Txiki eta Otaegi oroitu eta borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Gudari Eguneko ekitaldian

Ihintza Elustondo 2023ko urr. 1a, 09:10

Gudari Eguneko ekitaldi nagusia egin dute Azoka Plazan, Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituenetik 48 urte bete direnean. Pasaiako segadan hildakoak eta Eustakio Mendizabal Txikia ere gogoan izan dituzte. "Gaur hemen hitz ematen dugu gure aurrekoek ekindako bideari jarraipena emango diogula, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte", nabarmendu dute. 

Irailaren 27an 48 urte bete ziren Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituenetik. Gertaera hori salatzeko eta hildakoak oroitzeko, Gudari Eguneko ekitaldi nagusia egin zuten atzo, larunbata, Azpeitiko Azoka Plazan, ezker abertzaleak antolatuta. Gertaera egunean bertan, gainera, lore eskaintza egin zuten Nuarbeko hilerrian. 

Askatasunaren haizea abestiaren doinuekin hasi zuten atzoko ekitaldia. Ondoren, Ainara Larrañagak hartu zuen hitza; hark egin zituen saioaren gidari lanak. Bideo pare bat ere proiektatu zituzten, euskal historiaren hainbat atali errepasoa eginez. Besteak beste, euskara galarazteko saiakerak, kooperatiben sorrera, Ez Dok Amairu, langileen mobilizazioak, euskal udaberria nahiz ETAren sorrera aipatu zituzten. Txiki eta Otaegi hil zituztenean Euskal Herriaren egoera zein zen azaldu zuten, eta gogoratu milaka lagun atera zirela kalera haien hilketa salatzera. Aurten, gainera, 50 urte bete dira Eustakio Mendizabal Txikia hil zutenetik, eta urteurren borobila aprobetxatuz, Larrañagak haren bizitzaren errepasoa ere egin zuen. 

Txikiaren heriotzaren urteurrena baliatuz, Haritz Garmendiak haren olerki bat errezitatu zuen, Orhantza Alegriaren gitarra doinuek lagunduta. Txikia ez ezik, gogoan izan zituzten atzo Pasaiako sarraskian hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak ere. Ekitaldian izan ziren Otaegiren, Kurroren eta Pelitxoren gertukoenak. "Besarkadarik beroena" eman nahi izan zieten haiei, "hainbeste urtetan duintasun osoz tinko eutsi diozuen senideei". Bidean joandakoak "herri honen seme-alaba kutunak" direla ere esan zuten.

Segidan, Aritz Arzallusek hartu zuen hitza. 1975eko irailaren 27ko goiz hura ekarri zuen hark gogora. "Ordutik data garrantzitsua da irailaren 27a nazio askapen mugimenduarentzat; Txiki eta Otaegi oroitzen ditugu, baita Euskal Herriaren askatasunaren alde eta mundu justuago baten aldeko borrokan ekarpena egin dutenak ere. Euskal Herriarekiko konpromisoa berresteko eguna da, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa berrestekoa", esan zuen. 

Txiki eta Otaegi fusilatuta, Francoren erregimenak helburu bat zeukala adierazi zuen Arzallusek: "Euskal Herriaren askatasun nahia itotzea, herri bat etsipenera kondenatzea, baina ez zuten lortu. Eta oraingoek ere ez dute lortuko. Memoriaren errelato bakarra inposatu nahi digute. Galtzaileen historia omen da gurea, hori sinestarazi nahi digute, baina horren gainetik, borrokaren memoria eta ondorioa gara. Beraien errelatoarekin gurea ukatzea ere helburu dute, besteen memoria eta errelatoa ukatzea menpekotasuna mantentzeko oinarrizkoa dutelako. Horregatik desitxuratzen eta ukatzen dute gure herriarekin daukaten gatazka politikoa dela. Eta frankismoan ezartzen ziguten zapalkuntza nazional berbera da gaur egun ezartzen digutena".

Aldaketa haizea

Atzera begira jarriz gero, "borroka zirkulu baten antzekoa" izan dela nabarmendu zuen Arzallusek, "bukaerarik gabeko kate begiz osatutakoa", eta ekitaldian zegoen pertsona bakoitza "borroka horren katebegi" dela esan zuen. "Angel parte zen belaunaldi oso batek Euskal Herrian biziraupen grina bultzatzeaz aparte, herri honetan anbizio indartsu bat sustatu zuen, eta herri anbizio horrekin helduko diogu belaunaldi berriok ere. Aldaketa haizea dabil Euskal Herrian, ziklo aldaketa baten hasieretan egon gaitezkeenaren zantzuak antzematen dira. Nazio askapen prozesua azkartzeko perspektiba berri bat irekitzen ari da. Izan ere, ezker independentismoa ari da egiten eta eragiten. Baten batek pentsa dezake borroka egiteak ez duela merezi, ez daukala zentzurik, Angelek eta beste hainbatek egindako ekarpena hutsala izan zela, baina guk esaten dugu hori ez dela horrela, zeren eta urteetako borrokak eta determinazioak aukera berrien aurrean jarri gaituzte momentu honetan. Aukera ireki dugu euskal preso, iheslari, eta deportatu politikoen egoerari behin betiko konponbidea emateko, gatazka politikoari buruzko eztabaida lehen lerrora ekartzeko, eta ezkerreko independentistok esku-eskura daukagu hazten jarraitzeko aukera, eta are, lehen indarra bilakatzekoa. Antsietaterik gabe, baina bagara, geroz eta gehiago gara, eta bagoaz. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko herri borroka indarra hartzen ari da". 

"Kolpe guztien gainetik aurrera egin duen herri baten historia gara, euskal nazio askapen mugimenduaren oinordekoak", esan zuen. Era berean, bidean galdu diren "senideen, lagunen, borrokakideen testigua" hartzeko eta aurrera egiteko unea dela nabarmendu zuen. "Iraganari begiratzearekin batera, etorkizuna eraikitzeko determinazio sutsua daukan mugimendua gara. Gaur hemen hitz ematen dugu gure aurrekoek ekindako bideari jarraipena emango diogula, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte". 

Ekitaldia amaitzeko, berriro Txikiari keinu eginez, Txikia abestia kantatu zuen Aizpea Aristik, Alegriak gitarraz lagunduta. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide