Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Azpeitiko Udalak 12.511.244 euro jasoko ditu Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik (UFFF), iazko urtearen bukaeran aurreikusitakoa baino 28.386 euro gehiago, eta iaz jasotakoa baino %5,1 gehiago. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak atzo arratsaldean Gipuzkoako Finantza Kontseiluan jakitera eman zuenez, foru funtsak 610 milioi euroko zuzkidura izango du 2023. urtean, aurreikusitakoa baino 1,4 milioi euro gehiago; alegia, diru kopuru hori gehiago jasoko dute Gipuzkoako udalek aurten. Izan ere, zerga bilketan uste baino diru gehiago bildu du aldundiak.
Datorren urtean, berriz, 651 milioi euro izango ditu UFFFk. "Bai aurtengoa, bai datorren urterako aurreikuspen berria, inoizko foru funtsik handienak dira. Gainera, 2024an, funtsaren zuzkidura lehenengo aldiz izango da 650 milioi eurotik gorakoa", jakinarazi zuen aldundiak. "Horrela, udalek baliabide gehiago izango dituzte egoera ekonomikoari aurre egiten jarrai dezaten", nabarmendu zuen Peronak. Hori horrela, aldundiaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean 13.360.416 euro jasoko lituzke Azpeitiko Udalak, aurten baino %6,79 gehiago.
Azpeitiko Udalak bakarrik ez, Urola Kostako eta Gipuzkoako gainontzeko udal guztiek ere aurreikusitakoa baino diru gehiago jasoko dute aurten. Beizamak izango du igoera txikiena, iaz baino %0,61 gehiago jasoko du, baina bestalde, eskualdean berak jasotzen du diru gehien biztanleko (1.482 euro). Igoera handiena, berriz, Azpeitiak eta Aizarnazabalek izango dute, %5,11 eta %5,37, hurrenez hurren. Gainerako udalek %3,5 eta %4 inguru gehiago jasoko dute, Errezilek izan ezik (%2,68koa izango da igoera han).
Aldundiak datu gehiago ere eman ditu herriz herri: besteak beste, 2022ko likidazioa zenbatekoa izan zen, eta biztanleko zenbat euro jasotzen duen herri bakoitzak. Beheko taulan daude ikusgai zenbakiok.
Udala | Likidazioa 2022 |
Aurrekontua 2023 |
Itxiera aurreikus. | Betetze maila | Aldakuntza 2023/2022 |
Biztanleko euroak | 2024rako aurreikuspena |
Aia | 1.606.040 | 1.657.605 | 1.661.374 | %100,23 | %3,45 | 793 | 1.830.182 (+%10,16) |
Aizarnazabal | 657.353 | 691.081 | 692.653 | %100,23 | %5,37 | 895 | 718.780 (+%3,77) |
Azkoitia | 9.196.811 | 9.562.930 | 9.584.677 | %100,23 | %4,22 | 825 | 10.206.851 (+%6,49) |
Azpeitia | 11.903.486 | 12.482.858 | 12.511.244 | %100,23 | %5,11 | 826 | 13.360.416 (+%6,79) |
Beizama | 200.365 | 201.129 | 201.586 | %100,23 | %0,61 | 1.482 | 202.816 (+%0,61) |
Errezil | 516.465 | 529.078 | 530.281 | %100,23 | %2,68 | 939 | 553.849 (+%4,44) |
Getaria | 2.197.838 | 2.279.866 | 2.285.050 | %100,23 | %3,97 | 809 |
2.465.235 (+%7,89) |
Orio | 4.781.071 | 4.966.069 | 4.977.362 | %100,23 | %4,11 | 821 | 5.289. 177 (+%7,89) |
Zarautz | 18.283.418 | 18.884.335 | 18.927.279 | %100,23 | %3,52 | 819 | 20.121.888 (+%6,31) |
Zestoa | 2.992.455 | 3.091.846 | 3.098.877 | %100,23 | %3,56 | 826 | 3.298.853 (+%6,45) |
Zumaia | 7.902.679 | 8.226.708 | 8.245.416 | %100,23 | %4,34 | 812 | 8.927.720 (+%8,27) |
*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.