Ibai Angulo txapeldun, mendi lasterketen Euskal Herriko Kopan

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 25a, 18:05

Ibai Angulo, larunbatean Azkainen jokatutako Skyrhune proban. (Utzitakoa)

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Kopako azken proba Azkainen, eta orduan erabaki ziren 2023ko txapeldunak. Ibai Angulo azpeitiarrak junior mailako Euskal Herriko Kopa irabazi du. Domusa Teknik Lana taldeko korrikalariak "oso pozik eta sentipen onekin" dagoela dio, eta orain arteko emaitzen balorazio positiboa egin du. Datozen hilabeteetan "lasterketekin gozatzea" du helburu.

Ibai Angulo korrikalari azpeitiarrak mendi lasterketetako Euskal Herriko Kopa irabazi du junior mailan. Domusa Teknik Lana taldeko kideak joan den asteburuan jokatutako lasterketaren ondotik eskuratu du lehen postua Euskal Herriko Kopan, eta lortutakoarekin "pozik" agertu da. Azkainen (Lapurdi) jokatu zen kopako azken proba, Skyrhune, eta bertan erabaki ziren maila guztietako txapeldunak.

Junior mailako korrikalariek bost proba puntuagarri jokatu dituzte hilabeteotan Euskal Herriko Koparen barruan, eta Angulok bostetik lau egin dituen arren –batean ezin izan zuen lehiatu beste txapelketa bat zeukalako–, hark lortu du emaitzik onena. Jon Razkin sailkatu da bigarren. "Kopa irabazteko ezinbestekoa da, gutxienez, lau lasterketa bukatuta izatea, eta, zorionez, osatuta nituen. Koparako puntuagarri zen lasterketa batean ezin izan nuen lehiatu, beste txapelketa bat neukalako. Hala ere, egindako lau probetan denbora onak egin ditut, eta lortu dut txapeldun amaitzea". Azpeitiko gazteak onartu du denboraldirako jarritako helburuen artean zegoela Euskal Herriko Kopa, eta zentzu horretan, helburua lortu duela dio. "Beste urteetan, gazteen mailan jende gutxiago lehiatzen zen Euskal Herriko Kopan, eta ez zegoen lehiakortasun askorik. Aurten, ordea, jende gehiagok parte hartu du, eta maila ere hobetu da. Lehiakortasun horrek lanerako grina pizten du", adierazi du. 

Ibai Angulo eta Jon Razkin, larunbateko sari banaketan. (Euskal Mendizale Federazioa)

Helburuak, beteta

Euskal Herriko Kopa eskuratu badu ere, erronka potoloagoak ere jarri ditu aurtengorako: "Denboraldi hasieran, entrenatzailearekin eseri eta denboraldirako helburuak jarri nituen. Nire aita da nire entrenatzailea, eta harekin prestatu dut denboraldia. Lasai jarri, eta zein erronkari heldu erabaki genuen. Asko pentsatu ostean, garbi geneukan iaz bezala Euskal Herriko Kopa nahiz Euskal Herriko bi txapelketak –bertikala eta lineakoa– egutegian jarri nahi genituela. Espainiako bi txapelketetara joateko asmoa ere bagenuen, eta saiatu ginen aurrez beste lasterketa batzutan emaitza onak eskuratzen, selekzioarekin Espainiako Txapelketak jokatu ahal izateko".

Orain arteko lanaz zer balorazio egiten duen galdetuta, "gustura" agertu da Angulo, eta aitortu du denboraldiak aurrera egitearekin batera "gehiago motibatu" dela: "Egia esan, egindako lanarekin gustura nago. Denboraldi hasieran, aurreneko lasterketetara-eta justu iritsi nintzen, txispa faltarekin edo, baina denboraldiak aurrera egitearekin batera, errendimendua hobetzen joan naiz. Ikusi nuen lan pixka bat eginda iazko denborak hobetzeko gai nintzela. Gainera, Domusa Teknik Lanak egindako deiak eta proposamenak lanean jarraitzeko indar asko eman zidaten, baita hainbat lasterketetan lortutako emaitzek ere".

Uda sasoia indarrak berreskuratzeko aprobetxatu du Urrestillakoak, baina irailean probaz proba ibili da: "Udan geldialdia egin genuen, mentalki nahiz fisikoki atseden hartzeko. Dena den, uztailean berrartu genituen entrenamenduak, eta irailean lasterketaz lasterketa ibili naiz. Azken asteak gogorrak izan dira–lau proba jokatu ditut–, baina oso pozik nago emaitzekin".

Denboraldia amaitu ez den arren, Angulok dio "helburu nagusienak beteta" utzi dituela, eta datozen hilabeteetan kirolaz gozatzen jarraitu nahi du, mendian zein errepidean. Hori dela eta, Domusa Teknik Lanako kiderik gazteena ez da geldirik egongo. "Denboraldia ez da amaitu, baina helburu handienak beteta utzi ditugunez, hemendik aurrera lasterketetara gozatzera joatea da nire asmoa. Urriaren 8an Zumaiako Flysch Trailean parte hartuko dut. Aurten, 23 kilometroko lasterketarekin probatuko dut, ea zer moduz moldatzen naizen. Ondoren, errepideko beste proba bat jokatuko dut Bilbon, eta azaroan Behobia egingo dut. Asfaltoko probei estimu berezia diet. Amaitzeko, Karakateko Igoera Bertikala jokatuko dut. Egutegian borobilduta dudan proba bat da, hango giroak eta joaten den jendeak oso berezi egiten baitute”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide