Mundu hobea eraikitzea ez da egiteko erraza, eta gaur egungo testuingurua ikusita, are da zailagoa. Hala ere, badira era batera edo bestera lagundu asmo duten Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) eta horiei laguntza ematen dieten bestelako instituzioak. Azpeitiko Udalak urteak daramatza askotariko kooperazio proiektuak diruz laguntzen, horretara bideratuta duen diru lerro baten bitartez. Urteotan, munduko hainbat txokotako proiektuak sustatu dituzte, hala nola Nikaraguan, Saharan, Swazilandian, Mexikon, El Salvadorren eta Ruandan.
Lehen norbanakoek ere eska zitzaketen kooperaziorako diru laguntzak, baina orain ezinbestekoa da horiek GKEen bitartez bideratzea. Iñaki Lizasok Behar Bidasoa elkartearekin egiten du lan Ruandan; Miren Odriozolak Pro-Vidarekin El Salvadorren eta Aitor Zinkunegik, leku berean, Fundabrilekin. Besteak beste, etxetxoak egiteko, emakumeen osasunerako nahiz memoria historikoa hedatzeko proiektuak dira azpeitiarrek sustatzen dituztenak.
Bizilekuak
Behar Bidasoa elkartea
Lurraldeei kendutako baliabideak itzultzea. Hori da Behar Bidasoa erakundearen leloa eta helburua. Munduko hainbat txokotan laguntzen du Behar Bidasoak garapen proiektuen bitartez, baina Iñaki Lizasok Ruandako proiektua babesten du Azpeititik. Kabugako biztanleen oinarrizko beharrak hobetzeko egiten du lan. Jasotzen duten dirua etxetxoak egitera bideratzen dute.
"Kabugako eta inguruko familiek aukera oso txikia dute gutxieneko bizigarritasun baldintzak dituen etxebizitza bat eskuratzeko. Gehienak buztinezko eta lastozko txaboletan bizi dira, leihorik gabe, eguraldiaren mende eta emakumearentzat inolako babesik gabe". Ur hornidura bermatzen ere saiatzen dira. Egoera aldatu dela dio Lizasok: "Guztira, 300 etxetxo inguru egin dira GKEtik bideratutako diruarekin. Gainera, hogei pertsona ingururi lana ematen zaie eraikuntzan, eta modu horretan, familiek lana eta diru iturria dituzte". Behar Bidasoak azken urteotan gauza asko lortu dituela dio: "Errepideak eta oinezko bideak berritu dira; zubiak eraiki dira, ibaiak igaro ahal izateko; askotariko tailerrak eskaini dira; emakumeek sortu duten nekazal kooperatibaren azokako eraikina altxatu da; abereak erosteko mikrokredituak lortu dira; emakumeen formakuntza bultzatu da; ura bideratu dute herritik zortzi kilometrora dagoen sorburu batetik, eta egunero 300 haurrentzako gosariak eskaintzen dira".
Proiektuari "jarraipen zuzena" egiten diotela kontatu du Lizasok: "Oso zorrotzak dira diru laguntzen justifikazioak. Beraz, guzti-guztia argi eta garbi azaldu beharra dago. Gure kasuan, harremana zuzena da, koinata baita Ruandako kooperazio proiektuko arduraduna". Diru laguntzak garrantzitsuak al diren galdetuta, azpeitiarrak dio haien egitekoa dela bertako jendeari kendutakoa itzultzea: "Guk esaten dugu gure helburua dela haiei dagokiena itzultzea. Hau da, lurralde horiei itzultzea gure ongizateagatik kendu zaiena. Beraz, ahal den heinean horretan jarraituko dugu".
Ahalduntzea
Pro-vida eta El Salvador Elkartasuna elkarteak
El Salvadorko CabanĚas eskualdeko Tejutepekeneko hamar komunitateetako emakumeei prebentzio bidez euren osasun sexualean eta ugalketa eskubideetan laguntzea eta horiek ahalduntzea. Hori da Miren Odriozola kide den El Salvador Elkartasuna elkartearen eta Pro-vida GKEaren xedea.
Pro-vidak El Salvador Elkartasunaren bitartez jasotzen du diru laguntza, eta askotariko egitasmoetara bideratzen dute jasotakoa. "Esaterako, ehunka emakumeri zitologiak eta bularreko azterketak egiten dizkiete eta emakumeen ospitaleratzeak kudeatzen dituzte; izan ere, oso handia da umetokiko edo bularreko minbizia duten emakumeen zenbatekoa. Hango biztanleen gehiengoak ez du baliabiderik horretarako. Era berean, abusu eta esplotazio sexualaren aurkako lanketa prebentiboa egiten da".
Odriozolak urteak daramatza Pro-vidarekin elkarlanean, norbanako bezala aurrena, eta GKEaren bitartez gero. Gertutik ezagutu zuen haien egitekoa, El Salvadorko gerra amaitu ostean han egon baitzen lanean bi urtez. Duela hamabost urte inguru hasi zen Odriozola kooperazio lanetan, eta aurrena Fundabrilekin aritu zen arren, Pro-vidaren proiektuak laguntzen daramatza azken hamalau urteak. Hark dio elkartearen lana ez dela "altruismoan eta paternalismoan" oinarritzen, ez dela "eman eta kito". "Jendearen kontzientzietan eragitea eta garapenerako tresnak ematea ere bada gure helburua, bertako emakumeak ahaldundu eta beren kabuz gauzak egin ditzaten. Matxismoaz eta beren kabuz gauzak egiteko gai direla jabetuta, hainbat emakume hasi dira elikagaien kooperatiba txikiak sortzen, artisau lanak egiten... eta horrela bizi kalitatea hobetzen", dio.
"Gertuko harremana" dute elkarteko kideekin, eta urtero joaten dira hara bisitan. 2023ko proiektua otsailean amaitu zuten, eta udalak 15.000 eurorekin lagundu du egitasmoa.
Kultur Etxea
Fundabril eta Mubike elkarteak
Giza eskubideen eta memoriaren alde lan egitea. Horixe da El Salvadorko Fundabril edo 1 de abril GKEaren helburua, eta hori sustatzen du Aitor Zinkunegik Mubike kooperazio elkartearen bitartez.
Hamar urte daramatza Zinkunegik Fundabrilekin lanean, norbanako bezala aurrena, eta Mubikerekin ondoren. Orduz geroztik askotariko egitasmoak bultzatu dituzte. "Fundabrilek El Salvadorko gerra zibilari lotutako memoria historikoa lantzen du, 70-80ko hamarkadetan oinarritutakoa. Horretarako, askotariko egitasmoak garatzen ditu, batzuk materialak eta beste batzuk formakuntzara bideratutakoak. Esaterako, zenbait urtetan artxibo grafikoa osatzeko lanean aritu dira, argazkiak biltzen, digitalizatzen, monumentu memorialak eraikitzen, sarraskiak jazo ziren lekuetara bisita gidatuak egiten... Azken lau urteetan, ordea, Memoriaren eta Bakearen Kultur Etxea garatzen aritu dira, eta dagoeneko laugarren fasean gaude. Bertan, askotariko formakuntza saioak egiten dituzte gazteekin, haiei prestakuntza eskaintzeko", azaldu du Zinkunegik.
Hark kontatu duenez, memoriaren berreskuratzeak eta gizarteratzeak erakutsi du badagoela belaunaldi arrakala bat, eta gazteekin lan egitearen beharraz jabetu dira. Beraz, horretan dabiltza orain. "Gaur egungo gazteei gerra zibilaz eta garai hartako biolentziaz hitz egitean, ikusten da haiek urrun bizi dutela hori; izan ere, biolentzia egon badago gaur egun El Salvadorren, eta kalean ikusten dute ia egunero. Beraz, bi aldeetaranzko transmisioa egitea da asmoa, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urratsak egiteko".
Kultur Etxearen aurreko faseek izandako "harrera ona" eta El Salvadorren egun bizi duten egoera sozipolitikoa ikusita, lanean jarraitzen du Fundabrilek. "Askatasun demokratikoak gero eta gehiago murrizten dira han, eta gazteak beren eskubideez jakitun izatea eta haiek gaitasun kritiko eta proaktiboa izatea beharrezkoa da", azaldu du Zinkunegik.