Trikitia sustatzen jarraitzeko hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 20a, 11:12

Manex Torrealdai, Aitor LarraƱaga eta Andoitz Antzizar. (Azpeitiko Udala).

Iazko apiriletik, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen egoitza nagusia Basazabal jauregian dago. San Jose Trikiti Jaialdia ere Azpeitian egiten da, baina horiez gain "proiektu ugari" ari dira ontzen bi erakundeen artean.

Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2023ko hitzarmena sinatu dute. Aitor Larrañaga Kultura Batzordeburuak, Manex Torrealdai Trikitixa Elkarteko lehendakari ordeak eta elkarteko Andoitz Antzizarrek sinatu dute akordioa. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "trikitia ezagutaraztea eta sustatzea" da bi erakundeen nahia. Hori dela eta, Azpeitian du egoitza nagusia Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Era berean, Azpeitian egiten dute urtero sanjosetako trikiti jaialdia. Udalak aurreratu duenez, "proiektu ugari" ari dira ontzen bi erakundeen artean, eta norabide horretan kokatzen da berritu duten hitzarmena. 

Larrañagak eskerrak eman nahi izan dizkie elkarteko ordezkariei eta kideei egindako lanagatik: "Azpeitian kultur mugimendu bizia eta aberatsa izateko lan handia egin izan dugu, eta Trikitixa Elkartea mugimendu hori aberastera etorri da". Trikitiak eskualdean izan duen "indarra eta garrantzia" ere nabarmendu nahi izan ditu Larrañagak: "Azpeitian eta eskualdean euskal kulturaren eta bizitzeko modu baten ardatza izan da luzaroan, eta kultura hori ezagutarazteko, gordetzeko eta zabaltzeko beharrezko baliabideak jartzea dagokigu guri". Manex Torrealdaik, bere aldetik, azpimarratu du "euskararen adierazpen kultural adierazgarrienetakoa" dela trikitia, eta Urola Erdian eta Azpeitian "bereziki". "Trikitixa Elkartearen egoitza nagusia Azpeitian izateak bertako kultur mugimenduarekin bat egitea dakar, eta udalaren laguntzarekin, mugimendu horren aniztasuna aberasten dugu", adierazi du Torrealdaik. Halaber, udalarekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du: "Trikitiaren etengabeko eraldaketak eta honek dakarren eguneratzeak, elkarlanean behar du izan, eta horretarako Azpeitiko Udalaren laguntza ezinbestekoa da guretzat eta euskal kulturarentzat".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide