Behien gaixotasun hemorragiko epizootikoaren (GHE) eragina azkar hedatu da Gipuzkoako ukuiluetan, eta ganaduzaleek kezkaz bizi dute egoera; izan ere, ganaduetan eragin zuzena du gaitzak, eta abelburuak hil edo haiengan kalteak eragiten ditu gaixotasun hemorragiko epizootikoak. Urola Kostako hainbat ganadutegitan ere antzeman dituzte gaitzaren eraginak. Gaixotasunaz eta hori eragiten ari den kalteez nahiz erakundeekin izandako batzarren inguruan hitz egiteko batzarra egin zuten hainbat ganaduzale eta baserritarrek atzo arratsaldean Lurgintzaren Azpeitiko egoitzan. Gipuzkoako EHNEk deitutako bilkura izan zen atzokoa, eta Garikoitz Nazabal EHNEko Gipuzkoako presidenteak eman zituen azalpenak.
Behien gaixotasun hemorragiko epizootikoaren inguruan EHNEk deituta egin duten bigarren batzarra izan zen atzokoa; lehenengoa irailaren 30ean egin zuten. Atzo Nazabalek azaldu zuenez gaitzak eragina izan du Gipuzkoako hainbat ustiategitan, eta oraindik ere kasuak han eta hemen azaltzen ari dira. COAG-ekin (Espainiako Nekazarien eta Abeltzainen Elkartea) gaitzaren inguruko batzar bat izan dutela azaldu zuen Nazabalek atzokoan. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundian behien gaixotasunaren auziaz izandako bileraren berri eman zuen, eta aldundia gaixotasunak eragindako kalte ordainak ganaduzaleen artean nola banatu aztertzen ari dela adierazi zuen Nazabalek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 890 kasu baino gehiago zenbatu ditu orain arte, lurraldeko 315 ukuilutan. Gaixotasunagatik hildako eta sakrifikatutako abelburuak ere ohi baino gehiago dira.