Boligrafo tinta, artelanen giltza

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 1a, 08:35

Pedro Luengo, erakusketan jarriko dituen hainbat koadrorekin. (Ihintza Elustondo)

Pedro Luengo artista azpeitiarrak azken lauzpabost urteetan boligrafo tintaz margotutako koadroak bilduko dituen erakusketa zabalduko dute astelehenean, Sanagustin kulturgunean. 

Ofizioz ez, baina afizioz eta bihotzez margolaria da Pedro Luengo (Azpeitia, 1969). Denbora librea duenean, pintzelak eta margoak astinduz eman ohi ditu orduak azpeitiarrak, izan etxean ala Alde Zaharrean kokatuta dagoen L’Atelier txokoan. Margotu eta margotu, material pila bat sortu du azken urteotan, eta artelan horien zati bat ezkututik argitara aterako du egunotan. Zehazki, Sanagustin kulturguneko hormetan zintzilikatuko ditu hainbat margolan. 

"Gauza handirik ez" dela izango dio Luengok erakusketa deskribatzean, baina Sanagustinen jarriko dituen hainbat eta hainbat koadro atontzen hasia da dagoeneko L’Atelier txokoan. Askotariko margolanak egin ohi ditu, baina erakusketa mota jakin bateko koadroekin osatuko du: boligrafo tintaz egindakoekin, hain zuzen ere. 

Margo akrilikoekin egin ohi ditu lan gehienak Luengok, baina duela lauzpabost urte beste teknika bat probatzen hasi zen: "Han-hemenka ikusi nuen bazegoela boligrafoz marrazkiak egiten zituen jendea. Ideia gustatu zitzaidan, eta probatzea erabaki nuen, entretenimendu gisa. Denbora-pasa hasi nintzen, bidaietan, telebistaren aurrean, etxean... margotzen nuen. Batzuk aritzen dira, bada, brodatzen edo eskulanak egiten? Ba ni horrelako marrazkiak egiten hasi nintzen", azaldu du. 

Probatu eta gustatu. Ohartzerako, boligrafoz egindako koadro ugari sortu ditu. Gehienak kolore urdinarekin egin ditu, baina badira beltzez margotutakoak ere. Kolore pixka bat ere badute zenbaitek, eta gai aldetik, berriz, gustuko kontuak landu ditu: animaliak, pertsonen erretratuak, irudi urbanoak, paisaiak... Margolan guztiek badute beste zerbait ere komunean: marko deigarriz apaindu ditu. 

S, M eta L

Formatu txikiko lanak dira Sanagustinen erakutsiko dituenak. Dena den, neurri ezberdinak dituzte koadroek, eta hiru taldetan bereizi ditu: S multzoan kokatu ditu txikienak, M multzoan erdikoak eta L multzoan handienak. Koadro horiek kokatzean Sanagustingo hormetan lekurik sobera gelditzen bada, beste pare bat lan handi ere erakutsiko dituela dio, osagarri gisa. 

Egin eta egin, askotan inon erakutsi gabe gelditu ohi diren koadroak erakutsiko ditu, beraz, artistak. Helburu handirik gabe, modu informalean, libreki landuak dira. Argazkiak izan ohi ditu gehienetan margolanak sortzeko oinarri: "Neuk ateratako argazkietatik abiatuta sortu ohi ditut koadro batzuk, eta besteen irudietatik gainontzekoak. Atentzioa ematen didaten irudiak izan ohi dira, baina ez dakit esaten zer duten bereizgarri. Kontu estetiko bat da". 

Ez da azpeitiarrak jarriko duen lehen erakusketa izango Sanagustingoa. Sorterrian gehiagotan erakutsi izan ditu bere lanak, baita eskualdean ere. Duela bi urte, esaterako, Zumaian jarri zuen erakusketa, eta han ere ikusi ahal izan ziren boligrafoz egindako zenbait lan. 

Gauzak nola diren: eskuizkribuak eta oharrak idazteko ez ezik, boligrafo tinta izan daitekeelako artelanen giltza.

Astelehenean zabalduko dute erakusketa

Pedro Luengok azken lauzpabost urteetan boligrafoz ondutako koadroak astelehenetik aurrera ikusi ahal izango dira Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Gune horretako hormetan zintzilikatuko ditu koadroak, eta hiru astez izango dira ikusgai; irailaren 24ra bitartean, hain zuzen ere. 
Artista azpeitiarrak herritarrak gonbidatu ditu egun horietakoren batean erakusketa ikustera. Taberna zabalik dagoen ordutegian bisitatu ahal izango da erakusketa, goizez nahiz arratsaldez. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide