Gutuna

Igandean Zelatunen

Txillarramendi auzo elkartea 2023ko ira. 21a, 12:53

Zelatun eta Hernio. (Urola Turismoa)

Statkraften asmoak ezagutu zireneteik urtea joan denean, azken urteari errepasoa egin eta Sañu Bizirik taldeak iganderako deitu duen elkarretaratzearekin bat eginez idatzi du gutun hau Txillarramendi auzo elkarteak.

Urtebete pasatxo joan da jada gure auzora* eskala industrialeko zentral eoliko bat eraikitzeko mehatxua iritsi zenetik. Statkraft Norvegiako enpresa multinazionalak iragarri zuen EAEko lehendakariaren eskutik, nahiz eta Azpeitiko Udala hasia zen jada "terrenoa prestatzen". Luze joan da urtea eta gauza asko gertatu dira. Ez gara hasiko orain guztiak hemen xehatzen; aipamen modura besterik ez: Sañu Bizirik ekimena sortu zen, Txillarramendi auzo elkartea eratu genuen, Soreasuko agerraldi hura egin zuen Statkraftek Azpeitiko Udalaren eskutik, proiektuaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Azpeitian, gaiaren inguruan hainbat hitzaldi eta ekitaldi antolatu ziren, I. Sañu Eguna ospatu zen, eta abar.

Denok gara jendarte eta komunitate gisa aurrera begira ditugun erronka itzelen jabe. Ez dugu arazoaren konplexutasun ikaragarria ukatuko, eta jakitun gara iturri berriztagarrietatik sortutako energia dela ezinbestean etorkizuneko gakoetako bat. Hala ere, horrelako azpiegiturak mendietan eta landa eremuan egin behar al dira aurrena; beste ezer kontuan hartu edo aldatu gabe? Uste dugu gisa horretako "energia trantsizioa" bultzatzen ari diren erakundeek eta hortik onura ekonomiko galanta aterako duten enpresa multinazionalek planteatzen duten premisa faltsua dela: "Proiektu hauek egin egin behar dira bai ala bai, bestela hondamendi klimatikoan sartuko gara". Azken urtean eskualdean antolatu diren hitzaldi eta abarretara gerturatu denak izan du aukera horren aurrean iritzi kritiko bat osatzen joateko. Ezinbestekoa da jada zaurgarritasun egoera larrian dauzkagun ingurune naturalak zaintzea eta hobetzea bizi dugun krisiari aurre egiteko, baita eginkizun horretan erakundeek erantzukizuna eta ardura hartzea ere. Eta bat ez da negazionista edo berekoia halakorik bere etxe ondoan nahi ez duelako. Guk ez dugu Sañoa-Etumeta inguruan zentral eolikorik nahi, baina ez diegu halakorik opa beizamarrei, itziartarrei edo aramaioarrei.

Datorren igandean Hernion eta Zelatunen tradizio handiko festa ospatuko da; aurtengo iraileko azkena. Jende asko joango da oinez hainbat tokitatik, eta 13:00etan kontzentrazioa egingo da Zelatunen, Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean. Gogoan izatekoa da, gure erakundeek eta alderdi politikoek (salbuespenik gabe) ontzat jotzen duten berriztagarri elektriko industrialen hedapena aurreikusten ari diren moduan emango balitz, Azpeititik Zelatunera oinez joaten denak halako bi zentral zeharkatu beharko lituzkeela: Sañoakoa eta Txorondegi-Indokoa. Norberak atera ditzala kontuak.

Igandean ikusiko dugu elkar Zelatunen.

 

(*Gure auzoa diogunean, uler bedi bere zentzurik zabalenean, eta guztien baimenarekin: Azpeitiko Odria auzoa; Errezilgo Txillarramendi, Etumeta eta Erdoizta ingurua; Zestoako Akua bailara eta Aizarna inguruak; Azpeitia eta Zestoako Lasao auzoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide