin eta Aginagalderekin. Formalki 1986an hasi ginen auto lasterketak antolatzen, eta 1990ean sortu genuen Lagun Artea eskuderia. Aurretik beste eskuderia batzuekin antolatzen genituen probak. Joxe Labakari laguntzeko erabaki genuen eskuderia sortzea, eta ordutik, aurrera egin dugu.

Urrakiko Igoerak, ordea, urte gehiago ditu, ezta?

42 urte ditu Urrakiko Igoerak. Guk eskuderia sortu aurretik, Marruak eskuderiak Urrakiko Igoeraren sei edizio antolatu zituen; uste dut aurrenekoa 1977an egin zutela. Azpeitiko auto lasterketetan zaharrena da Urrakikoa. Azpeitiko Rallya ere egin zen urte batzuetan, baina gero eta arazo gehiago zeuden antolatzeko, eta haren ordez, klasikoen rallyak egiten hasi ginen. Klasikoen rallyak aurten hogeigarren edizioa izan du. Erretiroa hartu aurretik, Azpeitiko Rallya berriro antolatzeko ilusioa nuen –Beizama gora, Urraki behera eta Etumetara arteko zatiak eginez–, baina ez da posible egitea. Borrokan ibiltzeko aspertuta gaude, eta horretan lagako dugu gogo hori.

Ba al duzu lekukoa zeini eman?

Ez, ez dut. Lasterketak antolatzeko lan asko egin behar da. Poztasun handiak izaten dira, baina baita atsekabe handiak ere; denetarik izaten da. Bateren batek horri aurre egiteko konpromisoa hartzen badu, hor dauka eskura. Lekukoa hartzen duenari nik lagunduko diot, baina hortik aurrera...

Auto lasterketa batek zer lan du aurretik?

Denboraldi berria aurreko urtea bukatzerako hasten da. Izan ere, azaroan, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak hurrengo urteko lasterketen data guztiak eskatzen dizkigu. Behin horiek zehaztutakoan, proba antolatzeko diru biltzearen garaia hasten da: babesleak, iragarleak... Lasterketaren egunean, berriz, ehun bat boluntario behar izaten dira lanerako, ibilbideko segurtasuna zaintzeko eta beste hainbat lanetarako. Gastua ere dezentekoa izaten da, aseguruetan bakarrik 14.000-15.000 euro gastatu behar izaten dira eta. Sariak, baina, gaur egun ez dira hainbestekoak izaten; bi mila euro banatzen dira sarietan. Lehen baino sari txikiagoak ematen dira; orain dela lau urtera arte 6.000 euro banatu izan genituen sarietan. Lasterketa bakoitza iragartzeko mila kartel ere ateratzen ditugu, eta horiek banatu egin behar izaten dira. Proba aurreko azken hilabetea lan bete-betekoa izaten da.

Zer auto lasterketa antolatu izan dituzu? Azpeititik kanpo ere egin izan dituzue, ezta?

Urte batzuetan Euskal Herriko ia lasterketa guztiak guk antolatu genituen: Gabirikoa 25 urtean egin dugu; Jaizkibelgo auto lasterketa hamahiru urtean antolatu genuen, baina orain Jaizkibel eskuderiak du horren ardura; Lesakako proba zortzi urtez-edo egin genuen; Gorlakoa lau urtez; Udanako proba ere hiru urtez prestatu genuen; Urbasa ere egin genuen; Azpeitiko Ikasberri Rallysprinta ere antolatu genuen. Horiez gainera, urte batean Nafarroako Txapelketa oso-osoa ere guk antolatu genuen. Urte hartan, Maykel Del Cid eta biok asteburu bakar batean ere ez ginen sartu etxean; astea lanean pasatu eta asteburuetan Nafarroako Txapelketako probak antolatzera joaten ginen. Nafarroako Automobilismo Federazioak baino sari hobeak eman genituen, eta denak oso ondo irten zuen.

Eta gaur egun zer auto lasterketa antolatzen ditu Lagun Artea eskuderiak?

Gabirikoa, Azpeitiko Rallysprinta, Aiako Igoera, Urrakiko Igoera, uztaileko eta azaroko Azpeitiko klasikoen rallyak eta Urte Zahar egunean Aiako Slaloma dira gaur egun antolatzen ditugun lasterketak. Gero, klasikoen rallyak antolatzen segitzeko asmoa badut, baina abiadurako auto lasterketarik ez dut egingo.

Zergatik?

Ardura asko dira, beti nerbioak eta tentsioa goi-goian izaten dira. Diru asko jartzen da jokoan, eta ondo ateraz gero, ondo, baina gaizki irteten duenetan, ondorioak norberarentzat izaten dira. Anaiak-eta ere nahiko erreta ditut, urte askoan ondoan izan ditudalako zigortuta. Utzi eta... kitto! Alabak esan dit auto lasterketetan dabiltzan emakumeen talde bat osatu dutela, eta igoal, beraiek zerbait antolatuko dutela. Ezer antolatzen hasi aurretik ondo-ondo pentsatzeko aholkua eman diot alabari, kontua ez baita lasterketa prestatzea bakarrik; horrek ekartzen dituen ondorio guztiak ere kontuan hartu behar dira. Aurten, Azpeitian ezbehar bat izan dugu, eta hori nork bere egin behar du, azkenean, ni naizelako lasterketaren arduraduna. Gainera, ez da izan aurtengoa ezbehar bakarra: 2020an Urrakin beste ezbehar bat gertatu zen, 2008an beste bat, 2001ean beste bat eta 1998an Beizaman bestea. Bost dira, asko dira.

Asko sufritzen duzu horrelako ezbehar bat gertatzen denean?

Bai, loa galtzen dut. Auto lasterketaren bueltako egunetan ez da lorik egiten; ez bezperan, ez egunean, ez ezbehar bat gertatzen den ondorengo egunetan ere.

Joxean Araneta eta Joxe Labaka, proba baten irteeran. (Utzitakoa)

Momentu onak ere eskainiko ditu, ezta?

Asko, asko izaten dira une ederrak ere. Pozgarria izaten da auto lasterketa batean dena ondo eta zoragarri joaten denean.

Parte hartze handiko lasterketa onak ere izan dira hemen inguruan, ezta?

Bai, bai. Jaizkibelen lehendabiziko lasterketa antolatu genuenean 114 gidarik parte hartu zuten; Europako Txapelketa jokatzen ari ziren gidariek irten zuten, italiarrek eta. Urbasakoan ere 108 gidarik parte hartu zuten urte batean, eta Azpeitian bertan ere, 80tik gora autok irten izan dute. Horrek bere zera bat ere ematen dizu. Jende askok deitu dit auto lasterketak antolatzeari ez uzteko eskatuz, baina beti ez dago segitzerik. 60 urtera iritsi gara, eta uzteko garaia iritsi da.

Auto lasterketak aurkezten dituzuen aldiro, arauak errespetatzeko eskatzen diezue zaleei. Zer moduz moldatu zarete probak ikustera joaten diren zaleekin?

Azken hiru urte hauetan nahiko ondo gabiltza. Izan dira, ordea, bolada txar-txarrak, gorabehera askokoak. Garai batean, lasterketa aurretik joaten zen jendea tokia hartzera, eta batzuk errespetu falta ikaragarriarekin jokatzen zuten: baserri aurreetan sua eginez, inguruak errespetatu gabe, baserri bideak itxiz... Gogoan dut Gabirian antolatu genuen aurreneko edizioan gertatutakoa: igandean zen auto lasterketa, eta ostegunerako jendea zegoen bilduta ibilbidearen bazterrean, sua egiten eta. Jende harekin gauzak konpontzeko nahiko lan ibili nuen; ertzainei deitu, neu haiekin hitz egitera joan... Handik aurrera, bezperatik Gabirian gelditzen nintzen, bizilagunen kexarik baldin bazen konpontzen saiatzeko. Garai hartan, Errezil aldean ere tratu txar-txarrak pasatutakoak gara, goizeko hiruretan joan eta ibilbide ertzetan zeudenekin eztabaidan. Horrelakoetan, zenbat aldiz esan ote diot neure buruari: "Hau dena bukatu da, dena utziko dut". Hurrengo egunean lasterketan denak ondo irteten du, eta bezperakoa ahaztu egiten da, baina... Azken urteetan, jendearen gauetako ibilera horiek asko galdu dira, eta alde horretatik, hobeto gabiltza.

Asmatuko al duzu auto lasterketak ikustera soilik joaten?

Gaur egun, lasterketak irteeran bakarrik ikusten ditut. Orain, dena utzitakoan, badaukat zer ikusia; hogeitaka urtetako bideoak hor egongo dira, eta horiek ikusteko denbora izango dut.

Zaletasunean oinordekoak badituzu etxean: Arantzazu Araneta alaba auto lasterketetan dabil.

Bai. Hamabost eguneko umea Gabirian besoetan utzi eta lasterketan irten behar zuela esan zidanean, oso gaizki pasatu nuen; lasterketa bertan behera utziko nuela esan nion. Hark, ordea, kasurik ez zidan egin, eta tratu txar-txarra pasatu nuen. Lasterketan dena ondo joaten denean ondo, baina gaizki joatea ere egokitu daiteke... Kanpokoari bezalaxe, etxekoari gerta dakioke zerbait, eta etxekoa izanda, ez dago barkaziorik. Semeek ez dute abiadura probetan irteten, baina ez gogorik ez dutelako.

Automobilismoa kirol garestia da, ezta?

Afizio handia eduki behar da, eta mekanikaz ere jakin beharra dago. Lan hori norberak egiten badu, ez da horren garestia, baina jakin egin behar da. Gaur egun, denek ez dakit nolako kaxa sartzen dioten autoari, elektronikarekin eta... Gure garaian ez zen horrelako ezer: egun batetik bestera askatzen genuen Simca Rallya, motorra kanpora atera eta hurrengo egunean berriro muntatuta errodajea egitera. Oraingo autoekin ez dago horrelakorik egiterik, elektronika sartuta dutelako. Joxe [Labaka] eta biok gurpil joko bakarrarekin eginda gaude Espainiako Txapelketa osoa; gaur egun, berriz, gurpil joko bat gastatzen dute lasterketa bakoitzean. Alde ederra dago! Gora egin du kontuak, eta sariak orduan baino txikiagoak dira orain.

Afizioa automobilismoa duzu, eta lanbidea ere gurpil gainekoa.

Kamioiarekin egiten dut lan, bai. Goizeko hiruretan hasi eta bukatu arte; eguerdiko hamabietan, ordubatean edota ordubietan lana amaitu arte. Arratsaldea, berriz, afizioari eskaintzen diot, auto lasterketarako babesleak topatu...

Bizi osoan jardun al duzu kamioiarekin lanean?

1986an hasi nintzen kamioiarekin lanean. Aurretik beste bederatzi urte tabernan egin nituen; hiru urte pasatu nituen Zumaian eta sei urte Bergaran. Gero, hoberako asmoan, kamioian hasi nintzen, baina... Zumaiara joaten nintzenean, goizeko zortzietan hasten ginen tabernan lanean; gero, Bergarara joan nintzen lanera, eta han goizeko seietan hasten nintzen; ondoren, hobeto izango zelakoan, kamioiarekin hasi eta goizeko hiruretan... Ez noa gehiago lanez aldatzera!

Zer du bada errepideak?

Ez dakit, badu zerbait, baina ez dakit zer den.

MOTZEAN

  • Auto lasterketa bat? Azpeitiko Rallya, Beizamako ibilbide zatia, Urrakin beherako zatiarekin eta Etumetara. Erretiroa hartzerako berriro proba hori antolatzea zen nire ilusioa, baina ez da posible, eta hortxe geldituko da. Urrakiko Igoera ere asko gustatzen zait.
  • Auto bat? Porschea 911 grupo 4 edo 5, bietakoren bat.
  • Gidari bat? Joxe Labaka.
  • Kanpoko gidari bat? Carlos Sainz aita.
  • Inoiz ikusi ez duzun zein lasterketa ikusiko zenuke gustura? Montecarloko Rallya; elurretan da eta zerbait desberdina ikusteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide