Oier Etxeberria: "Kirolak lehiakortasunak baino leku gehiago dauka nire bizitzan"

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 11a, 15:00

Bertsolaria ez ezik, kirolzalea da Oier Etxeberria (Azpeitia, 1997), eta hainbat lasterketa egin ditu aurten. Joan zen astean Cabralesko hiru bertikalen lasterketa irabazi zuen.

Cabralesko (Espainia) hiru bertikalen lasterketa irabazi duzu. Bi egunetan hiru igoera bertikal egitean datza proba. Espero al zenuen garaipena? 

Egia esan, ez. Proba arraroa da, ez baita ohikoa bi egunetan hiru lasterketa bertikal egitea, baina probatu egin nahi nuen, eta horretara joan nintzen; irabaztera baino, proba ikustera eta ezagutzera. Dena den, ez ginen parte hartzaile asko.

Aurrez mendiko igoera bertikaletan aritutakoa al zara?

Bai, ugari egin izan ditut. Asko atsegin dudan modalitatea da, eta gehienbat horiek egiten saiatzen naiz. Esango nuke igoera bertikalak direla gehien atsegin ditudan probak.

Lasterka eta bizikletan ere ibili zara azken hilabeteotan. Leku handia al du kirolak zure bizitzan?

Bai, baina boladaren arabera, gehiago edo gutxiago. Uste dut kirolak lehiakortasunak baino leku gehiago duela nire bizitzan. Gustatzen zait kirola egitea, eta ariketa fisikoari eskaintzen diot bere denbora. Bizikletan, lasterka eta mendian ibiltzen naiz batez ere. Eguraldiaren arabera ere moldatzen dut joera. Eguraldi ona egiten duenean, bizikletan aritzen naiz gehienbat, eta bestela, lasterka. Mendira ere sarri joaten naiz, oinez nahiz korrika.

Noiz eta nolatan hasi zinen kirol munduan murgiltzen?

Aspaldi. Txikia nintzela futbolean aritzen nintzen, baina gerora, utzi egin nuen. Duela urte batzuk, 20 urterekin edo, hasi nintzen nire kabuz kirola egiten, eta ordutik gaur arte jardun dut.

Ba al duzu lasterketarik edo probarik jopuntuan?

Oraingoz, ez. Dagoeneko amaitu da mendi lasterketen eta igoeren denboraldia; irailera bitarte izaten dira proba gehienak. Beraz, orain atseden hartzeko garaia da. Dena den, errepideko probaren bat edo beste egingo dut, baina ez naiz bereziki prestatuko.

Azken boladan nabarmen egin du gora mendi lasterketetarako joerak. Zer iritzi duzu?

Hausnartu izan dut gaiaz. Mendian ibiltzeak ematen du horretarako aukera. Badirudi orain jende askok parte hartzen duela mendi lasterketetan. Domusa Teknik 40 MLK probarekin puripurian dago gaia, baina lasterketena ez da gauza berria. Azpeitian duela urte batzuk Zuzenien igoera bertikala eta Izarraizko Mendi Lasterketa egiten ziren, baina orain ez dira ez bata, ez bestea, egiten. Kontua da orain beste mota bateko lasterketek hartu dutela protagonismoa, lasterketa luzeek, esfortzu ikaragarria eskatzen dutenek, nolabait. Horrek zer pentsatua ematen du.

Kirolaria ez ezik, bertsolaria ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi zaletasunak?

Bietan erdizka arituta [barrez]. Lanetik kanpoko orduetan aritzen naiz bietan, ahal dudan beste, baina inoiz ez nahi beste. Hori bai, nik ez dut entrenatzailerik ez bertsotan, ez kirolean.

Aurrerantzean ere bi egitekoetan ikusiko al zaitu jendeak?

Ez dakit ikusiko nauten, baina bertsoak sortzen nahiz kirolean arituko naiz. Hala ere, ibiltzetik ikustera badago koska. Gainera, asko ikusten banaute, jendea nitaz aspertuko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide