"Ugandara joan ostean Azpeititik jasotako laguntza eskertu nahi dugu"

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 12a, 14:30

Zabarte eta Olazabal, obra lanetan Ugandan. (Utzitakoa)

Ugandako kooperazio proiektu batean parte hartu dute Jon Zabartek eta Gari Olazabalek. Hasiera batean boluntario lanetara joan ziren arren, Azpeititik jasotako laguntzak baliatuta, beren kabuz hainbat etxe altxatu dituzte abuztuan egindako egonaldian. Olazabalek eta Zabartek eskerrak eman nahi dizkiete ekarpen ekonomikoa egin duten azpeitiarrei eta taldeei, tartean Joxin Iriartek zuzentzen duen Zezenzale Batzordeari. 

Abuztuaren 3an Ugandara (Afrika) joan ziren Jon Zabarte eta Gari Olazabal azpeitiarrak, hango kooperazio proiektu batean boluntario aritzeko. Hezkuntza arloan laguntzea zen bi azpeitiarren egitekoa, besteak beste, haurrekin kirol jarduerak praktikatuta. Hasierako asmoa hori zen arren, beste egiteko batean amaitu zuten Ugandako esperientzia; izan ere, Azpeititik jasotako dirulaguntzak tarteko, hango bizilagunentzako eraikuntza lanak egiteko aukera izan dute. Hori dela eta, Olazabalek eta Zabartek Uztarriara jo dute diruz ekarpena egin duten herritarrei eskerrak emateko. 

Azaldu dutenez, azpeitiarrek abuztuan zehar egindako ekarpenei esker, 4.000 euro inguru bildu zituzten, eta Ugandako bizilagunei laguntzera bideratu dute dirua. Hain zuzen, askotariko obrak egin dituzte, bertako jendearen bizi kalitatea zertxobait hobetzeko asmoz. "Ugandara joan ginenean, Whatsapp bidez mezu bat zabaldu genuen, diruz lagundu nahi zuen jendeak ekarpena egin zezan. Berehala zabaldu zen mezua, eta jende asko hasi zen ekarpenak egiten Bizum bidez. Pertsona batzuk ingurukoak eta ezagunak ziren, baina beste batzuk ez genituen ezagutu ere egiten. Harrituta gelditu ginen jendearen babesa ikusita", azaldu dute. Hala ere, ekarpen bat "bereziki" eskertu nahi izan dute Azpeitiko bi gazteek, Joxin Iriarte Zezenzale Batzordeko presidenteak egindakoa. Olazabalek azaldu duenez, Iriartek Azpeitiko saninazioetako zezenketetan lortutako irabazien zati bat Ugandako proiektuetara bideratu zuen, eta horri esker materiala erosteko aukera izan zuten. "Esker bereziak eman nahi dizkiogu Joxin Iriarteri, zertan ari ginen jakin gabe ekarpen handia egiteko prest agertu baitzen hasiera-hasieratik", adierazi du.

Materiala erosita, lanera 

"Eskoletan ez dute hemengo diziplina berdina, eta umeak ez dira guztiz kontzentratzen. Lehen egunak nahiko zoroak izan ziren, haurrek ez baitzuten egiten genuena ondo ulertzen. Hala ere, zorionez, ekarpena egin genezakeen eskolarik onena egokitu zitzaigun, eta zentzu horretan oso pozik gelditu ginen", azaldu du Olazabalek. Horrenbestez, eskolan aritzeaz gain, beste modu batera lagundu nahi izan zuten bi azpeitiarrek. "Hango jendearekin eta beste urteetan lanean aritutako boluntarioekin hitz egin ostean, jaso genuen dirua bere horretan norbaiti eman beharrean guk gure erara baliatzea erabaki genuen; izan ere, leku horietan ustelkeria kasu asko dago, eta ez dago jakiterik diruak edo materialek non amaitzen duten. Beraz, kamioi bat alokatu, materiala erosi, lurra, adreiluak, zementua, sukaldeetarako gauzak... eta gure kabuz obran hasi ginen. Modu horretan bermatuta geneukan guk emandakoa han geldituko zela".  

Goizetan umezurtegian egiten zuten lan, eta eguerdi nahiz arratsaldeetan bestelako lanak egiteko aprobetxatzen zuten. Umezurtegian ere egin zituzten hainbat obra, baina bestelako lanak ere egin zituzten eskolaz kanpo. "Jende ugari ezagutu genuen egindako egonaldian, eta haietako batzuk konfiantzazkoak ziren. Bizitza osoa kontatu ziguten, eta haien etxeak ikustera joan ginen. Lagun horietako baten etxea egokitu genuen, bederatzi lagun bizi baitziren banbuz egindako espazio txiki batean. Beste pertsona batek, esaterako, biriketako gaitza zuen, eta hari botikak erosteko donazioa egin genion. Oiloak hazteko proiektua ere bazuen batek, eta horretarako laguntza ere eskaini genion. Askotariko lanak egin ditugu, bi sukalde, bi etxe, teilatuak... eta hango bizilagunak ere aritu dira obran, guri laguntzeko asmoz. Azpeititik jasotako diruaren 3/4 gastatu dugu, eta gainerakoa konfidantzazko pertsona horiei bidali diegu, egunerokoan aprobetxa dezaten", azaldu dute.

Abuztuaren 3tik 26ra egon ziren Ugandan Zabarte eta Olazabal, eta "esperientzia borobila" izan dela aipatu dute. "Eskolan hiru astez gimnastika irakasten egon bagina, gure ekarpena hiru astekoa soilik izango zen. Orain, ordea, iruditzen zaigu egin dugun lanak egunerokoan balioko diela hango norbanakoei. Gainera, badakigu modu horretan gurekin oroitzen direla, eta oso eskertuta daudela. Horrek pozez betetzen gaitu, eta oso eskertuta gaude azpeitiarrek emandako babesagatik. Ezin dute imajinatu hemen egindako ekarpen txiki bat zeinen handia den han, eta nola eskertzen duten. Horregatik, esperientzia bizitzera Ugandara joan eta Azpeititik jasotako laguntza eskertu nahi dugu, batez ere Joxin Iriartek emandakoa, haren laguntzarik gabe ez baitzen hau posible izango". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide