'Insuladas', Formenteratik Azpeitira

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 18a, 09:35

Irene Larrañagaren argazki erakusketa atzo ireki zuten Foru Ibilbideko udal aretoan eta urriaren 31 arte egongo da han ikusgai. Negu bukaeran Donostiako Aquariumean hasitako bidearen hirugarren pausalekua du azpeitiarrak bakarrik bizi diren emakumeen irudien bueltan osatu duen erakusketak. Balearretako Formenteratik dator, proiektuaren sorburutik Larrañagaren jaioterrira.

Irene Larrañaga azpeitiarrak etxekoez eta lagunez inguratuta ireki zuen atzo arratsean Insuladas Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Bakarrik bizi diren emakumeen irudiak daude kazetari eta argazkilari azpeitiarraren argazki erakusketaren oinarrian. Joan den negu bukaeran Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan estreinatu zuen Larrañagak Insuladas erakusketa; haren haritik, martxoko Uztarria aldizkariko elkarrizketa honetan azaldu zituen erakusketaren eta proiektuaren nondik norakoak.

Balearretako Formentera uhartekoak (Herrialde Katalanak) dira erakusketan ageri diren emakumeak zein erakusketa osatzen duten gainerako irudiak –paisaiak, objektuak...–, eta Formenteran bertan 21 egunez erakutsi dute Insuladas, joan den irailean. "Emozioz beteriko esperientzia" izan da Formenterako erakusketa Larrañagarentzat, proiektuaren emaitzaren zati bat protagonistekin, Formenterako emakumeekin, "konpartitzeko aukera" izan duelako. Horrek "urduritasun puntu bat" eragiten ziola aitortu du azpeitiarrak, baina gustura dago jasotako harrerarekin: "Askok negar egin dute beren burua ikusterakoan, emozionatu egin dira, oso eskertuta. Beraiek oso gustura sentitu dira, eta ni ere bai, noski. Gainera, emakume gehiago ezagutzeko aukera izan dut bertan. Izan ere, 1.500 pertsona igaro ziren erakusketa aretotik". Insuladas jaio zen irlan eta proiektuari berari esker "zubi asko eraiki" ditu Larrañagak, "oso bertakoa" sentitzeraino.

Azpeitikoa, beraz, erakusketaren hirugarren pausalekua da. Proiektuaren sorburutik, egilearen jaioterrira egin du jauzi Insuladasek. Larrañagarentzat, erakusketaren "esperientzia positiboena jendearekin konpartitzeko aukera" izatea da, eta Azpeitian ere hala izatea nahi luke, egunotan Foru Ibilbideko aretora joaten direnekin "proiektua konpartitzeko prest" dago bera. Urriaren 31 bitartean izango du irekita erakusketa Azpeitian, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Proiektu mardularen printzak

Erakusketara joaten direnek Insuladasen zati bat, printza batzuk, ikusiko dituzte paretetan zintzilik, berez proiektu mardulagoa baita Larrañagarena. 4.500 argazki eta erretratatu dituen emakumeen testigantzak jaso ditu orain arte Larrañagak, eta gehiago jasotzea baztertu gabe, ez baita itxita dagoen proiektu bat Insuladas. irenelarranaga.com webgunean dauzka jasota horietako asko, argazkiak zein testigantza zatitxoak; erakusketan eskaintzen dituenak baino askoz gehiago, "baina ez denak", halere. Erakusketaren sarreran, webgune horren helbidea eta Insuladasen eduki osatuagorako sarbidea eskaintzen duen QR kode bat topatuko dituzte bisitariek.

Proiektu osoa liburu batean jasotzea da Larrañagaren helburua, asmo horrekin hasi baitzen proiektua lantzen. Ez daki liburu hori noiz iritsiko den, baina izango denaren maketa bat ere ikus daiteke erakusketan. "Paretetan bost emakume bakarrik daude, eta emakume gehiago daude liburua izango den horren lehendabiziko maketan". Liburua osatzeak "denbora eta lana" eskatzen dituu, eta Insuladas eta argazkilaritza azpeitiarraren "pasioa" dira, baina ez lanbidea.

"Proiektua irekita" dagoela nabarmendu du Larrañagak: "Orain Insuladas da, baina beti dago hor proiektua Euskal Herrian berreskuratzeko ideia, eta azpeitiar insuladek nahi badute egun hauetan erakusketara etorri eta elkar ezagutzea, auskalo. Berez, lehendabiziko insuladak azpeitiarrak izan ziren, amaren lagunak". Horiek ere izan ziren atzo, Azpeitiko erakusketa estreinatzen.

Bitartean, Insuladas erakusketak bidea egiten jarraituko du. Datorren urtean, Donostiara itzuliko da birritan Larrañagaren erakusketa: EHUren Donostiako campuseko Txillardegi aretoan jarriko dute martxoan; eta ekain-uztailean, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide