Patxi Ibarzabalen hitzaldiarekin hasi dute Oroimen Historikoaren Astea

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 19a, 09:00

Patxi Ibarzabalen hitzaldiaren une bat, atzo, Basazabalen. (Aitziber Arzallus)

1936ko irailaren 19an tropa frankistak sartu ziren Azpeitian, eta horren harira, Oroimen Historikoaren Astea antolatu dute udalak eta Aranzadik. Atzo izan zen egitasmo horren barruko lehen saioa: Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kide Patxi Ibarzabalek hitzaldia eman zuen Basazabalen. Beste hitzaldi bat eta bisita gidatua ere izango dira.

Gaurko egunez duela 87 urte, tropa frankistak sartu ziren Azpeitian, eta egun horren harira, Oroimen Historikoaren Astea antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Atzo hasi zituzten egitasmoaren barruko ekintzak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kide Patxi Ibarzabalek emandako hitzaldiarekin. Memoria duen herria eraikitzen. Ahaztuen Oroimena 1936 Makinaldeko frontea elkartearen esperientzia izenburupean aritu zen hizlaria, Basazabal jauregian, 19:00etan hasita. Han izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialaria ere, eta azken urteotan bi erakundeek elkarrekin egindako lanaren garrantzia nabarmendu zuten. Dozena eta erdi lagun inguru bertaratu ziren solasaldia entzutera.

Era berean, gaur, irailaren 19a izanik, 1936ko egun berean jazotakoa oroitzeko udaletxeko kanpaiak joko dituzte, 15:00etan, bost minutuz. Izan ere, udalak gogoratu nahi du ordu horretan "ehunka azpeitiarrek" ihes egin zutela Urolako trenean, "tropa frankisten beldur".

Beste hitzaldi bat eta bisita gidatua

Atzoko ekintzez gain, beste hitzaldi bat eta Loiolara bisita gidatua eskainiko dituzte astean zehar. Antolatzaileek adierazi dutenez, "memoria historiaren ezagutzarako eta zabalpenerako" antolatu dituzte ekintzok. Bigarren hitzaldia bihar izango da, Ione Zuloaga historialari azkoitiarraren eskutik. Aranzadiko kideak Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerraostean (1936-1945) solasaldia eskainiko du, 19:00etan hasita, Basazabalen. Gerra garaian eta gerraostean emakumeek Gipuzkoan pairatu zuten errepresioaz mintzatuko da Zuloaga. Horretarako, Azpeitiko zenbait kasu ere azalduko ditu.

Ostiralean itxiko dute antolatutako egitaraua, eta Eusko Gudarosteak Loiolan duen oroimen gunearen inguruko bisita gidatua eskainiko dute, Bucesek gidatuta. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita. Bisita gidatua 19:00etan hasiko da, Loiolako memoriaren etxola paretik. Bucesek Eusko Gudarostearen inguruko proiektu museografikoaren inguruko azalpenak emango ditu, eta Loiolak Eusko Gudarostearen sorreran izan zuen garrantzia izango du hizketagai.

Nagore Alkorta, Patxi Ibarzabal eta Javi Buces. (A. A.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide