Nolatan joan zinen Seulera bizitzera?
Kasualitatez izan zen dena. Estilismoa eta Moda Komunikazioa lau urteko gradua ikasi nuen Bartzelonan, eta ikasketak bukatutakoan, zerbait berria ezagutzeko gogoa nuen. Familia korearra zuen lagun bat egin nuen Bartzelonan, eta hark beti esaten zidan Korea asko gustatuko zitzaidala.
Unibertsitateko ikasketak bukatu orduko joan al zinen Koreara?
Bai, 2017an hilabetez oporretara etorri nintzen, baina azkenean, hiru hilabete egin nituen Korean. Oso gustura egon nintzen, eta Seulera bizitzera etorri behar nuenaren ideiarekin itzuli nintzen etxera.
Hala, orain bi urte Seulera joan zinen bizitzera.
Unibertsitateko ikasketak amaitutakoan, nire kontura sorkuntza lanean hasi nintzen Bartzelonan. Gero, ordea, pandemia iritsi zen, eta horrek eragin zuen geldialdiagatik ezin izan nuen nire proiektu profesionalarekin jarraitu. Orduan, bizitzera Seulera etortzea erabaki nuen. Urtebetez, Seulgo unibertsitate batean koreera ikasten jardun nuen, eta bitartean, bizitzeko diru pixka bat irabazteko, agentzia batean modelo lanean hasi nintzen.
Zer-nolako modelo lanak egiten zenituen?
Arropa markentzako lanak, Youtubeko bideoetarako kolaborazioak... egiten nituen. Hego Korean aisialdiko agentzia enpresak daude, eta enpresa horietan modeloek, abeslariek, dantzariek, aktoreek... oro har, artistek egiten dute lan. Modelo lana ondo etorrri zitzaidan diru iturri bezala, baita jendea ezagutzeko ere.
Modelo hasi zinen, baina egun argazkilari lanetan ari zara.
Bai, agentzian argazkilari bat behar zutela aipatu zidan managerrak –Korearaino etorri, eta Bartzelonakoa dut managerra–, aurkeztu egin nintzen lan eskaintzara, eta orain argazkilari ari naiz. Beti gustatu izan zait argazkilaritza, eta erosoago sentitzen naiz kamera atzeko lanean. Une batzuetan ondo etortzen da modelo jardutea, baina zailagoa da lana.
Beraz, kamera aurreko lanetik kamera atzeko lanera igaro zara.
Bai, esperientzia dut kameraren aurreko lanean, eta eskarmentu hori lagungarria da kamera atzean aritzeko; orain badakit artista berriak nola zuzendu behar ditudan kamera aurrean, baita haiek zer egoeratan dauden eta nola sentitzen diren ere.
Azpeitia eta Seul. Alde ederra egongo da, ezta?
Bai, Seulen dena mugimendua da, eguneko 24 orduetan zerbait gertatzen ari da. Azpeititik hona etorrita, zerbait arraroa sentitzen da; batetik, agobioa, baina bestetik, lasaitasuna. Bakoitzak bere bizitza egiten du hemen, bere bidea, eta anonimotasunean bizi zarela sentitzen duzu. Seulera etorritakoan, gauzak esperimentatzeko nire unea eduki nuen, ilea tindatuz, janzkera aldatuz... Ez nintzen batere epaitua sentitzen, ez nuen ez lotsarik, ez beldurrik, besteek nigatik zer esango zuten.
Zenbatean behin etortzen zara Azpeitira?
Urtean behin, Gabonetan, familia osoa elkartzen garelako. Amama-eta galdezka hasi zaizkit Gabonetarako hegazkin txartela hartu al dudan.
Seulen zeren falta sumatzen duzu gehien?
Familiarena eta lagunena aurrena, eta gero, kulturarena. Esaterako, lanetik irtendakoan lagunekin zerbait hartzeko gelditzearen falta sumatzen dut, pintxo-poteoarena... Lagunekin eguneroko harremanak gertukoagoak dira Azpeitian; Seulen, baina, urrunagokoak dira: astean behin gelditzen naiz batzuetan, eta haiekin egoteko metroan ordubeteko bidaia egin behar izaten dut. Korean bizi naizenetik, Azpeitian festa asko ditugula ere ohartu naiz.
Zer gustatzen zaizu gehiena Seuldik?
Seulen egunero zerbait berria aurkitzen dut; gauza piloa daude egiteko, eta oso eskura. Adibidez, ikasketak bukatutakoan, sormenari lotuta profesionalki aurrera egiteko aukera gutxi ikusten nituen hor. Seulen, berriz, alde guztietatik azaltzen zaizkit aukerak, eta lanean ari naizen bitartean ikasten joateko aukera ikaragarria dut. Seulen bizi naizen bitartean ahalik eta gehien ikasiko dut, baina etxe aldera begira ere banago, Azpeititik gertuago lan aukeraren bat ateratzen den adi.