Euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko erronka hartu du Azpeitiak

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 7a, 13:30

'Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian' egitasmoaren sustatzaileak eta partehartzaileak, atzoko aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Uemak eta Huhezik sustatutako Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa Azpeitira iritsi da. Helburua da herriko komunikazio hizkuntza euskara izaten jarraitzea, baina, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea nahiz haien parte hartzea sustatzea. Horretarako tresnak sortu edo indartu nahi dituzte hezkuntza komunitatean, eta bide horretan elkarnalean arituko dira herriko ikastetxeak, udala eta hezkuntza ez formaleko eragileak.  Egitasmoak "harrera oso ona" izan du ikastetxeetan. Uemak azaldu duenez, ekimenean horrenbeste eragilek parte hartzen duten aurreneko aldia da. 

Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian egitasmoa jarri dute martxan herriko heziguneetan, Uemak eta Huhezik sustatuta eta Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Egitasmoaren helburua zehatza da: euskara komunikatzeko tresna gisa indartzea, eta euskaraz ez dakiten herrikideei komunikazioa errazteko erremintak eskaintzea, modu horretan, haien parte hartzea sustatzeko. Horretarako, hainbat saio eta hitzaldi egingo dituzte datozen asteetan, baina egitasmoa "pixkanaka" garatzen joango dira, beharrak identifikatuz eta tresnak garatuz. 

Atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan ziren, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Iraitz Lazkano Uemako jarduneko presidentea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Leire Sarasua Hezkuntza zinegotzia, Amelia Barquin eta Karmele Perez Huheziko irakasleak, Azpeitiko eskoletako zuzendariak, gurasoak eta Gazteria saileko ordezkariak. "Erronka" bezala definitu dute abiatu duten prozesua, baina "ilusioz eta lanerako gogoz" agertu dira hezkuntza komunitateko nahiz erakunde publikoetako ordezkariak.  

Uemak jakinarazi duenez, udalerri euskaldunetan "aldaketa demografiko handia" izan da azken urteotan, eta horrek "eragin zuzena" izan du eskoletan. Gero eta gehiago dira jatorri atzerritarreko gurasoak dituzten ikasleak, eta Uemak azaldu bezala, hezkuntza komunitateak "erronka berriari erantzun" behar izan dio: "Euskararen erabilerari eustea, beti ere familia horiekiko komunikazioa bermatuz eta herrian dauden kulturen arteko harremanak eraikiz eta haien parte hartzea sustatuz".

Talde eragilea eta formakuntza

Proiektuaren oinarriak zein diren eta egitasmoa nola landuko duten Karmele Perez Huheziko irakasleak azaldu zuen. Lau oinarri nabarmendu zituen: "Euskaraz bizitzea; euskara ez dakiten gurasoen ulermena eta parte hartzea bermatzea, haien seme-alaben integrazioa helburu hartuta; euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen artean harremanak sendotzea; eta atzerritar jatorriko familien hizkuntzak ere kontuan izatea".

Tresna eta egiteko modu berriak jarri nahi dituzte martxan, besteak beste, aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak itzultzeko baliabideak… 

Hori guztia "adostasunean oinarrituta" lantzeko asmoa dute egitasmoan parte hartuko duten eragileek. Helburuak lortzeko, ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan "tresna eta egiteko modu berriak" jarri nahi dituzte martxan ikasturte honetan, besteak beste, "aldibereko itzulpenak, talde dinamikak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak…". 

Horretarako, herriko hezkuntza eragileetako ordezkariek –hezkuntza formalekoek nahiz ez formalekoek– osatzen duten talde eragilea sortu zuten maiatzean. Guztira, 35 lagun inguruk osatzen dute talde eragilea, eta guraso euskaldunak, euskaraz ez dakitenak, irakasleak, udalaren Gazteria saileko arduradunak eta udal ordezkariak dira partaide. Talde eragilea eratzearekin batera, irakasleek eta gurasoek hainbat formazio saio eta aurkezpen jasoko dituzte, Huheziren zein Uemaren eskutik. "Bide berriak bilatzen ari gara. Prozesu hau ez da perfektua izango, baina probatzen, ikasten eta hobetzen joango gara, euskara zubi eta helburu hartuta", adierazi zuen Perezek. 

Hona hemen antolatu dituzten saioak: 

Irakasleen eta gurasoen hitza

Azpeitiko ikastetxeetako zuzendariak eta gurasoen ordezkariak ere izan ziren atzoko aurkezpenean, eta haiek orain arte egitasmoak izan duen harrera izan zuten hizpide. Besteak beste, bidean sortzen diren zalantzak, zailtasunak, egoerak, aurre egiteko moduak, talde eragileren lana, espero dituzten aurrerapausoak... izan zituzten hizketagai. Aurrena, ikastetxeetako zuzendariek hartu zuten hitza, eta proiektua eskoletan nola lurreratu den kontatu zuten Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Mari Azkuek, Urola Ikastolako Roman Artanok, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Mikel Olaizolak eta Iraurgi Ikastetxeko Aitor Cordobak. Laurek antzeko ideiak plazaratu zituzten, eta irakasleek nahiz gurasoek, oro har, proiektua "ilusioz" hartu dutela aipatu zuten. Dena den, bideak "kezka" ere sortzen diela aitortu zuten, "aspalditik" identifikatutako behar bati erantzutera doaz eta. Horren karietara, azken urteetan identifikatutako hutsuneak nola bete asmatuko dutenaren esperantzan daudela aipatu zuten, "lanerako gogotsu". 

Ikastetxeetako irakasleek "ilusioz" hartu dute proiektua. Euskaraz ez dakiten gurasoak "oso eskertuta" agertu dira. 

Eskoletako gurasoen ordezkariek ere hartu zuten hitza. Karmelo Etxegaraiko guraso Daniela Alejandra Perezek, Ikasberriko Nouria Ben Hammounek, Urolako Jasone Etxabek eta Iraurgiko Hegoa Larzabalek guraso gisa proiektua nola hartu duten azaldu zuten. Perezek eta Hammounek ez dakite euskaraz hitz egiten, eta "ikaragarri" eskertu dute komunikazioa eta parte hartzea sustatzeko martxan jarritako egitasmoa. Perezek aitortu zuen "hunkitu" egin zela egitasmoaren berri izan zuenean. "Askotan sentitu gara baztertuta, deseroso, gure lekua bilatu ezinda. Hori dela eta, oso eskertuta gaude, oso pozgarria da lanerako gogoa duzuela ikustea, eta gu ere ahaleginduko gara. Erronka handia dugu aurretik". Ben Hammounek, bere aldetik, esan zuen "ilusioz" hartu duela erronka, eta orain arteko bidean "oso eroso" sentitu dela azaldu zuen. Larzabalek eta Etxabek adierazi zuten "beharrezkoa" proiektua dela martxan jarritakoa, eta "ezinbestekoa" dela eskola guztiek "norabide berean" lan egitea. Era barean, "hobekuntzak" espero dituztela aitortu zuten, "integraziorako, informazio trukerako...". 

Hezkuntza ez formaleko hezitzaileek –ludoteketakoek eta Gaztelekukoek, besteak beste– parte hartuko dute egitasmoan, eta haien ordezkari gisa Gazteria saileko teknikari Aloña Larrañagak hartu zuen hitza. Larrañagak aipatu zuen ludoteketan, Gaztelekuan nahiz udako eta Gabonetako udalekuetan nabari dutela atzerritik etorritako gurasoekin komunikatzeko zailtasuna. Hezkuntza formalak eta ez formalak "eskutik" joan behar dutela azpimarratu zuen Larrañagak, eta horregatik "saltoa" egiteko prest eta "lanerako gogoz" daudela adierazi zuen. 

Argazkia: Maialen Etxaniz

Azpeitiko esperientzia, "berezia"

Uemak egitasmo hau dagoeneko beste udalerri batzuetan landu badu ere –tartean, Aizarnazabalen, Ibarran (Gipuzkoa), Leitzan (Nafarroa) eta Ondarroan (Bizkaia)–, Azpeitiko esperientzia "berezia" izango dela nabarmendu zuen Lazkano Uemako jarduneko lehendakariak: "Lehen aldiz, bost hezkuntza zentrorekin eta herriko hainbat udal zerbitzurekin eta eragilerekin jarriko dugu martxan, eta egiteko, pentsatzeko eta izateko modu hau Azpeitia osora zein Uemako gainontzeko udalerrietara zabaltzea da asmoa". Izan ere, "udalerri euskaldunak babestea eta zabaltzea da Uemaren helburua, eta horretarako "Euskal Herritik kanpoko bizilagunak eta haien kulturak kontuan hartzea" ezinbestekoa dela aipatu zuen Lazkanok. "Elkarrekin lan egin behar dugu euskararen alde. Euskara erdigunean jartzea da gure helburua, eginkizun guztiak euskaraz egitea eta euskaraz bizitzea. Baina euskaraz ez dakiten pertsonekin ere konpartitu nahi dugu helburu hau, haien bizipenak eta beharrak ere kontuan izanda. Horretan ari gara, eta horretan jarraituko dugu, benetan sinesten dugulako udalerri euskaldunak erabakigarriak direla hizkuntzaren normalizazioan". Era berean, nabarmendu zuen Azpeitia bezalako herrietan "erakuts daitekeela" posible dela euskaraz bizitzea. 

"Lehen aldiz, bost hezkuntza zentrorekin eta herriko hainbat udal zerbitzurekin eta eragilerekin jarriko dugu martxan ekimena"

Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, berriz, udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan euskararen inguruan "ekimen eredugarriak" sortzeak duen garrantzia nabarmendu zuen, "herri horietatik gainerakoetara zabaldu ahal izateko". Dobaranek euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko egitasmoak "kohesioa, errespetua eta eskertza" bezalako balioak uztartzen dituela adierazi zuen, eta horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuak sustatzen jarraituko duela nabarmendu zuen. Hezkuntzako eragileen eta, batez ere, gurasoen parte hartzea eskertu zuen, beste lurraldeetatik Azpeitira etorritako gurasoen jarrera bereziki: "Gure hizkuntzarekiko errespetua erakusten diguzue, eta guk zuen hizkuntzetara gerturatu nahi dugu. Arnasguneei ekarpena egiten diezue. Beraz, hizkuntza gutxitu batean bizitzeak dituen zailtasun handiei aurre egiteko erronkei elkarrekin erantzungo diegu".

(Argazkia: Maialen Etxaniz

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide