Aitor Arana: "Zamenhof familiari ilusio handia egin dio liburu honek"

Aritz Mutiozabal 2023ko urr. 5a, 09:59

Aitor Arana idazlea. (Aritz Mutiozabal)

Lidia Zamenhof esperantista eta idazle poloniarraren bizitzan oinarritutako eleberria argitaratu berri du Aitor Arana (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) idazleak, euskaraz zein esperantoz, aldi berean.

Lidiaren betaurrekoak da zure azken lana. Pozik al zaude emaitzarekin?

Liburu bat argitaratzea beti da pozgarria, baina Lidiaren betaurrekoak lanarekin gertatzen dena da Polonian ere argitaratu dela euskarazko bertsioarekin batera, aldi berean. Niretzako hori oso albiste garrantzitsua bezain pozgarria da, oso gutxitan gertatzen delako itzulpen bat jatorrizkoarekin batera argitaratzea, eta kasu honetan, gainera, Polonian.

Euskaraz idatzi duzu, eta ondoren, esperantora itzuli. Hori da Polonian plazaratu dena, ezta?

Hori da. Nazioartean hainbat argitaletxek argitaratzen du esperantoz: Brasilen, Amsterdamen... Lagun baten bidez, Poloniako Ars Libris argitaletxearen berri izan nuen, eta haiek interesatuta agertu ziren Lidia Zamenhofi buruz idatzi nuelako, hura poloniarra zelako. Esperantozko itzulpena bidali nien, eta bi astera erantzun zidaten esanez udan argitaratu nahiko luketela. Eta halaxe izan da, abuztuan argitaratu zuten liburua.

Euskal Herrian eta Lidiaren sorterrian aldi berean argitaratzeak zer esan nahi du zuretzat?

Ilusio handia egin dit, egia esan. Idazle batentzat poz handiagorik ez dagoela uste dut. Batzuetan ematen zuen esperantozko bertsioak lehenago atera behar zuela euskarazkoak baino. 22 urte nituenetik esperantista naizenez, Zamenhof familiaren berri banuen. Betidanik izan dut, izan ere, haiek izan ziren esperantoaren sortzaileak. Lidiaren aita (Ludwik Lejzer Zamenhof) izan zen izatez esperantoa sortu zuena. Hizkuntza hori ikasten duen edonork izaten du zamenhoftarren berri, eta, beraz, niretzat oso bizipen zirraragarria izan da. Jakin banekien, gainera, Lidia naziek hil zutela esperantista, bakezalea eta judua izan zelako. Naziak zamenhoftarren atzetik ibili ziren Bigarren Mundu Gerran zehar, eta familia osoa suntsitu nahi izan zuten esperantoa sortu zutelako.

"Naziek Zamenhof familia suntsitu nahi zuten esperantoa sortu zutelako"

 

"Lidiaren pentsaera jaso, bildu eta ongi barneratu ostean idatzi dut nobela"

Zergatik, baina?

Azken finean, esperantoa bakearen ikurra da, herrien arteko berdintasuna hizkuntzaren bidez lortu nahi duena. Hori hala izanik, naziek oso gogor jo zuten haien aurka, eta ia denak hil zituzten. Lidia ez zen salbatu, Treblinkako (Alemania) kontzentrazio gunean hil zuten 38 urte zituela, baina haren iloba bat bizirik atera zen. Iloba hark bi alaba izan zituen, eta alaba horietako bat bizirik dago, Margaret izenekoa. Txileko lagun esperantista baten bidez, Margaretekin harremanetan jartzeko aukera izan nuen, eta oraindik liburua argitaratu gabea zela, esperantozko bertsioa bidali nion. Hark erantzun zidan asko gustatu zitzaiola nola nobelaratu nuen bere aitaren izebaren bizitza. Zamenhoftarrek badakite Polonian liburu hau argitaratu dela, eta ilusio handia egin die horrek. Zentzu horretan, esperientzia zirraragarria izan da familiarekin harremanetan jartzea, Lidiaren berri ematea nobelaren bidez, eta hori Polonian zein Euskal Herrian zabaldu ahal izatea. Oso pozgarria da.

Familiaren oniritzia jasotzeak balio erantsia izango du, ezta?

Bai, hala da. Gainera, Margareti hitzaurre txiki bat eskatu nion, zamenhoftar baten hitzek asko aberastuko luketelako liburua. Eta halaxe egin zuen. Liburuaren bi bertsioetan, euskarazkoan zein esperantozkoan, haren hitzaurretxoa txertatu dut.

Edonola ere, idatzi duzuna Lidia Zamenhofen bizitza da, nobelara eramanda. Zer du biografiatik eta zer fikziotik?

Liburuan jasotzen dudanaren %85 errealitatea da. Zorionez, Lidia oso idazle ona izan zen, eta oso esperantista sutsua izan zenez, esperantozko klaseak ematen zituen nazioartean eta jende ugari ezagutzen zuen; ondorioz, gutun asko utzi zituen. Itzulpen garrantzitsuak egin zituen esperantora; esaterako, Quo Vais?. Zorionez, haren idatzien bitartez, haren pentsaera oso ongi jasota dago gutunetan eta artikuluetan. Orduan, nik egin dudana izan da dokumentazio lan handia, eta Lidiaren pentsaera jaso, bildu eta ongi barneratu ostean, nobela bat idatzi horren guztiaren berri emanez.

Nola dago egituratuta?

Lidiaren bizitzaren eta ekintzen berri ematen duten kapituluekin batera, Adolf Hitler ere ageri da. Lidiak eta Hitlerrek ez zuten elkar ezagutu, baina zamenhoftar ia denak nazien ekintzen erruz hil ziren, eta, gainera, Hitlerrek berak aipatzen du esperantoaren eta zamenhoftarren aurka egiteko nahia. Lehen kapitulua Lidiari buruzkoa da, bigarrena Hitlerri buruzkoa, hirugarrena Lidiari buruzkoa, eta horrela txandakatuta egituratu dut liburua. Azken batean, horrek erakusten du garai berean bizitako bi pertsonak zer-nolako ekintza ezberdinak gara ditzaketen: batak, antisemitismoak bultzatuta, odolkeriarik nazkagarrienak eta krudelenak egin zituen bere burua zurituz; eta besteak, berriz, beti bakearen alde, esperantoa sustatu zuen, herrien berdintasuna bilatu nahian. Bi pertsonaiak kontrajarrita daude, eta uste dut horrela hobeto islatzen direla bataren astakeriak eta bestearen garrantzia.

Aipatu familia agian gutxi entzuna da Euskal Herrian. Zentzu horretan, gizartea nolabait ere zorretan al dago?

Euskal Herrian, zoritxarrez, oso gutxi informatzen da esperantoari buruz. Herrialde batzuetan oso ezaguna da, eta ikastetxeetan irakasten da: Hungarian, Brasilen, Mexikon, Japonian eta abar. Pena da gurean horren gutxi hitz egitea hizkuntza honi buruz. Egia da gizateriak zor handia diola Zamenhof aitari, esperantoaren sortzaileari. Hizkuntza honen helburua da beste inongo herri batek bere hizkuntza inposatu gabe, horrek dakartzan kultur galerekin, denok esperantoa erabiltzea bigarren hizkuntza bezala harremanetarako. Sortu zenetik ideala hori da, eta horrek nazioarteko bakegintzan lagunduko luke, baina oraindik ere lortu ez den helburua da, estatu ahaltsuenek beti ahalegina egin dutelako historian zehar beren hizkuntza inposatzeko.

Erantzun bikaina esperantozko bertsioak

Aitor Aranak oraindik ez du esku artean hitzordurik liburua Polonia aldean aurkezteko. Aitzitik, aditzera eman du esperantozko bertsioak erantzun "oso ona" izan duela jada. Esperantisten arteko nazioarteko kongresu nagusia urtero egiten dute, eta aurten Turinen (Italia) izan da abuztuan. "Zorionez, liburua argitaratuta zegoen, eta hainbat ale eraman zituzten argitaletxekoek. Bada, lehen egunerako dena agortu zen. Hori sekulakoa izan zen", azaldu du idazleak pozarren. Orain, liburua ezagutzera ematen ari da Euskal Herrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide