Nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko saioak prestatu dituzte

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 28a, 12:10

Udal Euskaltegiko Inge Beloki, Garbiñe Bereziartua Euskara Mahaiko kidea, Malen Aldalur Parekidetasun teknikaria, Emakumeen Txokoko Ana Novoa eta Leire Goenaga zinegotzia, 'HIKAstaroa'-ren kartelekin. (Azpeitiko Udala)

Udal Euskaltegiak eta Emakumeen Txokoak elkarlanean antolatu dute HIKAstaroa, Euskara Mahaiak sustatuta. Ordu eta erdiko sei saio izango ditu eta ostiral arratsaldetan egingo dituzte, urriaren 6tik azaroaren 24ra bitartean. Emakumeei zein gizonei zuzendutako egitasmoa da.

"Gizonen arteko elkarrizketetan, hika aritzea da ohikoena Azpeitian. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, emakumeen arteko solasaldietan edo emakumeen eta gizonen artekoetan. Izan ere, tokaren aldean erabilera txikia du nokak". Errealitate horren haritik Euskara Mahaian plazaratutako premiatik abiatuta, Udal Euskaltegiak eta Emakumeen Txokoak elkarlanean antolatu dute HIKAstaroa, nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko asmoarekin.

"Noka aldaera ikasi edo praktikatu nahi duten guztiei" zuzendutako egitasmoa da HIKAstaroa, emakumeei zein gizonei. "Ikastaroan, gaiaren kokapena eta oinarrizko ezagutzak landuko dira, baina, batik bat, noka praktikatzea izango da helburua. Elkarrizketak izango dira saioen ardatza, eta partaideek era dinamikoan landuko dituzte edukiak", azaldu dute sustatzaileek.

Ordu eta erdiko sei saio izango ditu ikastaroak eta ostiral arratsaldetan egingo dituzte, 18:00etatik 19:30era, urriaren 6tik azaroaren 24ra bitartean. Izena emateko epea zabalik dago; langileek 13,5 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle, langabe eta pentsiodunek 9 euro.

Izena emateko zein ikastaroaren gaineko informazio nahi dutenek Emakumeen Txokora (Goiko kale 12, behea, Izarraitz frontoiaren eraikinean) jo dezakete, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; 
943-15 70 55 eta 688 151 000 telefonoetara deitu; edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzi..

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide