Udalak Corrugadosen jarduna iraungitzat ematearen kontrako epaia eman dute

Nerea Uranga 2023ko urr. 4a, 15:36

Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia, goitik, artxiboko irudian. (Urtzi Oteiza)

Alkatetza dekretuz onartu zuen erakundeak, 2021eko irailean, enpresak herrigunean zuen jardueraren iraungitzea. Erabaki hori auzibidera eraman zuen Corrugados Azpeitia SLk; udalaren kontra salaketa jarri zuen, eta arrazoia enpresari eman dio orain epaiak. Udalak erabakia errekurrituko duela jakinarazi zuen Nagore Alkorta alkateak atzo, urriko udalbatzarrean.

Orain dela bi urte, 2021eko irailaren 15ean, Corrugadosen Azpeitiko eremuko jardueraren iraungitzea onartu zuen Azpeitiko alkateak dekretu bidez. Corrugados Azpeitia SLk erabaki horren kontra egin, eta salaketa jarri zuen Azpeitiko Udalaren aurka Donostiako Lehen Administrazio Auzitegian. Auzitegiaren epaia (155/2023) udalaren kontrakoa izan da, eta baliogabe jo du alkate dekretu hura.

Atzo, asteartea, ohiko udalbatzarra egin zuten, eta galdera eta erreguen garaian, epaiari helegitea jartzeko asmoa al zuen galdetu zion Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak Nagore Alkorta alkateari. Errekurtsoa jartzeko epea urriaren 11 bitartekoa dela azaldu zuen Alkortak, eta abokatuarekin aztertu ostean, errekurtsoa jarriko dutela zehaztu zuen, epai horri aurre egiteko oinarriak eta arrazoiak badaudelako haien ustez.

2021eko irailaren 15eko alkate dekretua "lege parametroak" kontuan hartuta eta prozedura administratiboari zegokiona eginez gauzatu zutela azpimarratu du Alkortak. "Corrugadosen Azpeitiko eremuan zer-nolako jarduera zegoen aztertu genuen; alegia, 2013. urtetik enpresa jarduera itxita zegoen, eta ordutik aktibitate ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda zuen enpresak. Horrez gainera, Corrugados enpresak berak Azpeitiko enpresa desmantelatzeko edota eraisteko baimena zuen. Ondorioz, jardueraren iraungitze deklarazioaren prozedura administratiboa egitea zegokion udalari, eta alkate dekretuz onartu zen".

Corrugados Azpeitia SLk, ordea, alkate dekretuaren kontra jo zuen, enpresak jarduerarako hainbat baimen esku artean zituela argudiatuta. Epaia kontrakoa izan arren, ebazpenean esaten dena zehaztu nahi izan du Alkortak; alegia, ezin direla nahastu jardueraren iraungitzea eta jarduera berriro abian jartzea. "Juridikoki iraungitzea adierazteko baldintza guztiak ez direla ematen dio epaiak, baina era berean, esaten du horrek ez duela esan nahi jarduera berriro abiatzeko baldintzak daudenik. Beraz, berriro lantegia martxan jarri ahal izateko beste espediente bat ireki beharko lukete".

Azpeitiko Udalak errekurtsoa jarriko du Corrugados Azpeitiaren jardueraren iraungitzea adierazten duen dekretuaren baliogabetzearen kontra. "Abokatuarekin aztertu dugu epaia, eta oinarriak daude helegitea jartzeko. Aurrez esan bezala, 2013tik Corrugadosen jarduera hori itxita dagoela egia delako; aktibitate ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda dutelako; eta beraiek enpresa eraisteko baimena izan eta hori aurkeztu dutelako. Alegia, berrabiarazi nahi duten jarduera horren eraiste proiektua daukagu", azaldu du alkateak.

Alkortak adierazi duenez, Corrugados Azpeitia lantegia eraisteko baimena enpresa batek eskatu zuen, eta ondoren Corrugadosek titularitate aldaketa eskatu zuen. Egun, Azpeitiko ingeniaritza enpresa bat eraiste proiektua egiten ari da, eta enpresak egitasmoa aurkeztu zain dago udala.

Aukera "galduta eta bukatuta"

"Ika-mikatan" sartzeko asmorik gabe, Corrugadosen gaiari eta Azpeitiko Udalak jasotako kontrako epaiari helduz hitz egin zuen EAJren udal bozeramaileak atzoko udalbatzarrean. Azpeitiko EAJk Corrugados Azpeitiaren proiektuaren inguruan "indarrarekin eta gogoarekin" lan egin duela azpimarratu zuen Altunak. "2013an, Corrugados itxi eta berehala, lantegi hori berriro martxan jartzeko lanean hasi ginen, eta talde bat osatu genuen horretarako. Jerezera [Espainia], Madrilera, Gasteizera, Bilbora, Donostiara... joan ginen hainbat industria talderekin egoteko, eta bideragarritasun plan bat ere egin genuen. Jerezera joan, eta Gallardori gure asmoa azaldu genionean, esan ziguten inork ez zuela asmorik azaldu Corrugados Azpeitia berriro zabaltzeko. Gero, irekitzeko aukera etorri zenean, horri ezin genion uko egin, zabaltzeko lan asko egin genuelako". Aukera hura, ordea, "galdu" egin dela azpimarratu zuen Altunak atzo.

Nahiz eta udalak epaiari helegitea jarri, bere garaian Corrugados Azpeitia zabaltzeko izandako aukera "bukatu" da, jeltzaleen udal taldekoen aburuz. Hala ere, lantegia berriro zabaltzeko proiektuaren alde egin zuten alderdikideen alde egin zuen Altunak. "Proiektua udalean defendatu zuten alderdikideen izen ona defendatu beharra dago. Izan ere, guk ez genuen gezurrezko proiekturik defendatu. Proiektu hura orain emandako epaian ere azaltzen da, eta legezkoa zen. Egia eta benetan herriarentzako ona zena defendatu genituen. Aukera galdu da, eta hemendik zortzi urtera Trukutxon ez da egongo 200 langileren soldatak ordainduko dituen enpresarik. Orain, eremu horretarako plan berezi on bat planteatu beharko genuke".

Alkortak aurreko agintaldian behin eta berriro azpimarratutakoa esanez erantzun zion Altunari: "Corrugados martxan jartzeko udal honek ez du benetako proiekturik izan mahai gainean, eta erabaki guztiak parametro legalak kontuan izanda hartu ditugu, eta ez parametro politikoak kontuan hartuta. Erabaki guztiak Plan Orokorra errespetatuz hartu ditugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide