Mikel Alberdi: "Egiten denak sentipentsatzeko balio behar du, bizitza goraipatzeko"

Elena Margüello 2023ko ira. 2a, 11:00

Mikel Alberdiren erretratua. (Olatz Alkorta)

Bidaiak, musika nahiz literatura ditu zaletasun handienak Mikel Alberdik. Irakasle lanetatik erretiroa hartuta, bere ibilbide profesionalaz nahiz gustuko dituen denbora-pasei buruz aritu da solasean. 2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Erretiroa hartuta, gaztetatik saiatu izan den bezala, orain ere hara eta hona dabil Mikel Alberdi (Azpeitia, 1960) azken urteetan. 14-15 urte ingururekin, uda sasoia tailerretan lanean igarotzen zuen, eta bizimodu hura "oso tristea" zela sentitzen zuela dio; ikastea gustatzen zitzaiola aprobetxatuta, horretan hastea pentsatu zuen lanbide "hobe bat" aurkitu ahal izateko. Lanbide guztien artean, bere izaera ezagututa, irakasle izatea iruditu zitzaion aukerarik "onena"; izan ere, denbora libreak eta sormenak ematen dituen gauzak "gustatzen" zaizkio.

Bide horretatik ekin zion bere lehenengo bidaiari: Bartzelona. Antropologia eta Historia Garaikideko ikasketak egin zituen han. "Azpeititik alde egiteko beharra ere sentitzen nuen, herri hau oso itogarria egiten zitzaidalako, eta oraindik ere, hala egiten zait". Azpeitiarrak kontatzen duenez, garai hartan jaiotako "askok" gizartea eraldatzeko "nahia" zuten, Frankismoaren azken urteak zirelako. Hala, militantzian "gauza asko" egin zituela gogoratzen du: "Biolentzia ez zait asko gustatzen, nahiz eta Bartzelonan atxilotuta egotea tokatu zitzaidan. Ondorioz, sei urtez egon nintzen pasaporterik gabe, eta ondoren diziplina kuartel batera bidali ninduten soldaduska egitera".

Etapa hura itxi ostean, irakaskuntzako oposaketak atera eta klaseak ematen hasi zen Alberdi. Bokazioa "oso erlatiboa" dela uste badu ere, gizarteko gaietan "oso konprometitua" dela azaldu du. Hori dela eta, irakasle modura "inplikatuta" egin du lan, eta lan egiten zuen ikastetxeko zuzendaria ere izan da hainbat urtez: "Gizartean oso garrantzitsua da hezkuntza, eta horretan progresista izan ala ez izan alde handia dago". Irakaskuntzak lanbide "ona" eman diola sentitzen du irakasle ohiak, eta gainera, jende gaztearekin "harremanetan" egoteko aukera eman dio lanbideak urte mordoxka batean; adin horietan "energia baikor asko" egoten dela sentitzen du. Hala ere, lanak "lotura handia" eragin diolakoan dago.

"Ez dut ulertzen bizitza konpromisorik gabe", esan du Alberdik. Era horretan jardun du irakaskuntzan eta militantzian, besteak beste. Orain, bere "arreta" hirugarren adinekoei lotutako gaietan dagoela kontatzen du: "Hirugarren adinekoentzat bidaia alternatiboak sustatzen ari gara Baigera elkartearekin eta Azpeitiko Halcon Bidaiakekin batera, eta koordinatzaile lanetan nabil". Turismo "tradizionaletik" alde egiteko egitasmoa da bidaia alternatiboena, "Benidormeko Imsersoko betiko bidaia horiek alde batera utzi eta beste modu bateko bidaiak antolatzeko" sortu zutena. Hala, Grezian edota Andaluzian egon dira, eta bidaia horiek "osagarri kultural gehiago" izaten dituztela eta "hausnartzeko eta pentsatzeko" bidaiak direla uste du Alberdik. "Gustura" sentitzen da koordinatzailea jende "mordoxka" animatzen delako bidaia horietan parte hartzera. "Bidaia horietako denbora librean kulturarekin lotutako edukiak kontsumitzen ditugu, era horretan gauza berriak pentsatzeko eta planteatzeko".

Aipatutako abentura horietan ez ezik, bere kasa egiten dituen bidaietan, Azpeitian nahiz Barriobuston (Araba) pasatzen du denbora Alberdik. Hasiera batean, gaztetan, "arte adierazpenak eta antzinako kulturak ezagutzeko" bidaiatzen zuen: Dogonak ikustera joan zen Malira, Boskimanoak ikustera Hegoafrikara, Inken hiriak bisitatzera Machu Pichura edota Teotihuacan ikustera Mexikora. Orain, berriz, "anonimo" sentitzea gustatzen zaiola kontatu du, eta munduan zehar batetik bestera ibiltzeak "anonimotasun hori" ematen diola sentitzen du: "Leku anonimoetan ibiltzeak lasaitasuna eta gustatzen zaidan bohemio puntu hori ematen dizkit, eta bestalde, erantzukizuna kentzen dit". Zenbatzen hasita, 60 lurralde baino gehiagotan izan da azpeitiarra.

Musika eta literatura, "sentipentsatzeko"

Idaztea eta musika sortzea ere "asko" gustatzen zaio Alberdiri. 2011. urtean Hizkien eskalea (autoedizioa) olerki liburua argitaratu zuen, eta Mainlander taldeko abeslaria eta hitz askoren egilea ere bada. Hala ere, ez da sentitzen "ez idazlea, ezta musikaria ere". Hark kontatu duenez, "disfrutatzeko" eta "espresio moduan erabiltzeko" sortzen du.

Lagun mina zuen Iñaki Segurola zenak sentipentsatzen hitza asmatu zuela ekarri du gogora, bestalde, Alberdik, eta uste du gauzak era horretan egin behar direla: sentipentsatzen. "Pentsamendua alde batera eta sentimenduak beste alde batera eramateko ohitura dugu, eta gauzak ez dira horrela. Egiten denak sentipentsatzeko balio behar du, bizitza goraipatzeko".

Hala, musikan nahiz literaturan "gizakiari buruzko mezuak edo bizitzeko modu bat" erakusten saiatu da, eta bere lanetan baztertuez hitz egitea gustatzen zaiola adierazi du: "Gizartean ez da hitz egiten heriotzari buruz, ezta zahartzaroan daudenei buruz ere, ezta baztertuei edota elbarrituei buruz ere". Hark dioenez, jendea ez da joaten kontzertuetara sentipentsatzera: "Diskoetxeek badakite era horretako gaiek ez dutela saltzen, jendea ez baita joaten kontzertuetara sentipentsatzera. Mundua anestesiatuta dago, eta kulturak horretan funtzio handia du. Niri hori ez zait gustatzen, eta saiatzen naiz egiten ditudan gauzetan hori guztia mugiarazten".

MIKEL ALBERDI

  • Adina: 62 urte.
  • Ikasketak: Antropologia eta Historia Garaikidean lizentziatua.
  • Irakaslea izan ez banintz… bidailaria izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko nuen… hausnartzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide