II. Topaketa Ekologikoa: bertako produktuak ardatz

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 22a, 09:41

Lehen Topaketa Ekologikoa, iaz, Azoka Plazan. (Mailo Oiarzabal)

Bertako produktuei "merezi duten garrantzia" ematea eta gertukoaren balioa azpimarratzea ditu helburu Elikaguneak. Horretarako, Topaketa Ekologikoa antolatu dute gaurko Biolur elkartearen laguntzarekin, eta hainbat ekintza antolatu dituzte, hala nola sukaldaritza ikastaroa. 

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak eta Elikaguneak elkarlanean antolatuta, II. Topaketa Ekologikoa izango da gaur arratsaldean, Azoka Plazan. 

Aurreko urteko topaketak edari ekologikoak izan zituen oinarri. Bigarren edizio honetan, "urrats bat egin" dute, eta edari zein janariak izango dituzte ardatz. Ohiko azokaz gain, ekintza hauek izango dira: umeentzako Ekoizpen duina kontsumo herrikoia izeneko sukaldaritza tailerra, eskualdeko edari ekologikoen postuak, edari eta pintxo dastaketa eta haurrentzako eskulanak.

16:30etik 19:30era bitartean egingo dute ostiral arratsaldeetako azoka, ohi baino ekoizle gehiagorekin. Bertan, eskualdeko produktu ekologikoak izango dira eskuragarri: sagardoa, gazta, ogia, zukuak, barazkiak, arrautzak... Horrez gain, eta azoka "indartzeko asmoz", pintxoak eta eskualdeko edari ekologikoen Ekodastaketa izango dira, 17:30etik 19:30era. Ordutegi berean, Kalaka proiektuaren eskutik, haurrentzako zurezko plaza jokoak egingo dituzte.

17:30etik 18:30era bitartean, berriz, haurrentzako Ekoizpen duina kontsumo herrikoia sukaldaritza tailerra egingo dute, Osoa sukaldaritza eskolaren eskutik. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago tailerra, eta izena eman nahi dutenek 688 68 86 96 zenbakira deituta edota Elikagunera bertaratuta egin ahalko dute.

Bertakoa sustatuz

"Haurrei zuzendutako ekintzetan hutsunea sumatu genuen, beraz, sukaldaritza tailerra antolatu dugu, bertako produktuekin zer presta daitekeen erakusteko. Gainera, Azoka Plazara joaten direnek gaztetxoek prestatutako pintxoak dastatu ahal izango dituzte", esan du Ioritz Aizpuru Elikaguneko kideak.

"Elikagunearen helburu nagusia bertako produktuei balioa ematea da, eta aurreko urtean aukera izan genuen Biolur elkartearekin batera lehen Topaketa Ekologikoa antolatzeko", adierazi du Aizpuruk. "Horrek eskualdeko produktuak plazaratzeko aukera eman zigun, merezi duten garrantzia emanez". 

Gaurko azokan, beti egoten diren ekoizleez gain, zortzi ekoizle ekologiko gehiago izango dira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide