Amatasunez aritzeko plaza

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 6a, 09:46

Azpeitiko Amen Sareko kideak, Emakumeen Txokoaren atarian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Emaginen Kale edo bale, ahaidetasun feministetara jardunaldien barruko lehen mintegia izango da bihar Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Amatasunen "ondoezez eta erresistentziez" arituko dira. Azpeitiko Amen Sareko kideek ere parte hartuko dute, haien esperientziak kontatzeko. Jardunaldia irekia izango da. 

Iaz egindako (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiei jarraipena emateko, Kale edo bale, ahaidetasun feministetara jardunaldiak antolatu ditu Emagin formazio eta ikerketa feminista elkarteak aurtengo udazkenerako. Hain zuzen, ahaidetasunen, gurasotasunen eta amatasunen gainean hausnartzeko hiru mintegi egingo dituzte, eta aurreneko saioa bihar izango da, AzpeitikoEmakumeen Txokoan. Lehen mintegi horretan, "amatasunen ondoezez etaerresistentziez" arituko dira.

Baina, nondik dator auzi horietan sakontzeko ideia? Ainara Santamaria Emagineko kideak azaldu duenez, "behar" batetik abiatuta ekin zioten hausarketari: “Iazko azaroan (Ez) amatasunen inguruko jardunaldi feministak egin genituen, aurrez horiek antolatzeko beharra identifikatuta geneukalako.  Jabetuta ginen amatasunari lotutako eztabaidetan gizonen ausentziari edo umeen heziketari buruzko hausnarketetan amaitzen genuela. Ohartu ginen askoz gehiago kostatzen zitzaigula amatasunen edo ez amatasunen esperientziak emakumeoi nola zeharkatzen gaituztenari buruz hitz egitea .Hori dela eta, plaza bat sortu nahi izan genuen, amankomunean egon ahal diren diskurtsoak batera elkarrizketan ipintzeko, eta emakumeon ikuspegi horietatik ez amatasunaren inguruan eztabaidatzeko".

Aurten, ordea, (ez) amatasunetatik harago joan, eta 2ahaidetasun feministak2 jarri dituzte erdigunean. “Iruditzen zitzaigun edukian ez ezik izenean ere eman behar genuela saltoa. Donostiako jardunaldietan bizitakoa ikusi ostean, identifikatu genuen gaia ama ikuspegitik soilik lantzeak ez duela zentzurik, eta zabaldu behar genuela hausnarketarako plaza, sortu behar genituela ahaidetasunak eta senidetasunak”, azaldu du Santamariak.

Amatasunetatik ahaidetasunetara

Donostiako jardunaldietan "hamabi korapilo" identifikatu zituzten, eta korapilo horiei  "aterabidea" nola eman hausnartzeari ekin zioten. Ateratako ondorio horietatik abiatu dira aurtengo jardunaldiak prestatzeko. "Hamabi korapilo horietaz lantaldeetan eztabaidatu ostean, ondorioztatu zen amatasunen esperientzia ondoezez beteta dagoela sarri, baita indarkeriari lotuta ere; hor kokatzen da indarkeria obstretikoa. Beraz. hausnarketa horretan dute abiapuntua aztertuko ditugun ondoezek eta erresistentziek".

Amatasunaren aterkipean askotariko esperientziak jazotzen dira, baina Emaginen iritziz, horietako askori ez zaie ikusgarritasunik eman, ez orain urte batzuk, ezta gaur egun ere. "Ikusten genuen amatasunaz hitz egiten genuenean amatasun konkretu bat bizi dutenez hitz egiten zela askotan, hau da, biologikoki ama izan direnez. Guk, ordea, ikusten genuen amatasunaren esperientziak askotariko bizipenak jasotzen dituela; izan bilogikoki izan direnak, adopzioan haurra hartu dutenak, amatasun transnazionalak, ama izan nahi baina lortu ez dutenak, ama ez izatea erabaki dutenak… Nolabait badaudela esperientzia pila bat amatasunaren aterki azpian, baina bigarren mailan gelditutakoak. Helburua zen abaniko hori zabaltzea eta pixka bat ardatza emakumeon bizi esperientzia horietan kokatzea, eta eztabaidatzea nola zeharkatu gaituen horrek". Emagineko kideak aipatu duenez, "Euskal Herriko mugimendu feministan ere gai honek azken hamarkadetan intzidentzia gutxi" izan du, eta gehitu du hori ikusi zela Durangoko Salda Badago jardunaldi feministetan. "Durangoko Salda Badago jardunaldietan hasiera batean ez zegoen amatasunak hizpide izango zituen hitzordurik edo solasaldirik, baina azken unean antolatu zen tailer bat, eta oso harrera ona izan zuen. Jende asko joan zen, eta horrek adierazi zuen mugimendu feminista ez zegoela gai honi begira, baina bazegoela beharra. Beraz, hortik abiatuta ekin genion jardunari".

Minak eta aukerak

Biharko jardunaldian, ikuspuntu desberdinetatik landuko dituzte amatasunaren erresistentziak. 09:00etan irekiko dituzte ateak eta 9:45ean gaur egungo mugez eta ezinegonez ariko dira. Alde batetik, Silvia Agüerok amatasun ijitoen inguruan nahiz indarkeria obstetrikoaz hitz egingo du. Emagineko kideek azaldu dutenez, "ama ijito izateak zer suposatzen duen eta eremu horretan topatzen dituzten erresistentziak" izango ditu mintzagai Agüerok, baita amatasun ijitoaren bueltan dagoen izaera komunitarioak eskaintzen dituen heldulekuez ere. "Hark erditze gogorra izan zuen, eta horregatik ekarriko du gurera indarkeria obstetrikoaren gaia”. Ondoren, mahai ingurua izango da Parean elkarteko kideen eta Natalia Gardeazabalen eskutik. Parean elkarteko kideek Atsolorra proiektuan ikertu du gaur egungo ama desberdinen iritzia zein den. Bertan ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte. Natalia, aldiz, ama bollera bat da, in vitro politikak legeztatzen hasi zirenean ama izatea erabaki zuena.  Nataliak genero disidentziatik eta amatasuna beste leku batetik ezagututa topatu dituen heldulekuez eta erresistentziez arituko da". Ondoren, 12:15ean hasita, "minak sendatzeko gakoez" arituko dira Azpeitiko Amen Sareko kideak. Haiek beraien esperientzia izango dute mintzagai. Plax! sexu aholkularitza zerbitzuak gidatutako Erditu ondoren, zer? egitasmoak batu zituen ama izan ziren bederatzi emakume azpeitiar. Beren bizipenetatik abiatuta, haurdunaldiak, erditzeak nahiz haren ondorenak utzitako aldartea aztertu eta landu zuten; barrura begira jarrita, bizitakoa kanpora ateratzeko. 

Interesa duen edonor bertara daiteke mintegira, irekia izango baita: "Ez dago zertan ama izan behar jardunaldietan parte hartzeko; ahal zara amatasunera iritsi ezinetik edo ukaziotik. Gure helburua da hausnarketarako plaza komunaren ideia sortzea eta zabaltzea".

Beste bi mintegik osatuko dute Kale edo bale, ahaidetasun feministetara jardunaldia. Urriaren 21ean Zumaiako Emakumeon* Etxean, "ahaidetasunen fikzio eta utopiak" jorratuko dituzte. Ama ta Asunak erakusketa, dokumentala eta solasaldia izango dira June Baonzarekin, eta gero mahai-ingurua Jule Goikoetxea, Elixabete Imaz eta Danele Sarriugarterekin. Azaroaren 18an izango da Emagin elkartearen hirugarren mintegia, Errenteriako (Gipuzkoa) Emakumeen Etxean. "Absentziak eta eraldaketak" landuko dituzte hiru ikuspegitatik. Aitatasunez ariko da Asier Arizkorreta, espazioen diseinuaz Ula Iruretagoiena, eta politika instituzionalez Oihana Etxebarrieta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide