Donostiako Zinemaldia

Zinemari so egiteko egunak

Ane Olaizola 2023ko ira. 22a, 09:59

Erika Olaizola, 'Sorbeltzak' film laburraren fotograma batean. (Limbus filmak)

Donostiako Zinemaldia hasiko da gaur, eta sektoreari lotutako eskualdeko artistek beren tartea izango dute film jaialdian. Telmo Irureta Zinemira saileko epaimahaiburu izango da, eta Erika Olaizola aktore den Sorbeltza film laburra Zinemira Kimuak atalaren barruan emango dute.

Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioa, eta hainbat sailetan banatuta, Euskal Herrian zein nazioartean ekoitzitako filmak lehiatuko dira zinema jaialdian. Zinemazaleen gozamenerako, gainera, askotariko berrehun film emango dituzte hilaren 30era bitartean. Ohikoa den bezala, eskualdeko zenbait artistak beren lekua izango dute Zinemaldian, batzuek hango programazioko filmetan parte hartu dutelako, eta besteek nazioarteko zinema jaialdiaren egituran bestelako ardurak izango dituztelako. 

Telmo Iruretak barrutik jarraituko du Zinemaldiaren aurtengo aldia. Aurrez ere parte hartu izan du jaialdian, hura protagonista den La consagración de la primavera filma Sail Ofizialean ­lehiatu baitzen iaz. Oraingo honetan, ordea, epaile lanetan arituko da zumaiarra, eta Zinemira saileko epaimahaiburu izango da; Irureta izango da, beraz, Euskal Zinemaren Irizar saria taldean ebatzi eta irabazleari banatzeko ardura izango duena. Aktoreak adierazi duenez, eginkizun hori duen aurreneko aldia izango da: "Jose Luis Rebordinosek [Zinemaldiaren zuzendaria] proposatu zidan Zinemira saileko epaimahaiburu izatea, eta oso ondo hartu nuen. Berezia izango da". Iruretak aitortu du "aldaketa" izanagatik, "eroso eta pozik" sentitzen dela aurrean duen erronkarekin. 

Euskal zinemari eskainitako saila da Zinemira, eta Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehiatuko dira gutxienez %20ko euskal ekoizpena duten lanak, hizkuntza nagusitzat euskara dutenak edota euskal komumitatea gaitzat dutenak. Sailaren garrantzia azpimarratu du Iruretak: "Zinemaldiaren sail potoloa da Zinemira; oso ezaguna da gaur egun. Beraz, han erakutsiko diren filmentzako izan daiteke bultzada handi bat".
 
Guztira, bederatzi filmek osatzen dute aurtengo Zinemiraren programazioa, eta horien artean dago Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartu duen Irati ikus-entzunezkoa. Interesgarritzat jo du Iruretak Zinemiraren aurtengo eskaintza, "aukera asko" dituelako. "Uste dut gozatuko dugula eta aste berezia izango dela". Epaimahaiburua gaur hasiko da hango sailari dagozkion film guztiak ikusten, horretarako prestatu dituzten emanaldietan. Jaialdiaren hasieraren bezperan, zumaiarrak ez du ezer aurreratu nahi izan: "Sorpresa da hori; jakinekoa den gauza bakarra da giro ona izango dugula". Jakinekoa da, ordea, Paco Sagarzazu aktoreak jasoko duela aurtengo Zinemira saria, eta hark zinemagintzan duen "esperientzia" azpimarratu du Iruretak. "Ondo merezia du saria, eta gustura jasoko du; guk ere gustura emango diogu". 

Olaizola, Kimuak atalean

Kimuak katalogoko film laburrek ere osatzen dute Zinemira saila, urteko film labur nabarmenenak zabaltzeko asmoz. Zazpi filmek osatzen dute aurtengo Zinemira Kimuak atala, eta horien artean, Sorbeltza film laburra eskainiko dute. Belaontzi batean doazen hiru pertsonaren istorioa kontatzen du ikus-entzunezkoak, eta Erika Olaizola aktorea da Iban Del Campok zuzendutako laneko protagonistetako bat. Duela bi urte grabatu zuten film labur hori, eta "oroitzapen oso ona" du gordeta aktoreak: "Irail batez grabatu genuen Pasai San Pedron [Gipuzkoa], lau bat egunez, itsasoan, filmak lokalizazio bakarra duelako. Egunez abiatzen ginen itsasora, eta iluntzean, bueltatu. Grabazioa belaontzi batean izanik, lantaldea ere oso txikia ginen. Bizipen oso ederra izan zen niretzat". Joseba Apaolaza eta Miren Gaztañaga dira filmeko beste bi aktoreak, eta Gaztañaga "lagun ona" izanik, grabaketa harekin partekatzea "ederra" izan zela azaldu du azpeitiarrak. 

Olaizolak Oreina eta Los tontos y los estúpidos filmekin ere parte hartu izan du Donostiako Zinemaldian, eta haren iritziz, pozgarria da norberak lan egindako filmak jaialdian erakustea, horientzat "erakusleiho" delako Zinemaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide