Etxeko energia kontsumoa tarifa elektriko berrietara egokitzen ikasteko tailerra eskainiko dute

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 27a, 11:38

Urriaren 3an, asteartean, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan egingo dute saioa. Energia Argitu programaren baitan antolatu dute, kontsumo datuak ezagutu, kontsumoa murriztu eta modu egokian banatuz aurrezten irakasteko asmoz. Izena eman nahi dutenek bihar arte dute epea, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatziz edo 628 530 303 telefonora deituz.

Energia Argitu programaren baitan, etxeko energia kontsumoa tarifa elektriko berrietara egokitzen ikasteko tailerra egingo dute datorren asteartean, urriaren 3an. Saioa 18:30etan egingo dute, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute.

Tailerraren helburuen artean, tarifa berriak kontuan izanik, kontsumoa murriztea, banatzea, eta aurreztea daude. Antolatzaileek azaldu dutenez, beharrezkoa da kontsumo datuak ezagutzea gure helburua murriztea bada: "Aplikatzen den tarifa egokitzeko eta kontratatutako potentzia egokia ote den egiaztatzeko beharrezkoa da datuak ezagutzea. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak direnei, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatuz, aurreztu egiten da eta energia berriztagarriak sustatu. Tailer honetan herritarrei erakutsiko zaie hori nola egin, zehazki hiru gai hauek landuz: nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; nola murriztu eta birbanatu kontsumoa, ondoren tarifarik egokiena aukeratzeko; eta nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna".

Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute osteguna baino lehen, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatziz edo 628 530 303 telefonora deituz (09:00etatik 18:00etara). Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek argitu.eus helbidera jo dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide