Reggaetoiari alternatiba

Aitziber Arzallus - Urtzi Oteiza 2023ko ira. 28a, 10:21

Azpeitiko eta Azkoitiko lau gaztek musika elektronikoa ardatz duen Gaueko egitasmoa jarri dute abian, eta larunbaterako antolatu dute lehen ekitaldia. Azpeitiko plazan hasiko dute festa, eta Sanagustinen jarraituko du.

Lagunak izateaz gain, musika elektronikoaren zale sutsuak ere badira Javi Soto azpeitiarra eta Haitz Munizio nahiz Iñigo eta Antton Segui azkoitiarrak, eta hain zuzen ere, zaletasun horrek bultzatu ditu Gaueko deitu dioten egitasmoa martxan jartzera. "Duela urte batzuk, Azpeitiko larunbat gauetan musika elektronikoak bazuen bere lekua, baina Lokotx taberna eta Inox dantzalekua ixtearekin, galdu egin zen hori", azaldu du Sotok. Gaur egun, parranda giroko herriko taberna ia guztietan musika bera entzuten dela esan du; reggaetoia da jaun eta jabe. "Horri alternatiba jartze aldera, geuk zerbait egin genezakeela pentsatu genuen; adibidez, tarteka festa elektronikoak antolatu. Asmo horrekin sortu dugu Gaueko".

Festa horientzat leku egokiena izan zitekeenaren bila hasi ziren, eta Sanagustin kulturgunea jo zuten begiz, ezaugarri egokiak zituelakoan. Aretoaren arduradunei beren asmoen berri eman, eta proposamena gustatu egin zitzaiela adierazi du Sotok. "Musika elektronikoari agendan lekua egiteko prest azaldu ziren, eta ondo iruditu zitzaien festa horiek antolatzeko ardura guk hartzea". Horrela, lehendabiziko ekitaldia antolatzeari ekin zioten lau lagunek, eta larunbaterako prestatu dute hori.

Festak bi zati izango dituela azaldu du azpeitiarrak: arratsalde partekoa 19:00etan hasi eta 22:00etan bukatuko da eta Sanagustinpean izango da, kanpoan, alegia; gauekoa, berriz, 22:30ean hasi eta 03:30ean bukatuko da, eta Sanagustin kulturgunean izango da. Arratsaldea girotzen bi DJ ariko dira eskuz esku edo B2B deitu ohi dioten eran: Soto bera Mr. Soto izenpean, eta Fermin Lorente iruindarra /göo! izenpean.

Atarikoa bukatuta, kulturgunearen barrualdean jarraituko du jaiak, eta Mr. Soto eta /göo! DJen doinuetara ez ezik, beste artista batzuen doinuetara dantza egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. White Solar Dog izango da kartelburua, eta Aibofobia bikote azkoitiarrak osatuko du zerrenda. Biek ala biek live eran sortutako saioak eskainiko dituzte; horrek esan nahi du musika nahastu bakarrik ez, unean bertan egingo dutela. "Ordenagailu batekin musika nahastu baino zerbait gehiago egiten duen artista bat ekarri nahi izan dugu, eszenatokia betetzeko eta ikuskizuna emateko gai den norbait", adierazi du Sotok; "eta White Solar Dog hori guztia egiteko gai da".

Aibofobia, berriz, Suharri Aranburu eta Haitz Munizio bikote azkoitiarra dira, eta aurretik ere zerbaitetan jarduten zuten arren, urtearen hasieran ekin zioten serio orain esku artean duten proiektuari. Maiatzaren hasieran Azkoitian egin zuten Holz Und Blech jaialdian egin zuten debuta, eta harrezkero, zuzeneko saio batzuk egiteko aukera izan dute.

Larunbatera begira jartzeko eskatuta, sabelean urduritasun pixka bat sentitzen duela aitortu du Sotok. "Gauza guztiak ondo lotuta dauzkagun arren, beti sortzen dira zalantzak; jendeak nola erantzungo duen eta horrelakoak". Eta aukera baliatu du herritarrak festara gonbidatzeko. "Entzuteko, ikusteko eta gozatzeko moduko saioa izango dela uste dut, giro bikaina sortuko dela, eta musika elektronikoaren maitale sutsuak ez direnei ere animatzeko eta buelta bat egiteko esango nieke, agian ustekabe atsegina jasoko dutelako".

Aurrera begirako asmoez galdetuta, lehendabizi larunbatekoa nola joaten den ikusi nahi dutela esan du Sotok, baina ziurtatu du gustatuko litzaiekeela hurrengo hilabeteetan antzerako beste ekitaldiren batzuk antolatzeko aukera izatea. "Laurok Holz Und Blech jaialdiaren antolaketan ibiltzen gara, gure lehentasuna jaialdi hori da eta horretara indar asko jarri behar izaten dugu; baina bai, asko gustatuko litzaiguke larunbateko lehen ekitaldi horri jarraipena emateko modua izatea".

Arratsaldeko saioa doakoa izango da; gauekoa, berriz, bost euro kostatuko zaie sarrera aurrez kulturaz.eus webgunean erosten dutenei, eta zortzi euro, egunean bertan erosten dutenei.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide