Zehaztu dituzte ikasturte berrirako emakumeak ahalduntzeko ikastaroak eta ekintzak

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 14a, 14:46

Emakume Txokoko kideak eta Leire Goenaga zinegotzia, ikasturte berrirako eskaintzaren berri ematen duten kartelak eskuetan. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak elkarlanean prestatu dute eskaintza herriko emakumeentzat, eta saioetako batzuk gizonezkoentzat ere izango dira. Hilaren 30ean, esaterako, skate parkearen erabilerarekin lotutako egun osoko egitasmoa egingo dute.

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak zehaztu dute ikasturte berrian zer ikastaro eta ekintza eskainiko dizkieten herriko emakumeei, eta horien helburua zein den ere gogorarazi dute: "Emakumeei beren buruen eta bizitzen jabe izateko tresnak eskaintzea, maila pertsonalean eta kolektiboan indartzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea dira helburu nagusiak".

Eskaintza zabala osatu dute, eta izena emateko epea ere ireki dute. Hain zuzen, astelehenean, hilak 18, hasi eta hilaren 29ra arte, ostirala, eman ahalko da izena. Amaierako data hori Jabetze Eskoletako ikastaroentzat eta noka ikastaroarentzat soilik izango da; gainerakoetan, izena emateko aukerak zabalik jarraituko du taldea osatu artean.

Ikastaroetako batzuk Azpeitiko Jabetze Eskolak emango ditu. Abendura bitartean, honakoak antolatu dituzte: skate ikastaroa; eskalada ikastaroa; autoestimua eta ahalduntzea; emakumearen zikloak eta osasun hormonala; Moitu bazterrak! izeneko korrika ikastaroa Kirol arloarekin elkarlanean; batukada feminista; eta joskintza eraldatzailea izeneko ikastaroa.

Hilaren 30ean, hitzordua skate parkean

Udalak iaz ireki zuen skate parkea Esklaben gunean, eta skate ikastaroa eskaintzeaz gain, beste hainbat ekintza egiteko beharra ikusi du. "Iaz ireki zenetik, ugari dira skatearekin kirol honetaz gozatzen dutenak herriko skate parkean. Hala ere, skate munduan ere badira hainbat genero estereotipo, eta gizonezkoen presentzia askoz handiagoa dela nabari dugu". Horregatik, "estereotipo horiekin amaitzeko, skater kulturan emakumeek betetzen duten paperaz hausnartzeko eta skateparka emakumez betetzeko ekintza" antolatu dute udalak eta Emakume Txokoak. Hitzordua irailaren 30ean izango da, larunbatean.

Aurrena, 10:30etik 12:30era, Skate hastapen ikastaroa eskainiko dute, eta saio praktikoa izango dela zehaztu dute. Ondoren, Parte hartze tailerra: skate, proposamen feminista egingo dute, 13:00etatik 14:00etara, Emakumeen Txokoan. "Hausnarketarako saioa izango da".

Amaitzeko, skater emakume profesionalen erakustaldia izango da, 17:00etatik 18:30era, skateparkean. Erakustaldian zehar, argazki lehiaketa ere egingo dute.

Egitasmo honetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Atzo zabaldu zuten epea, eta hilaren 27an amaituko da, asteazkenarekin.

Saio batzuk emakume zein gizonentzat

Bestelako saioak ere antolatu dituzte "parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako", eta horiek herritar ororentzat izango dira; hau da, gizonezkoek ere parte hartzea izango dute horietan.  Hitzaldiak izango dira batzuk. Pepa Bojó psikologoak, esaterako, Ahalduntzea: nola eragiten du emakumeon egunerokoan? izeneko saioa eskainiko du urriaren 4an. Bere ikerlanaren emaitzetan oinarrituko du hitzartzea.

Kera elkarteko Palmira Dualek, berriz, Erresistentziak eta pribilegioak izeneko hitzaldia eskainiko du, "ijito-herriaren errealitatera hurbilpen bat egiteko". 

Azaroaren 20an, berriz, Bidez Bide elkarteak, Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, atzerriko ikasketen homologaziorako informazio saioa eskainiko du, eta Noka Hikastaroa ere eskainiko dute udazken partean. 

Bestalde, urriaren 7an mintegia izango da Kale edo bale, ahaidetasun feministetara!: Amatasunen ondoezak eta erresistentziak izenburupean, eta hori ama direnei zuzenduta egongo da.

Informazio zehatza, etxe guztietara

Udalak jakinarazi du ekintza hauen guztien inguruko informazio zehatza herriko etxe guztietara zabalduko duela aste honetan zehar –hemen pdf-a ikusgai–, baina informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo dezake astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean.

943-15 70 55 eta 688 151 000 telefono zenbakietara deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete. 


Azkenik, nabarmendu nahi izan dute Emakume Txokoak hainbat zerbitzu eskaintzen duela urte osoan zehar: sexu, genero eta bikote aholkularitza; erreminten mailegua; liburutegi feminista; aholkularitza juridikoa; eta gune informala, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide