Galaktik, areto futbolean bidea urratzeko prest

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 14a, 09:01

Garcia, Carpintero, Alberdi eta Agirrezabal, Azpeitiko kiroldegian. (Maialen Etxaniz)

Areto futbol talde berria sortu dute Azpeitian: Galaktik. "Kirolaz lagunartean gozatzea" dute helburu, eta hasi dira entrenatzen. Urrian ekingo diote ligari.

Areto futboleko talde berria dauka Azpeitiak. Galaktik jaio berri da, eta horren atzean daude, beste batzuen artean, Ricardo Alberdi, Yeray Garcia, Ander Carpintero eta Nuria Agirrezabal. Duela lau hilabete inguru hasi ziren taldea sortzeko prozesuarekin, eta bidean topatutako traba guztiei aurre eginda, seniorretan Hirugarren Mailako Ligari ekiteko prest daude.

«Futbolean urte luzez aritutakoak gara hainbat taldetan, baina nekatuta geunden. Lanetik irten, eta astean zehar entrenamendu ugari izaten genuen, eguraldi txarrarekin euritan entrenatzeaz nazkatuta geunden, eta futbolaz beste modu batera gozatzeko grina sortu zitzaigun. Gainera, urtez urte parte hartu dugu Gaztetxeko futbito txapelketan, eta oso gustura ibiltzen gara kirolean, lagunartean», azaldu du Carpinterok. «Lokalean hizketan ari ginela otu zitzaigun areto futboleko talde bat sortzea. Burutazioa izan ostean, informazio eske hasi ginen, eta ohartu ginen ez zela guk uste bezain erraza. Handi geratu zitzaigun. Beraz, Nuriak [arreba] laguntza eskaini zigun, eta hari esker aurrera atera da proiektua. Ikusten ez den lan asko egin du hark», gaineratu du.

Agirrezabalek barrez entzun ditu anaiaren hitzak, baina arrazoia eman dio, eta kontatu du prozesu burokratikoak «buruko min» handia eragin diela: «Burokraziari lotutako egin behar guztietaz ni arduratu naiz, eta egia esan , oso luze joan da dena. Kirol elkarte bat garen heinean, dena zuzen egin behar da. Kirol kluba sortu behar da aurrena, horretarako estatutuak sortu eta erregistratu behar dira. Trabak jarri zizkiguten hasieratik, baina azkenean erregistratzea lortu genuen. Ondoren, federazioa sartzen da jokoan, eta fitxak egin behar dira, azterketa medikoa igaro behar da… Lur azpitik oztopo pila atera zaigu, eta pentsatu baina gehiago luzatu da prozesua». Dena den, «pozik» agertu da azpeitiarra, dagoeneko egin beharreko teknikoak amaitu baitituzte.

Badute zailtasunak sortzen dizkien beste gai bat: entrenamenduetarako lekua. Gaur egun Urola ikastolan eta Azpeitiko Udal Kiroldegian egiten dituzte entrenamenduak, eta Agirrezabalak azaldu duenez, "helburua da kiroldegian entrenatzeko aukera gehiago edukitzea". Galaktikeko teknikari arduradunak zehaztu du zaila dela denen beharrak asetzea: "Kiroldegiak mugak ditu; bertan entrenatzen dute ISBren taldeek, gimnastika erritmikakoek, atletismokoek, karatekoek, areto futbolekoek... Erabiltzaile asko ditu, eta azpiegiturak oso mugatuta daude. Horregatik entrenatzen dugu batzuetan Urolan. Dena den, baldintzak hobetzea nahiko genuke". 

Gertuko babesleak, akuilu

Atzeko lana zaila izan den arren, taldearen osaketa "erraz" egin dutela kontatu dute Galaktikekoek. "Kalabaza" batzuk ere jaso dituzte, ordea. "Taldea osatzeko jende ezagunarengana jo genuen. Gaur egun taldeko kide garen askok elkarrekin jokatu izan dugu futbolean, eta beste batzuengana zuzenean joan gara. Esaterako, futbito txapelketan ondo moldatzen direnei taldera batzeko proposamena egin diegu, eta horietako hainbatek ezezkoa eman diguten arren, beste batzuk animatu egin dira", adierazi du Alberdik. Gaineratu dute, "normala" dela ezezkoak jasotzea, taldeko partaide izateak «konpromisoa» eskatzen baitu. "Hori bai, baiezkoa eman dutenak esperientzia berriak probatzeko gogoz daude", adierazi du Carpinterok. Lagun talde bati izaera formala ematea ez da egiteko erraza. Kirol klub batek entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, aholkulariak, jantziak, kirolerako materiala... behar izaten ditu, eta horiek guztiak lortzeko lanetan ere ibili dira Galaktikekoak. Entrenatzailea bilatzea "zaila" izan dela kontatu du Alberdik: "Ezin da edonor jarri entrenatzailearen arduran. Fitxa teknikoa eta entrenatzaile titulua edukitzea ezinbestekoa da, eta areto futboleko titulua edukitzea ez da ohikoena. Hori dela eta, egiaztagiria daukan norbait aurkitzea zaila izan da. Ander eta Nuriaren aita agertu zen titulua ateratzeko prest, eta horrek asko erraztu du prozesua. Gainera, Azpeitiko lehengo areto futboleko presidente izandakoa laguntzaile gisa arituko da, eta hark esperientzia handia du". "Hari esker asko ikasiko dugu", adierazi du Garciak.

Kirol klubak eskatzen dituen beharrei erantzuteko ezinbestekoa da finantzaketa. Hori dela eta, Galaktikeko kideek ingurukoengana jo dute laguntza eta babes eske. "Hastear den talde batentzak zaila da babesleak bilatzea. Hori dela eta, gertuko jendearengana jo genuen. Haiei esker lortu dugu dirua; izan ere, proba medikuak, materiala, ekipazioa... behar asko ditu kirol klub batek, eta laguntzarik gabe oso zaila da horiei aurre egitea", adierazi du Agirrezabalek. "Landeta jatetxera jo genuen Lur Etxeberria laguna delako, taldekide bat Da tabernako ardunaduna da, Yerayren familiak Iraye taberna kudeatzen du, Josu Rodriguez familikoa da eta Nuriak Etxe Zuri tabernan lan egin izan du. Taberna horiek eta inguruko norbanakoek lagundu digute ekonomikoki, eta horien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke talde hau», gaineratu du Carpinterok. Babeslerik handienak horiek diren arren, ekarpen txikiak egiteko prest daudenen bila dabiltza oraindik.

Zaletasuna eta lagunartea

Galaktik taldearen helburuak zein diren galdetuta, argi erantzun dute: "Lagunartean kirolaz gozatzea". Dena den, "beharrezkoa den seriotasuna" ere jarriko diote taldeari.

Astean bi-hiru entrenamentu egitea aurreikusten dute, kiroldegian zein Urola ikastolan, eta partidak ostiraletan jokatzea nahi dute. "Kirolaren bueltan giro ederra sortu nahi dugu, eta jendea kaletik partidak ikustera gerturatzea. Guk musika jarriko dugu, jan-edana eta zozketak egingo ditugu", aurreratu du Garciak. Carpinterok, bere aldetik azpimarratu du "kaleko jendea" direla, eta jendea kaletik kiroldegira eraman nahi dutela: "Kaleko jendea gara, eta herrian ezagutzen gaituzte. Beraz, espero dugu partiden bueltan giro ederra sortzea. Horrek motibazioa emango digu hobeto jokatzeko".

Kalean ibili zaleak dira klubeko kide guztiak, eta taldeak kalean izandako harreraz galdetuta, horrela azaldu du Alberdik: "Hasieran inor ez zen gutaz fio, jendeak barre egiten zigun, eta kuadrillakoek-eta esaten ziguten ez ginela gai izango taldea martxan jartzeko. Orain uste dut arrazoi puntua ere bazutela hori esaten zutenek, prozesua oso zaila izan baita. Hala ere, burugogor jarri ginen, ahoak itxi beharra sentitu genuen, eta gaur da eguna txapelketetarako prest gaudena. Orain, inguruko lagunak gogotsu daude".

Irailean hainbat lagunarteko jokatuko dituzte, eta urrian ekingo diote ligari, ofizialki. Joan den asteburuan, esaterako, Ikastegietan hiruko txapelketa bat jokatu zuten, Azkoitiko Izarraitz, Azpeitiko Galaktik eta Ikastegietako Kutturru taldeek, eta Azpeitikoak izan ziren irabazle, nagusitasunez. "Oso gustura" daude hasierako fasean lortutakoarekin, eta lagunartean kirolaz gozatzen jarraitzea nahi dute. Datorren larunbatean, hilak 16, Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute lagunarteko bigarren partida, 18:00etan, Donostiaren aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide