Nerea Astigarraga: "Antsietatea kontrolatzeko, ondo etorri zait trazuen teknika"

Nerea Uranga 2023ko ira. 21a, 10:21

Nerea Astigarraga, Foru pasealekuko udal aretoan jarri duen erakusketan. (Nerea Uranga)

Van Gogh unibertsoa izeneko pintura bilduma erakusgai jarri du Astigarragak Azpeitiko Udalaren Foru pasealekuko aretoan. Irailaren 30era arte izango du zabalik.

Nerea Astigarragak (Donostia, 1977) Van Gogh unibertsoa pintura erakusketa du zabalik Azpeitian, Foru pasealekuko udal aretoan. Hilaren 30era bitartean izango da erakusketa bisitatzeko aukera, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Psikologian graduatua da Astigarraga. Desoreka bipolarra du, eta horrek sortzen dizkion oinazeei aurre egiteko, mesede egiten dio pintatzeak. Haren ustez, arte espresioren bat lantzea "onuragarri" da edozeinentzat.

Azkoitia eta Azpeitia artean bizi izan da, eta gustura dago bere lehen erakusketa Azpeitian jarri duelako: "Azken hiru urteetan Azpeitian bizi naiz, eta sekulako aldaketa izan da niretzat Azkoititik Azpeitira lekualdatzea; Azpeitian oso integratuta nago, eta gauzak egiteko txoko politak aurkitu ditut bertan: musika lantzeko, pintura... Jendearekin oso harreman onak ditut, eta gustura sentitzen naiz".

Noiz hasi zinen margotzen?

Pandemiaren garaian ekin nion margotzeari. Justu orain gutxi, amari galdetu nion ea txikitan margotzen nuen. Izan ere, 5 urterekin hasi nintzen pianoa jotzen, 6 urterekin abesbatzan kantatzen… Musikaren arloan badut maila bat, baina margotzearena beti hor eduki dut... Psikologian graduatua naiz, eta Musikoterapia ikasi nuen. Pandemia garaitik, berriz, arteterapiaren onurak deskubritu ditut. Pazienteekin terapiak online egiten ditut, eta egunen batean haietakoren batekin arteterapia landu beharko nuela pentsatuta, aurrena neure buruarekin probatzea erabaki nuen. Desoreka bipolarra dut, eta trazuekin margotzeko teknika antsietateari aurre egiteko egokia dela frogatu ahal izan dut; niri, behintzat, balio izan dit antsietatea kontrolatzeko.

Margotzen zeure kasa ikasi al duzu?

Garai batean pinturako tailer batera joan nintzen margotzera, han espazio bat neukalako horretarako. Hala ere, autodidakta izan naiz, neure kasa ikasi dut. Margotzen ez didate irakatsi, prozesua oso sinplea delako: Van Goghen liburu bat hartu, aurrena arkatzarekin bozetoa egin, gero mihisera pasatu irudi hori ikatzarekin, eta bukatzeko, pintzelarekin koloretako trazu lodiagoak edota finagoak eginez,  poliki-poliki, geruzaz geruza, irudia margotzea da.

Azpeitiko Foru pasealekuko udal erakustokian zabaldu duzun Van Gogh unibertsoa aurreneko erakusketa al duzu?

Bai, lehenengoa da. Hamabi koadroko bilduma osatu dut, eta pentsatzen dut bizitzako ziklo bat ere bilduma hori osatuta itxi zaidala. Pandemian hasi nuen, eta garai hori pixka bat pasatu denez... Akuarelarekin ere jarduten dut pintatzen, mandalak ere egiten ditut... Van Goghen unibertsoa itxi egin dut. 1853. urtetik 1890.era bitartean bizi izan zen Van Gogh, eta 27 urterekin erabaki zuen margolaria izatea. Nik egin ditudan lanak 1888tik 1890era artean egindakoetan oinarritutakoak dira, eta kronologikoki jarri ditut erakusgai.

Zergatik Van Gogh?

Agian, paralelismo bat badagoelako haren eta nire artean. Ni ez naiz gizartean moldatu gabeko pertsona bat sentitzen, herrian integratuta nago, eta herritarrek ondo hartu nautela sentitzen dut. Beti, ordea, rara avis bat, edota paradisuan pertsona arraro bat, sentitu izan naiz. Dena den, gero eta erosoago nago; agian, urteek ematen duten heldutasunagatik edo lasaitasunagatik izango da. Van Goghek bere bizitzan esperientzia traumatikoak izan zituen, sekula ez zuen familia sortu edo ez zituen munduarekin kalitatezko harremanak izan. Martxoaren 30a Desoreka Bipolarraren Nazioarteko Eguna da, eta aldi berean, Van Gogh jaio zen eguna. Hortik dator aurretik aipatu dudan paralelismoaren kontu hori.

Niri trazu lodiko teknikak funtzionatu egin dit. Azkenengo hiru edo lau urteetan, antsietatea kontrolatzeko ondoen etorri zaidan teknika izan da.

Pintatzeko beste teknikarik probatu al duzu?

Ez, ez dut probatu, trazuak eta brotxakadak eginez pintatu izan ditut orain arteko lanak.

Kolore askoko obrak dira.

Van Goghek kolore ilunak eta kolore biziak erabiltzen zituen pintatzeko, haren unibertso emozional aldakorraren nolabaiteko isla izan daiteke hori. Lantzen zituen gaiak ere desberdinak ziren: paisaiak, emakumeak… Esaterako, koadroetako batean Gachet doktorea margotu zuen. Nik ere margotu dut koadro hori, eta behin erakusketa bukatzen denean, markoa jarri eta neure psikiatrari oparitzeko asmoa dut. Koadro bakoitzak bere istorioa du, eta margolan bakoitzaren ondoan, paper banatan koadro bakoitzaren istorioa idatzi dut jendeak irakur dezan.

Bilduma honekin ziklo bat itxi duzula diozu. Beste ziklo berri bat zabaltzeko asmorik ba al duzu?

Beno, zera esan ohi du jendeak: "Etorkizuna idazteko dago". Gauza bat garbi daukat: nire etorkizuna aurrera begira egingo dudala, ilusioarekin eta ume begirada horrekin, fantasia horrekin. Zerk harrituko nauen eta zer aurkituko dudan; asmo horri helduta egingo dut bidea.

Eta aurrera begirako asmo horien baitan pintatzen segitzeko asmorik ba al duzu?

Ea gauzek zertarako astia uzten didaten; ea nire bizitzako etapa hau nola sentitzen dudan eta nondik nora jotzen duen. Orain hasiko gara hori ikusten. Margotzeko, antzerki batean parte hartzeko… denok daukagu zerbaitetarako zaletasuna eta pasioa, kontua ilusioa jartzea da, eta zeure baitan dagoen onena ematea. Guztiok daukagu artista edo jenialtasun puntu hori, eta horretara jartzea da kontua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide