Taberna bateko "gehiegizko zarata" tarteko, kontrol neurriak hartzeko eskatu dio Arartekoak udalari

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 20a, 12:04

Azpeitiko Alde Zaharra. (Maialen Etxaniz)

Ombudsmanak atzo jakinarazi zuenez, Azpeitiko bizilagun batek Arartekora jo zuen salatzeko Azpeitiko Udalak ez zuela neurririk hartu taberna bateko "zaratak ekiditeko eta zuzentzeko". Arartekoak udalari gomendatu dio erregistro sonografiko bat jar dezala. Atzoko udalbatzarrean gaiaren inguruan galdetu zuen EAJko bozeramaile Jabier Altunak, eta Azpeitiko alkate Nagore Alkortak jakinarazi zuen Udaltzaingoarekin elkartzekoak direla gaia jorratzeko. 

Arartekoak ohar bidez jakinarazi duenez, Azpeitiko Udalari gomendatu dio herriko taberna bateko musika ekipoak eragiten duen "gehiegizko zarata" zuzentzeko eta horretarako "ikuskapen eta kontrol neurriak" erabiltzeko. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako "herriaren defendatzailea" da Arartekoa, eta horren arabera, Azpeitiko bizilagun batek harengana jo zuen zarata gehiegikeria tarteko. Atzo argitaratu zuen Arartekoak kasuaren ebazpena. 

Ombudsmanak ohar bidez azaldu duenez, "kexagilearen arabera, eragozpenak jasanezinak dira, tabernara sartzeko ateak irekita daude beti, eta horrek zarata areagotzen du  etxebizitzan". Horrez gain, kexa jarri duen herritarrak salatu du seinalatutako tabernak "behin eta berriz" urratzen duela itxiera ordutegiaren muga. 

Soka luzea, atzetik

Kasua ez da berria, eta gertaera eta eskakizun soka luzea du atzetik; izan ere, Arartekoak aztertuta zuen kasua lehenago, eta udalak ere esku hartu zuen auzian orduko hartan. Obsumanak jakinarazi duenez, egiaztatu zuten lokalak isolamendu akustiko nahikoa bazuela jarduera aurrera eramateko, baina Arartekoak zehaztu du musika ekipoek mugagailurik ez zutela: "Kasu hartan, egiaztatu genuen jarduera behar bezala erregularizatu zela, eta jasotako txostenek adierazi zuten lokalak isolamendu akustiko nahikoa zuela bertan gauzatzen zen jarduera motarako. Hala ere, musika ekipoek ez zuten beharrezko mugagailua, eta, ondorioz, baimendutako bolumenaren gainetik funtzionatzen zuten. Horregatik, udalak jardueraren sustatzaileari agindu zion mugagailua jartzeko ekipo guztietan, baimendutako gehiegizko bolumena errespetatzeko". Hala ere, Arartekoak adierazi du "salaketa berrien aurrean egindako jarraipenaren ostean", egiaztatu zela tabernak ez zituela betetzen gutxieneko eskaerak, "ez baitzuen jarritako muga errespetatzen". Horrenbestez, udalak berriz ere eskatu zion ekipoa egokitu zezala. "Gainera, bolumena mugatu ondoren ikusi zen hainbatetan zarata muga-sistema deskonektatu egin zela", jakinarazi du Arartekoak. 

Ombudsmanaren arabera, 2022an Azpeitiko Udalak Arartekoari baieztatu zion bolumena modu eraginkorrean mugatu ostean, ez zela atzeman berriro gehiegizko zaratarik. "Nolanahi ere, Azpeitiko Udalak adierazi zuen arau-hauste gehiago egon ez zedin, erregistro sonografikoa instalatzeko aukera aztertuko zuela, kontrolak egiteko. Beraz, arazoa konponduta zegoela iritzita, espedientea itxi genuen", azaldu du Arartekoak. Duela gutxi beste kexa bat jaso zuen "herriaren defendatzaileak", eta, ondorioz, beste espediente bat ireki zuen. "Berriro jo dugu Azpeitiko Udalera, haren ekintzek ez baitute balio izan ez hutsegiteak zuzentzeko ez bizilagunei kalteak ekiditeko ere", dio Arartekoaren ebazpenak. Hori dela eta, egindako arau-hausteak ez errepikatzeko, Arartekoak Azpeitiko Udalari gomendatu dio erregistro sonografiko bat jar dezala.

Auzia, udalbatzarrean

Atzo egin zuen Azpeitiko Udalak iraileko udalbatzarra, eta eguneko gai zerrendakoak landu ostean, Arartekoaren auziaz galdetu zuen EAJko bozeramaile Jabier Altunak. Nagore Alkortak azaldu zuenez, udalak prentsa bidez jakin zuen Arartekoaren ebazpenaren berri. Era berean, alkateak jakinarazi zuen, udala datozen egunetan udaltzaingoarekin bilduko dela auzia lantzeko. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide