Markak hauts ditzakeen Euskal Pentatloi Saria iristear da Azpeitira

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 6a, 16:11

Izeta VI.ak irabazi zuen iazko Euskal Pentatloi Sariaren finala. (Maialen Etxaniz)

Lehen mailako Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa jokatuko dute larunbatean, 18:00etan, zezen plazan. Hamabi kirolari ariko dira lehian; lau eskualdekoak dira.

Lehen mailako Euskal Pentatloi Sariaren lehia Azpeitira iristear da. 2018an txapelketa hori berrartu zutenetik seigarren edizioa izango da aurtengoa. Azken urteotan inork ez du lortu 1983an Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak ezarritako marka hobetzea, baina Gorka Etxeberria antolatzaileak azaldu duenez, oraingoan badute hori gerta daitekeen esperantza: "Badago horretarako aukera".

Apirilaren hondarrean Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten bigarren mailako Euskal Pentatloiaren Saria, eta han sailkatutako zenbait kirolari eta aurrez txartela eskuratuta duten beste zenbait lehiatuko dira larunbat honetan Azpeitiko zezen plazan,  18:00etan hasita. Guztira, hamabi kirolari aterako dira plazara: Xabat Olaizola zarauztarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Gorka Etxeberria oriotarra, Xabier Zaldua eta Joseba Arakama zumarragarrak (Gipuzkoa), Aritz Irazabal ugaoarra (Bizkaia), Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarrak (Bizkaia), Beñat Amade algortarra (Bizkaia), Mikel Agirre ondarroarra (Bizkaia) eta Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa).

Parte hartzaileek honako lanak osatu beharko dituzte: ehun kiloko bolari hamar jasoaldi eman beharko dizkiote; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin; txingetan, hiru plaza osatu; eta korrika, kilometroa egin.Larunbatean lehiatuko diren hamabi kirolarietatik seik finalerako txartela eskuratuko dute. Hiru postu onenak eskuratzen dituztenak finaleko ohorezko txandan lehiatuko dira, eta laugarren, bosgarren eta seigarren postuan sailkatzen direnak beste txandan. Finala irailaren 23an jokatuko dute, 22:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. 

Larunbateko kanporaketako lanen ia bikoitzak gauzatu beharko dituzte parte hartzaileek finalean; hain zuzen ere, ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki;  50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. 

Emakumerik ez

Aurtengoan, bada berrikuntzarik ere: ez da emakumeen Euskal Pentatloi Saririk izango. "Pena handia" agertu du hori dela-eta Etxeberriak. "Berez, emakumeen hirugarren ekitaldia egitekoak ginen aurten. Hasieran, bost emakume zeuden izena emanda; batek atzera egin du, eta beste bik lesioak izan dituzte. Beraz, bi bakarrik gelditu dira, eta txapelketa bat ezin da osatu bi lehiakiderekin. Horregatik, aurten ez da posible izan emakumeen lehia antolatzea, baina ea datorren urtean berriro egiteko moduan garen", adierazi du. 

Gizonezkoen txapelketan, baina, "lehia" espero dute aurtengoan. Etxeberriak azaldu duenez, orain arteko Euskal Pentatloi Sariko kanporaketetako marka onena hobetzeko aukerak izan daitezke aurtengoan. Errekor hori Arria II.ak ezarri zuen 1983an, egin beharreko lanak 12.07n gauzatuta. Ordutik inork ez du denbora hori hobetu. Zaldua izan da denbora horretara gehien hurbildu dena, iaz 12.12 behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Izeta VI.ak 12.22ko denbora ezarri zuen urte berean. "Aurten adi-adi gaude, ea norbaitek marka hori hobetzen ote duen. Historikoa da herri kiroletan errekor bat haustea, eta are gehiago 1983ko marka bat hobetzea. Historia egiteko aukera ikusten dugu", dio Etxeberriak. 

Faboritoen artean, izen bat baino gehiago aipatu ditu: "Izeta VI.a, azken urteotan oso ondo aritu delako; Zaldua ere bai; Gisasola; Olaizola; Kañamares... Horiek denak ondo arituko direla aurreikusten dugu". 

Sarrerak, salgai

Larunbateko kanporaketa ikusteko sarrera hogei euro ordaindu beharko da, eta hainbat modu daude txartelak eskuratzeko: 607 44 39 29 telefono zenbakira Bizum bidez ordainketa egitea, Azpeitiko Mendizabal erretegira bertaratzea edo egunean bertan zezen plazako leihatilan erostea –16:30etik aurrera–. 

Markak

Hona hemen Euskal Pentatloi Sarian orain arte egin dituzten denborarik onenak:

  • Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a. 12.07 (1983).
  • Xabier Zaldua. 12.12 (2022).
  • Joxe Mari Olasagasti. 12.14 (1983).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 12.22 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 12.29 (2021).
  • Zaldua. 12.50 (2020).
  • Joseba Otaegi. 13.09 (2021).
  • Julen Gabirondo. 13.21 (2022).
  • Aitzol Atutxa. 13.22 (2022).
  • Jose Antonio Gisasola Zelai. 13.25 (1983).
  • Ioritz Gisasola Zelai IV.a. 13.27 (2022).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide