'Euskal pentsamendu indigena' hitzaldia eskainiko du bihar Aitor Puyk

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 27a, 16:18

(Pexels)

Sañu Bizirik taldeak antolatuta, solasaldia eskainiko du bihar Aitor Puyk Azpeitiko Gaztetxean, 20:00etan hasita. "Zientzia eta mitoak aurrez aurre" jarriko ditu hizlariak, eta hizpide izango ditu Joxe Migel Barandiaranen eta Alfred Kroeber antropologoaren zenbait hausnarketa. Era barean, "jakinduriaz" egiten duen hausnarketa plazaratuko du.

Euskal pentsamendu indigena izeneko hitzaldia eskainiko du bihar, osteguna, Aitor Puy Arrieta Xk. Sañu Bizirik taldeak antolatutako solasaldia da, eta Azpeitiko Gaztetxean izango da, 20:00etan hasita. Geografian eta Historian nahiz Gizarte eta Kultur antropologian lizentziatua da Puy, baita Sustraiak Bizirik taldeko kidea ere. 

Aurrena, kultura zer den azalduko du hizlariak, Alfred Kroeber antropologoaren hausnarketak abiapuntu hartuta. Ondoren, bi kultura jarriko ditu parez pare: "indigenena, batetik eta zibilizatuena, bestetik". Horrela dio hizlariaren azalpenak: "Ahalegintzen naiz azaltzen gaur egungo pentsamendu 'zibilizatua' zertan datzan, eta zer-nolako eragina duten arrazionalismoak eta kristautasunak. Halaber, ahalegintzen naiz azaltzen indigenen mundu ikuskeran mitoek eta erritoek zer-nolako garrantzia duten. Euskal indigenen pentsamendua azaltzeko unean, Joxe Migel Barandiaranek bildutako zenbait kontakizunen aipamena egiten dut. Dena dela, euskal indigenismoak izan du antzekotasunik beste lurralde batzuetakoekin". Puyren hitzetan, "tradizio ezberdinen eraginez, oso bestelakoa da indigenek naturaz egiten duten interpretazioa eta mundu “zibilizatuak” egiten duena". Hori dela eta, "desberdintasun horiek mahai gainean" jartzen ditu hitzaldian zehar,"zientzia eta mitoak aurrez aurre". Solasaldia amaitzeko, jakinduriari buruz, oro har, egiten duen irakurketa edo hausnarketa partekatuko du. 

"Euskal sinismen zaharrak bultzatzeko eta azaleratzeko asmoz" sortu zuten Sustraiak Bizirik kultur elkartea Gurutz Garmendiak eta Aitor Puyk. Helburu horrekin, askotariko hitzaldiak eskaintzen ari dira han eta hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide