Jubilatuek eta pentsiodunek gaur ekingo diete asteleheneroko elkarretaratzeei

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 11a, 09:00

Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek iragan ikasturtean egindako elkarretaratzeetako bat.

Ohi bezala, 12:00etan elkartuko dira herriko plazan, euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko.

Udako etenaldia eta gero, Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek gaur ekingo diete asteleheneroko elkarretaratzeei. Ohi bezala, 12:00etan elkartuko dira herriko plazan, euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zehaztu duenez, Azpeitian ez ezik, Euskal Herriko 80 herri eta hiritan egingo dituzte protestak astero, 2018ko urtarrilean hasitako dinamikarekin jarraituta.

EHPMk salatu duenez, protestak hasi zituztenetik igaro diren 69 hilabeteetan "ez dira desagertu pentsiodunen arazoak". Are gehiago, haien egoera orain larriagoa dela diote: "Bizitzaren kostuaren igoera gure bizi baldintzak izugarri okertzen ari da. Prezioen igoerak gero eta zailago egiten digu elikadura osasuntsua eta sendagaiak eskuratzea, mugikortasuna eta tenperatura egokia bermatuko dituzten bizitzeko baldintza duinak izatea, mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioak eskuratzea eta abar. Nola mantendu eta hobetu daitezke gure bizi baldintzak gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada eta 1.080 eurotik beherako diru sarrerak baditugu?". 

Hori horrela, Euskal Herriko pentsiodunek beren ohiko aldarri nagusiari eutsiko diote kaleetara bueltan: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa". Azpimarratu dutenez, gutxieneko pentsio hori berehalako konpromiso gisa hartzeko eskatuko diote Espainiako hurrengo gobernuari, baita gaia gobernu programan jaso dezala ere. Halaber, "aurtengo abendurako pentsioen erosteko ahalmenaren galeragatiko konpentsazio ordainsaria berrezartzea" ere eskatuko dute.

Horrez gain, pentsio sistema publikoaren finantzaketa bermatzea, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea, eta 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak eta erretiro adina 65 urte berrezartzeko azken erreformen murrizketak indargabetzea aldarrikatuko dute, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide