Parekorik ez duen ganadutegia

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 8a, 09:48

Eizmendi baserriko ganadutegiko hamabost behik eta lau txahalek parte hartu zuten Salamaq Salamancako (Espainia) ganadu ferian. (Salamaq)

Azpeitiko Eizmendi baserriko blonda ganadutegia Espainiako onena izendatu dute Salamancako (Espainia) ferian, eta beste hainbat sari nagusi ere eman dizkiote.

Azpeitiko Eizmendi baserriko Idoia Esnaola eta haren familiako kideak eskuak eta bihotzak beteta itzuli dira Salamaq Salamancako (Espainia) ganadu feriatik. Espainiako blonda ganadutegi onena izendatu dute Esnaolarena, eta horrez gain, beste hainbat sari ere eskuratu dituzte Eizmendi ganadutegiko buruek: Nekaneri eman diote blonda arrazako behirik onenaren lehen saria; haren ahizpa Palomari, kategoria bereko bigarren saria; eta Nekaneren alaba bati, 36 hilabete arteko biga onenaren Miss Future saria. "Espainiako ganadu feriarik garrantzitsuenetakoa ez ezik, Europako garrantzitsuenetakoa ere bada Salamancakoa, eta noski, oso pozik gaude lortu ditugun sari guztiekin", adierazi du Esnaolak handik bueltan. "Egunerokoan egiten dugun lanari balioa ematen diote sari horiek, eta lanean segitzeko indarra eta motibazioa ere ematen dute", nahiz eta aitortu duen ez direla hortik aberastuko: "Sariak sari, hurrengo egunean berdin-berdin joan behar izan nuen lanera. Ganaduaren sektorea garai oso zailak pasatzen ari da, eta ganadutegi batetik bizimodua ateratzea ia ezinezkoa da gaur egun".

Ganadutegiak une "oso kritikoan" egote horren atzean hainbat arrazoi daudela adierazi du Esnaolak: "Batetik, pentsuaren eta abeltzaintzan ezinbestekoak diren beste produktu askoren prezioen igoera dago; eta bestetik, uneotan bizitzen ari garen pandemia egoera. Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) deitzen den gaitza da pandemia horren eragilea, eta Iberiar penintsula osora zabaltzen ari da; dagoeneko Gipuzkoan ere bederatzi kasu atzeman dituzte. Eltxo baten bidez zabaltzen da gaitza, eta berez orein basatiei eragiten die. Kutsatutako orein basati pila bat ari dira hiltzen, eta orain, behiak ere ari dira kutsatzen. Beraz, pentsa ganaduzaleok nola gauden, erabat kezkatuta, ez baitakigu zer gerta daitekeen. Gaitza gurea moduko ganadutegi batera sartuko balitz, izugarriak izango lirateke ondorioak". Egoera kontrolpean izateko ahalik eta neurririk zorrotzenak hartzen ari direla esan du, baina inork ez dakiela zer gerta daitekeen.

Genetika hobetzen

Eizmendi baserrian betidanik izan dituzte behiak. "Hasiera batean suitzarrak, gero txarolesak, eta orain dela 40 urte, blonda arrazako behiak sartzen hasi zen aita; beraz, lau hamarkada daramatzagu arraza hori lantzen". Izan ere, ukuiluan behi batzuk izatea baino gehiago da Eizmendi baserrian egiten dutena. "Genetika zaintzen dugu, arraza hobetzen joateko helburuarekin, eta horrek kontrol handia eta pertsonalizatua egitea eskatzen du. Behi bat haurdun jarri behar dugula erabakitzen dugunean, oso ondo aztertzen dugu zer gabezia dituen, horiek hobetzea ahalbidetuko liokeen zezen bat topatzen dugu, eta biak elkartzen ditugu ondorengoak are hobeak irten daitezen".

Lehiaketetan, berriz, duela 25 urte baino gehiago hasi zirela esan du Esnaolak, nahiz eta tartean geldialdiren bat egin duten. "Duela hamar bat urte lehiaketetatik pixka bat apartatzea erabaki genuen, eta urte batzuez horrelako azoketan egiten diren txapelketetan parte hartzeari utzita egon ginen. Duela hiru urte, ordea, berriz hastea erabaki genuen; izan ere, horrelako ekitaldietan presente egoteak eragina du salmentetan. Zure ganadua han eta hemen erakusten ez baduzu, ez zaituzte ezagutzen, eta joaten direnei erosten diete". Txapelketak "marketin hutsa" direla aitortu du azpeitiarrak, baina badutela beren funtzioa. "Sariek prestigioa eta izen ona ematen dizkiote zure ganadutegiari, eta berez hori da denok bilatzen duguna, baina saririk lortzen ez denean ere, beti ezin izaten baita, parte hartze hutsak ikusgarritasuna ematen dio zure ganadutegiari, eta horrek ere laguntzen du".

Azken hiru urteotan lortutako emaitzekin "gustura" daude Eizmendi ganadutegiko kideak, eta batez ere aurtengoekin: "Izan ere, aurten denak hausten ari gara". Orain dela hiru urte, Nekane behi txapeldun eta Paloma txapeldunorde izan ziren Salamancan; iaz, berriz, alderantziz. Eta aurten, Salamancan erdietsitako sariez gain, beste hainbat ere eskuratu dituzte beste txapelketa batzuetan. Esate baterako, maiatzean, hiru sari nagusi irabazi zituzten Bordeleko (Espainia) Aquitanima nekazaritza feriaren barruan jokatu zuten blonda txapelketan: behirik onenarena, 5 urtetik gorako txahaldun behien sailekoa eta txahaldun behien sail orokorrekoa. Sari horiez gainera, ukuilurik onenaren saria ere lortu zuen Eizmendi baserriak, baita bigarren eta hirugarren sari batzuk ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide